Herriz Herri - Sara (L) | 2026ko Martxoaren 12a
Zangoak Arin - Eskola - Egoera zibila - Pilota - Errugbia
Zangoak Arin
Elkarteak egin du bere biltzar nagusia martxoaren 5ean ortzegunez. Pierre Jorajuria lehendakariak, deneri ongietorria egin, eta eman du 2025eko bilana. Anitz gauza egiten dute, bidaia goxoak astearte goizetan, bidaia zailagoak astearte arratsaldetan eta oraino bortitzagoak ortzegunetan egun guzia, gimnastika ere astearte, ortzegun eta ortzirale goizetan. Elkarteak baditu margolariak ere, horiek denak eskertu ditu, partikulazki Herriko Etxea diru laguntzarentzat, ez bakarrik autobus ttikia prestatzen duelako, baina partikulazki ukaiten dituztelarik kurrika edo lekuak bisitatzeko. Beatrice Ollier sekretarioak erran du nola pasatu diren joan den urteko gauzak eta aurtengoak nola eginen diren. Thierri Vivensang diruzainak kontuak positiboan dituztela erran du, bainan elkartearen partea ez balin bada altxatzen, joan den urtean bezala 14€, lizentzia eta Coder partea gehiago, beraz denetara 52,21€ gostako zaio kide bakotxari. Stephane Barneix herriko lehen axuantak eskertu du elkarte guzia jendez hola okupatzea. Berriz bera pasatzen bada kontseiluan, elkartearen galdea entzun duela erran du, eta orain bezala segituko dutela.
Badira 25 gidari kurrikak egiteko eta 7 presuna gimnastika egiteko, horiek denek formakuntzak eginak dituzte eta berritzen bi edo hiru urtetarik.
Ondotik bazen bazkaria hor bertan, Tristan eta Mariane Sagek prestatua, 55 kidek parte hartu dute, dena umore onean bukatu da.
Eskola
San Josepe eskolak aldaketa egin du, bere urteko eskolaren besta lehenago egiten zuen, ekain hondarrean, aurten eginen du martxoaren 21ean larunbatarekin, beti bezala kiroldegian (16:30). Lehenik haurrek eginen dituzte ikusgarriak eta ondotik izanen dira taloak eta edatekoak, beraz etorri haur horien sustengatzera.
Egoera zibila
Heriotzeak: Olazagazti Pantxoa 69 urte 2026/02/01. Zunda Teodora sortzez Vicuña 94 urte 2026/02/25. Ezkontza: Leroux Frederic eta Gerald Carrine 2026/02/14.
Pilota
Esku-huska trinketean buruz-buruka: 2. mailan: Etxeberri Pacheco Manex irabazle 40-00 Goizeko Izarraren kontra. Lecuona Aritz irabazle 40-24 Oztibarreren kontra. 3. mailan: Zozaya Eñaut galtzaile 36-40 Kapito Harriren kontra. 4. mailan: Elizalde Lauran galtzaile 21-40 Zaharrer Segiren kontra.
Errugbia
Sarak irabazi du 45-07 Asasp Arros-en kontra.











