Euskal diaspora | 2026ko Martxoaren 12a
Bertso Saioa San Frantziskon eta NABO Bizi Emankorra saria Mike eta Jeanette Bidart-i
Joseba Etxarri
Bertso besta. Igande ederra martxoaren 8a AEBko bertsozaleentzat. San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, 2022tik urte guziz martxo aldean egiten den NABO Bertsolari Saioa egin zen, San Frantzisko bereko Xabier Berrueta aurkezle. Bertso kantari, Estatu Batuetako Martin Goicoechea (Wyoming), Todor Azurtza (Boise-EH), Nerea Eceiza-Arregui (New York), Oier Pastor (San Frantzisko), Ibon Ajuria (Oklahoma); eta Euskal Herriko Iker Zubeldia eta Julio Soto. Aldi bereko itzulpena ingelesera, Xabi Payaren ardurapean, Valerie Arrechea laguntzaile. Eta antolatzaile Philippe Acheritogaray. 70 bat jendek elgarrekin bazkaldu ondoren, saio polita, giro paregabean, Internet bidez Estatu Batuetako bertsolariak biltzen dituen Arnas Berri online bertso-eskolaren fruituak agerian. Johnny Curutchet, han ikusle zen Jesus Arriada eta egun Euskal Herrira erretreta hartua den Jesus Goñi bertsolariak ere izan ziren gogoan. Bideoa ikusi nahi duenak helbide huntan atzemaiten ahal du: www.youtube.com/watch?v=Dmfmm6JRuvQ&t=54s.
Bidart senar-emazteak. Otsailean AEB guziko Euskal Etxeetako NABO delegatuek aho batez onartu zuten 2026ko Bizi Emankorra Saria Mike eta Jeanette (Bicary) Bidart-i ematea. Biak Hego Kalifornian sortuak eta euskaldun atxikiak, euskal kulturzale handiak dira, eta heien bizi osoan arizan dira euskal komunitateko kide aktibo, laguntzaile, babesle eta pusatzaile. Besteak beste, musika eta bertsozale fier, urte asko eman dituzte Chinora eta Kaliforniara heltzen ziren bertsolarien laguntzen, bertsolaritza zinez eta barnetik bizitzen. Heien lan eta atxikimendu eta aktibotasun bertsozale hori aitorturik jaso dute San Frantziskon, NABO Bizi Emankorra. Zorionak, Mike eta Jeanette! Eta zorionak AEBko bertsolari eta bertsozale guzieri!











