Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Martxoaren 12a

Heriotze - Hauteskundeeri buruz egitasmoak - Kantaldi eta kontzertu - Mintzaldi

Heriotze

Bekan ikusten da holako jendetzea ehorzketa batean, nola joan den ortziralean Arruntzako elizan bere azken egoitzara eremana izan baita Anthony Darlas 19 urteko gaztea, zorigaixtoko moldean mundu huntako bizia utzirik. Baratzezain lanetan ikasten ari zen enpresa batean. Dominique bere aita (suhiltzaileen taldean oso ezaguna) eta Aña Mariren seme bakarra zen. Doluminak eskaintzen ditugu pena egun handi huntan.

Hauteskundeeri buruz egitasmoak

Piero Rouget, “Uztaritze Bai” zerrendaren egitasmoak. Bi mandatu diru egoera minberaren xuxentzeari pasatu ondoan, kolektiboki moldatu egitarau oro zale, zehatz eta errealistan agertzen dira: herri dinamiko batean bizitzea eta lan egitea, herri auzoak azkartuz; Lapurdi inguruan egiazko herri bihotza sortuz, Purgu eta Hiribehere elgarretaratuz; Heraitze auzoaren berrantolaketa proiektua segituz eta zehaztuz Ugecam erakundearekin; Lota inguruan mediateka berriaren obra bukatzean kultur zentroa idekitzea; hirigintza salbaia menperatuz, eskas diren egoitza sozialen egitaraua segitzea. Orain arte bezala ekologian eta klimaren aldeko engaiamenduan 6.000 zuhaitz berri landatuak izanen dira Uztaritzeko oihanean, txirrindularientzat 5,7 kilometro pista antolatuz, herriko berogailu prozesuan energia berriztagarrien saila segitzea, tokiko laborantza sustatzea. Euskararen politika ez da baztertua Plazara kolektiboarekin xutik eman jarduera plana segituz. Uztaritze 8.000 biztanleez goiti baitoa orain, mailez aldatzen da, hunek galdegiten du haurren, aisialdi zentroaren eta gazteriaren zerbitzuak hobetzea, sozial aktoreak Gaztelondoan jarriz, elkarteak lagunduz zangobaloi zelaia berrituz eta argituz, belaunaldien arteko jarduerak garatuz, hitz batez uztariztarrekin elkarlanean segitzea.

Bruno Cendres, “Elgarrekin Uztaritzerentzat” zerrendaren egitasmoak. Talde hunek lehentasuna du demokrazia parte hartzailea sustatzea: auzo batzordeak, eskoletan guraso elkarte eta beste elkarteak juntatuz Uztaritze berregituratze proiektu handietan. Finantza sailean estaduaren diru murrizketengatik, diru sartze berrien bilatzea du asmotan, tokiko zergak mugatuz eta elkarteeri laguntzak emendatuz. Bide berritze sailean urte askotarako planoa xutik emaitea ere asmotan du, bideen estatua ikusiz eta zonbat gehiago ibiltari den kontuan hartuz; oinezkoen eta txirrindularien bideak egokituz. Turismo sailean Errepiragaraia aintzira antolatu nahi du, zubixka batez zirga bideari lotuz. Besta gela berri baten sortzea gogoan du elkarteentzat eta herritarrentzat baliagarri izan daitekeena; halaber kirol sailean gimnasio berri baten eraikitzea. Heraitzen eskola berri baten eraikuntza edo oraikoaren berritzea aipatzen du. Hirigintzan egoitza sozial gehiagoren beharra nabari du eta Euskal Elkargoarekin PLU edo lur eremuen kudeantza bermoldatzea. Bertze asmoetan ere badago hautetsi batzordea sortzea, udal zaintza eta jandarmeriaren arteko loturak bermatuz. Aisialdi zentroaren harrera emendatuz, merkatuaren lekua baloratuz, larunbatero Herriko Etxea idekirik atxikitzea hautetsiekin mintzatzeko. Aldiz hemen euskararen egoera ez da aipagai.

Kantaldi eta kontzertu

Heldu zaigun asteburua betea izanen dugu kantaldi eta kontzertuen aldetik. Lehenik ortzirale huntan (20:00), Jatsuko elizan Aeolia koruaren kantaldia izanen da, 70 bat kantari eta musikarirekin. Sartzea 15 euro. Larunbatean, Korrika kulturala kari, Kiroletan (18:00) Musikasen kontzertua eta Korrika kantak (sartzea urririk, jateko edateko izanen da tokian berean). Larunbatean ere (19:00), Arruntzako elizan lehenik Labenne herritik etorri haur kantariak, ondotik Izar Hitza koru mistoa, Elodie Wachowski zuzendari eta ondotik Koloreak emazte abesbatza Sayo Chimm gidari; sartzea libre izanen da. Azkenik igande arratsaldean (15:00), Jondoni Bixintxo elizan Louis Dassance ikastolak antolatu kantaldia Kalakan Ahotsez taldearekin. Ikastolako haurrak hasiko dira lehenik. Sartzea 15 euro, txartelak salgai izanen direla tokian berean.

Mintzaldi

Ur Begik antolatu hirugarren mintzaldia iraganen da ortzirale huntan Latsa elkartean (18:30). Oraiko gaia Gurseko erretentzio eremua 1939an frantses gobernuak ideki zuena Espainiako gerla zibiletik ihes egin zuten errepublikanoen errezebitzeko. Ondotik jin ziren nazismoaren kontrako intelektual eta komunistak, juduen suntsitzea hasi zelarik. Asko Auschwitzerat igorriak izan ziren bizia han galdu zutela. Mintzatzailea Claude Laharie historialaria Gurseko egoera bikain landu duena izanen da. Mintzaldia frantsesez eginen da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3825. zbk

Gure Hitza | 2026/03/12

Lekukoa hartu eta segi aurrera

Ainhoa Etxenike

Egungo aktualitatea iluna da. “Gure hitza” sail huntan ez da beti errex baikorki idaztea. Hedabideetan, telebistan, irratian, sare sozialetan sartu eta Ekialde Hurbileko gerla, Palestinako genozidioa, Donald Trump, labankada La Rochelleko kolegio batean, suteak, sexu eraso edota jazarpenak, ziber-kriminalak,… ez dira garai errexak. Hala ere, berri ilun guzi horien artean, herriko bozen berri ukan daiteke.

Berri positiboen ukaitea gero eta arraroagoa izaten hasia da, hain dira gordetuak eta guti aipatuak.

Hala ere, pixka bat xerkatuz, gertakari baikorrak badira. Euskal Herriaren kasuan, fitesko abiatuko zaigu 24. Korrika martxoaren 19an Atharratzetik, eta 29an helduko da Bilbora. Hamar egun horietan, 2.175 kilometro kurrituko ditu lekukoak, eskuz-esku, gau eta egun, Euskal Herri osoa zeharkatuz. Garai ilun huntan argi izanen dugu, errealitatea ixtaño batez ahanztea ahalbidetuko diguna. Euskal...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016