Ba ote dakixu? | 2026ko Martxoaren 12a
Dreyfus afera (10/10)
Gilen Bacho
1898ko agorrilaren 13an, Cavaignac gerla ministroaren ordenantzako ofizierrak, “dozier sekretuko” piezak aztertuz, Panizzardiren gutuna (Cavaignac-ek irakurri zuena diputatuen aitzinean) faltsu bat zela deskubritu zuen.
Henryren aitormenak
Agorrilaren 30ean, Henry lotinant-koronelak, de Boisdeffre eta Gonse jeneralen eta Cavaignac ministroaren aitzinean, faltsu hori eraiki zuela aitortu zuen. Mont-Valérien-eko gotorlekuan preso egina izan zen eta, gauean, bere buruaz beste egin zuen. Baina, Cavaignac-en arabera, gertakari horrek ez zuen Dreyfusen kulpabilitatea dudan ezartzen! Halere, Kontseiluko presidenteak, Brisson-ek, ez zuen ikusmolde bera eta, irailaren 3an, Cavaignac-ek bere kargua utzi zuen. Ber egunean, Lucie Dreyfusek bere senarraren auzia berrikusteko eskaera egin zuen. Irailaren 26an, ministro kontseiluak, sei bozez lauren kontra, Lucie Dreyfusen eskaera Kasazio Auzitegiaren eskuetan uztea erabaki zuen. Urriaren 29an, Kasazio Auzitegiko ganbera kriminalak “eskaera forma onargarrian” zela deklaratu zuen. 1899ko lehen hilabeteetan, Parlamentuan, karrikan bezala, eztabaidak izugarri gogorrak ziren. Ekainaren 2an, Clemenceauk Frantzia “gerla zibiletik” hurbil zela idatzi zuen. Halere, justizia zibilak presioari buru egin zuen eta, ekainaren 3an, Kasazio Auzitegiak 1894ko gerla kontseiluaren jujamendua haustea eta auzi berri baten antolatzea erabaki zuen.
“Azken umiliazioa” libertatea aitzin
1517 egun izugarrizko toki horretan iragan ondotik, 1898ko ekainaren 9an, azkenean, Dreyfusek Debruaren isla utzi zuen, Rennes-era abiatzeko non bere auzi berria agorrilaren 7an hasi zen. Auzi berri hori garaipen handia zen baina berriz ere gerla kontseilu bat zen eta jujeak berriz militar ofizierrak ziren. Lehentasuna eman zuten armadaren ohoreari justiziari baino, akusazioaren erran faltsueri, adibidez, Dreyfusen “aitormenen” leiendari sinesgarritasuna emanez. Juje militarrek haien hautua jada egina zuten, eta, irailaren 8an, Dreyfus berriz kondenatu zuten baina “zirkunstantzia aringarriekin”. Jujeen helburua argia zen: armadaren ohorea begiratu baina, ber mementoan, ez baitzen serioski pentsatzen ahal posible zela traditzea “zirkunstantzia aringarriekin”, Dreyfusen hobengabetasuna inplizituki onartuz. Dreyfusarden haserrea handia zen eta, lehenik, Dreyfusek Kasazio Auzitegira dei egin nahi zuen. Baina, laster, aterabide bat agertu zen. Presidentearen graziazko barkamena. Testuingurua ona zen, gobernuko presidente berria, Waldeck-Rousseau, Dreyfusen alde agertu baitzen eta Errepublikako presidente berria, Emile Loubet, ez baitzen Dreyfusen kontrakoa, Felix Faure bere aitzinekoaren alderantziz. Baina graziazko barkamena lortzeko, Dreyfusek bere helegitea kendu behar zuen. Jestu hori zen kasik bere kondena onartzea, “azken umiliazioa” Jaurèsek eta Clémenceauk erran bezala. Halere, Mathieu Dreyfusek bere anaia konbentzitu zuen eta Alfred-ek graziazko-barkamena eskatu zuen. 1899ko irailaren 19an, errepublikako presidenteak graziazko-barkamena sinatu zuen. Irailaren 21ean, Dreyfus, azkenean libro, Carpentrasera heldu zenJoseph Valabrègue bere koinatuaren etxera. Lau urte lehenago, gizon horrek zuen Nimes-eko bidea hartu lehen dreyfusarda, Bernard Lazare, atzemaiteko, memento batez zeinean Alfred Dreyfus Debruaren islan zen, kasik ahantzia eta abandonatua. Kasik bakarrik, bihoztun jende zenbait altxatu baitziren borroka eramateko.










