Orotarik | 2026ko Martxoaren 12a

Kukumarro

Xarles Videgain

Hiltzea, kalitzea... eta sohatsi

Hiltzen naiz eta hiltzen dut. Euskaraz, Zuberotik kanpo hitz bat baizik ez dugu erabiltzen norbaitek bizia galtzen duelarik. Diferentzia egiten da gramatikaren aldetik, da edo du emanez, naiz edo dut. Nik ez dut berdin hartzen “hil behar naiz” erraitea eta “hil behar dut”. Lehenbizikoan, ene buruaz ari naiz eta ez naiz hiltzaile. Bigarrenean beste norbaitez ari naiz eta hiltzaile gai naiz. Zuberotarrez bi hitz badaude komunzki aipatzen direnak: “hiltzen da” erran eta aldiz “eho dü”. Dündak edo aidegaixtoak hil duen kabala builtrek ez omen dute berehala jaten. Eho diote kabala ez baita bere baitarik hil.

Nola bizi hala hil zioten zaharrek Hil ala bizi izan zen bere denboran marka izan zen Daniel Landartek idatzi antzerkia. Hiltzen dut sua, telebista, autoa edo pizten dut. Oihenart kopiatuz erran nezake: Putzak kandela pizten du edo hiltzen? Eta “sortuz gero denek zor dugu hiltzea”.

Guziz hil gabe ere, zerbait baretzen edo hertzen delarik hiltzen dela erraiteko usaia bada. Goseti batek aipa lezake: nik gosearen hiltzeko zikiro hanitz dizit erho. Preseski norbait zalu jaten ari delarik hil itoka ari dela aipu da. Egarria ere hiltzen da urez edo arnoz.

Edota erranen dut, mendian eroririk, zakuak ukaldia hil zuela, hots indarra kendu ziola eta ez naizela “biziki” minartu. Beraz hiltzeak badu erranahi bat baino haboro.

Eta zerbait bizi-bizi ez bada bistan da hila dela, hala nola pilota bizia da edo hila. Gisua ere hila da edo bizia. Murru bat tindatzen ahal dut gorri bizi-bizi batez edo gris hil batez. Indar handiriko gibelkolorea balitz bezala. Erraiten ez dudana – ez bainuen ezagutzen – baina pollit iduritzen zaidana da beste erranahi bat. Zorra hiltzea aipa daiteke, faktura zaharra hiltzea. Kitatzea, pagatzea edo ordaintzea baino ederrago zait hiltzea sartzea. Gutitan ere entzuten dudana hauxe da: egin dezagun hil. Erran nahi du tratu batean edo afera batean zernahi eztabaida izan ondoan dena alfertzat hartzen dugula eta berriz hastapenean bezala egon nahi garela. Batek erranen du: egin dezagun hil!

Oztibarren entzun dut ere zer erraiten zen argia joaiten zelarik, izan dadin elektrizitatea edo kandela. Konparazione, arratsetan jendeak etxe batean biltzen baziren elkar ikusteko edo lan bati lotzeko, gertatzen zen argia joatea ustegabean, nehork ere hil gabe. Iluntasunean sartu orduko, norbaitek erraiten omen zuen: ederrenak argi beza! Ez dakit zerendako. Beti ere argitu behar zuen hori euskaraz ez da erraiten gizon ala emazte den. Oraiko indar elektrikoa ez baita anitzetan mozten nago gure “ederrenak argi beza” ez ote den hilen.

Tabu zer den badakigu guti edo aski, hots hitz batzu ez ditugu erabili behar kasu batzuetan. Euskaraz gertatzen da hiltze honekin. Nahi badut “garbitu” gaiztotzat daukadan basihizi bat, hala nola suge bat, ez dezaket erran hiltzen dudala. Erran behar dut kalitzen dudala. Egun batez uholde handia izan zen Lapurdin eta sugeak uretik atera ziren eta Hiriart-Urruti zuzen dabil dioelarik: sugea ageri orduko, kali! Kasu gero! Larzabaleko Jean-Pierre Belchit zenak hauxe erran zidan: sugea kalitzea erran behar duk, ez besterik. Kalitzea ez baduk erraiten, ondoko gauean amets gaiztoa eginen duk delako suge harekin. Sineste hori ba omen da beste zibilizazio batzuetan.

Kali horrek baduke egitekorik beste kali batekin. Kalia da Zuberoko bortuetan, agian Beltxu inguruan ere, artzainen jokoa. Urdanka ere deitzen da, zurezko pilota bezalakoa jo behar zuten makil ukaldika, urdea deitzen zen pilota. Bainan nonbait kalia edo karlia makilaren izena da: anitzetan urritzez egina zen eta urritzak ba omen du bertutea lehen kolpean sugeen kalitzeko. Haurretan behar ginuen makila edo akuilua eskutan izan kabalak mugiarazteko, kabalak manu-errezak izanik ere. Zaharrek zioten: Harraxu makila zernahi gerta ere, kabalak etxu bateiatuak izan!

Hegoaldean, kalitzea ez bainan “akatzea”, “akabatzea” erran behar da. Erdaraz “acabar” eta frantsesez “achever” hitzak ez dira urrun. Iparraldean meskabatu, meskabi diogu norbait edo kabale bat, arres bat bortuan bereziki larrutzen delarik, erroitz, amildegi edo baxa batean lerratuz. Norbaitez ere diogu: Meskabitu zen gure laguna Orhiko maldan.

Aski bortitza da “erretzea” hitza. Eta ezaguna da bideetako ohoinek omen ziotena, errebolberra eskuan zutela: Hire sosa! Edo erratzen haut! Ihizin ere entzuten da: bi eper erre ditut.

Erleak ez dira kalitzen ez akabatzen, ez erretzen (nahiz sua aipatzen dugun ondotik). Nik erran nezake hiltzen direlarik edo hiltzen ditugula baina Zuberoan bada hitz berezia, eta Zuberoan bakarrik. Han erleak ez dira hil behar, sohatsi behar dira. Orain ez hainbeste nik uste, bainan lehen erleak keztatzen ziren eztia eta ezkoa idokitzeko: sohatsi behar ziren. Iduri luke erleez baizik ez dela erraiten.

Sohastea hitza bera nago ez ote den hiltzen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/03/12

Haziak mintzo

Sagardi proiektuko kideak

Haziak%20mintzo

Sagardi proiektua San Frantses Xabierrekoa kolegioan

Aurten, proiektu berri bati eman diogu abiapundua gure kolegioan! Ikastetxeen inguruetako eremuak molde hoberenean erabiltzeko, erakasle talde batekin erabakia izan da sagardi baten sortzea. Helburua da ikasleak lurrari berriz konektatzea eta ikastea urteko sasoinekin lan egiten, denbora hartuz, zikloak errespetatuz. Patxi Aizager ortzaiztar sagarno egilearen laguntzarekin, proiektua pentsatu dugu eta landaketa gunea ere hautatu. Martxo hastapenean landatu ditugu lehen sagarrondoak. Orotara 50 sagarrondo, denak lekuko motak. Luzarat, sagardi horretako sagarrekin jusa egin nahi ginuke saltzeko asmoarekin. Diru-laguntza kanpaina ere abiatu dugu gure proiektua gauzatzeko. Interesatuak bazirezte eta lagundu nahi bagaituzue ez duda ikastetxera deitzea!

Milesker handi bat!



...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/03/12

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Bixintxoetako fandango txapelketan parte hartu dugu

Urtarrilaren 18an, igande arratsaldez, neguko eguraldi goxoarekin, kolegioko ikasleak elkartu gira pilota plazan den aterpe azpian, Besta Komiteak antolatu zuen fandango txapelketan parte hartzeko. Hiru kategoriak antolatuak ziren: 12 urtepekoak, 13-16 urtekoak eta helduak.

Ikasleendako desafioa gainditzeaz gain, batzuk sariztatuak izan dira!

Lehen kategorian:

1. saria: Maitena Ithurria-Leana Olazabal

2. saria: Hegoa Biscay Aguerre-Ellane Le Corff Echeverria

3. saria: Emiliana Niquet-Xane Hoyet

Epaimahaiaren sari berezia: Amaiur Aldana Larrassa-Ilargi Garay Tonnerre

Bigarren kategorian:

1. saria: Texa Biscay Aguerre-Milia Kaushik Etcheverria

2. saria: Lili Ithurbisque-Romane Abadie

Zorionak gure ikasle guziei, usatuak diren fandangolariei, ikasten desafiatu direnei eta parte hartzen segitzen duten...

Irakurri segida

3825. zbk

Gure Hitza | 2026/03/12

Lekukoa hartu eta segi aurrera

Ainhoa Etxenike

Egungo aktualitatea iluna da. “Gure hitza” sail huntan ez da beti errex baikorki idaztea. Hedabideetan, telebistan, irratian, sare sozialetan sartu eta Ekialde Hurbileko gerla, Palestinako genozidioa, Donald Trump, labankada La Rochelleko kolegio batean, suteak, sexu eraso edota jazarpenak, ziber-kriminalak,… ez dira garai errexak. Hala ere, berri ilun guzi horien artean, herriko bozen berri ukan daiteke.

Berri positiboen ukaitea gero eta arraroagoa izaten hasia da, hain dira gordetuak eta guti aipatuak.

Hala ere, pixka bat xerkatuz, gertakari baikorrak badira. Euskal Herriaren kasuan, fitesko abiatuko zaigu 24. Korrika martxoaren 19an Atharratzetik, eta 29an helduko da Bilbora. Hamar egun horietan, 2.175 kilometro kurrituko ditu lekukoak, eskuz-esku, gau eta egun, Euskal Herri osoa zeharkatuz. Garai ilun huntan argi izanen dugu, errealitatea ixtaño batez ahanztea ahalbidetuko diguna. Euskal...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016