Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Martxoaren 12a
Herriko bozak - Euskararen hilabetea - Film emanaldia
Herriko bozak
Igande huntan iragan beharra den lehen itzulian 3 zerrenda izanen dira: “Hendaia biltzen – Uni.e.s pour Hendaye” Laetitia Navarron zerrendaburuarekin, “Vivre Hendaye – L’avenir vous appartient!” Tristan Proteaurekin eta Kotte Ecenarro egungo auzapezaren “Hendaye ensemble – Hendaia elgarrekin”.
Euskararen hilabetea
Euskararen hilabetearen baitan, Gernika Batailoia ohoretan izanen da Mediatekan, martxoaren 12an (18:00). Franck Dolosor kazetariaren dokumentala (euskaraz, azpititulurik gabe) proiektatuko da, eta ondotik liburua aurkeztuko da eta idazlearekin solasaldia izanen da.
Topaketa horrek Frantzian nazien kontra borrokatu zen euskal talde militar horren historia ezarriko du argitan. Hendaiar familiak inplikatzen dituen anekdotak aipatuko dira ere.
Film emanaldia
Martxoaren 14 arratsean, “Akelarre, marearen kontra” filma ikusteko aukera izanen da Les Variétés zineman. Huna sinopsia: “Akelarre musika taldea 70. hamarkadan sortu zen, euskara hutsezko errepertorioaren alde egiten lehenetarikoak izan ziren eta beren rock kantuak, ingelesezko taldeen euskarazko bertsioekin nahasten zituzten. Azken diskoa atera eta hogei urte geroago, beren ibilbidearen kontaketa egiten digute”.
Hasi baino lehen, kontzertua izanen da Watson-ekin eta filmaren ondotik, elkarrizketa Watson eta Markos Juaristirekin.











