Gogoa hazi | 2026ko Martxoaren 12a
Aotearoa – “Hodei zuri luzearen herrialdea”
Johanes Bordazahar
“He tao rākau, e taea te tūpā; he tao kī, e kore e taea te tūpā”. “Burdinazko lantza saihets dezakezu, hitzezko lantza ezin duzu”.
Aotearoan (Zeelanda Berrian) sartzen zarelarik, karrikan bi urrats eginez gero badakizu Maori herrian zarela: bide seinaleak, enpresa izenak, publizitateak, irudiak, agurrak, slogan-ak, begi-beharrietara ematen dizute ingelesarekin maila bereko hizkuntza dela. Errealitatea besterik da. 2026 urte honetan, maoriek egoera problematikoa – aspaldiko partez “elektrikoa” diote zenbaitek – bizitzen ari dira. Alde batetik demografia eta kultura munduan indar berritze nabarmena bideratzen ari dira eta honi buru egiteko eskuineko gobernu nazionalak hizkuntzaren irakaskuntza eta honen erabilera publikoa murriztu nahi ditu.
Azken datuen arabera, 900.000ko jende batek bere burua maoritzat jotzen du. Jendetza guziaren %18a (Zeelanda Berriak 5.34 milioi biztanle ditu.) Maori jendea gaztea da (batez besteko adina 27 urte, herritar gaineratekoarena 38-39 urte). Baina maorien artean beren hizkuntza propioa mintzatzeko gai direnak guti batzuk dira: %20. Jendetza guziaren %4a. Egoera hau ulertzeko jakin behar da, nahiz eta Te-Reo-Maori hizkuntza nehoiz debekatua ez izan, 1987-1950 bitartean, tokian tokiko jazarpen latza jasan dutela. Ingelesa de-facto esklusiboa izanez gero, maoriar “Native schools” eskoletan zigorrak eta umilazioak ausarki erabili dituzte urte luzez, ingelesean asimilatzeko helburu aitortuarekin.
Oro har, gaur egun, maoriek “erresistentzia aktiboko” garaia bizi dute. Hauen pisu demografikoa eta lege-aitortza erabiltzen ari dira irabaziak dituzten eskubide eskasak zaintzeko. Hona, laburbilduz, ikastola eta Kura Paupapa bi ereduen arteko berdintasun eta ezberdintasunak.
1. Sorrera: “Beheretik goiti”
Bi sistemak estatuaren laguntzarik gabe (eta maiz estatuaren kontra) sortu ziren:
Ikastolak: 1960ko hamarkadan sortu ziren, klandestinitatean, frankismoaren garaian Hegoaldean. Berantago Iparraldean. Burasoen eta irakasleen borondateari esker iraun zuten bizirik.
Kura Kaupapa: 1980ko hamarkadaren hasieran sortu ziren (Kōhanga Reo edo “hizkuntza-kafirekin” batera). Maori komunitateek ikusi zuten tribuetan transmisioa eskasa izanez, haien hizkuntza hiltzen ari zela eta eskola beren gain antolatzea erabaki zuten.
2. “Immersion” eredua: murgiltzea
Bi sistemek filosofia bera dute: hizkuntza ez da “ikasgai” bat soilik, irakaskuntza-herri-hizkuntza baten oinarria baizik.
Ikastoletan: D eredua da nagusi (dena euskaraz, gaztelania edo frantsesa gehituz).
Kura Kaupapan: Te Aho Matua izeneko filosofiari jarraitzen diote. Dena maorierez egiten da, eta ingelesa beranduago sartzen dute curriculumean.
3. Komunitatearen garrantzia (Auzolana vs Whānau)
Hau da punturik baitezpadakoena, eskola hauek ez direla “zerbitzu” bat soilik, komunitate baten eraikuntza dutela funtsa.
Auzolana: Ikastolen jaiak (Kilometroak, Herri Urrats...) eta burasoen parte-hartze zuzena funtsezkoak dira.
Whānau: (familia zabala): eskolaren ardatza da. Burasoek erabaki garrantzitsuetan parte hartzen dute eta eskola tribu-etxearen luzapena dela segurtatzen dute (diruztatze publikoa dute).
Gaur egungo erronka da ea herrialdea “itxurazko” elebitasunetik (hitz bakanak) “mamizko” elebitasunera (maorierez eztabaidatzeko edo lan egiteko gaitasunera) heltzeko gai izanen den? Bestalde, Euskal Herrian bezala, Zeelanda Berrian ere eztabaida dago: nola segurtatu ikasleek eskolatik kanpoko bizitzan ere hizkuntza erabiliko dutela?
Maoriak bere historiaren fase baikorra bizi du: ber-pizkunde indartsu batena. Hizkuntza mehatxatua izaitetik Zeelanda Berriko nortasun nazionalaren zutabe izatera heltzen ari da.










