Azalekoa | 2026ko Apirilaren 16a
Baionako bizikleta tailer solidarioa
A.E.
Txirrind’Ola elkarteak bizikleta egunerokoan sustatzea du helburutzat. Baionan kokatua, hainbat aktibitate proposatzen ditu, besteak beste konponketak, salmentak edota bizikletez ibiltzen ikasteko kurtsoak. Alice Cornou Txirrind’Olako koordinatzailea da, eta elkartearen inguruan solastatu zaigu.
Bizikletak biziberritzen
Duela 15 urte inguru sorturik, egun elkarteak 1.800 kide zenbatzen ditu, horietan 40 bat bolondres eta 5 langile. Baiona, Miarritze eta Angelu ingurukoak dira gehienak.
Garaian, hondakindegietan bizikleta anitz botatzen zela oharturik, pertsona multxo bat txirrindu horiek berreskuratzen hasi zen, konpondu eta beste bizi baten emateko. Hastapenean Sainte Catherine karrikako lokal ttipi batean kokatua, emeki emeki proiektua indarra hartzen joan zen, eta Baionako Marines etorbidera mugitu zen tailerra. Frantzia estatukoekin konparatuz, Baionako egungo tailer hori handienetarikoa da (lehen 5 handienetan). Hala ere, Ipar Euskal Herri mailan, besteak beste Hendaian, Maulen eta Bokalen ere tailerrak aurki daitezke.
Baionakoan, aktibitate ugari proposatuak dira, besteak beste, nahi duena bere bizikleta konpontzera etor daiteke, bertan den ekipa baten laguntzarekin.
Txirrind’Ola taldekoei dagokienez, bizikleta batzu berriz konpontzen dituzte, eta ondotik saltzen tokian bertan. Zenbakietan, urtero 2.500 bat txirrindu berreskuratzen dituzte, horietan 900 bat arranjatzen dituzte, bertze kasuetan piezak atxikitzen dituzte, konponketa lanetan baliatzeko.
Horrez gain, haurrak fite handitzen direla eta, bizikleta trukaketa proposatua da, urririk. Ikasle direnentzat, elkarteak bizikletak prestatzen ditu. Hain zuzen ere, elkarteko kide den gazte bakoitzak ikasturte baterako txirrindu bat erabil dezake berme baten truke, ondotik bizikletarekin batera itzultzen zaiona.
Bestalde, bizikleta bideez eta hiria bizikletarentzat egokiagoa izan dadin, elkarteko kide zenbaitek Herriko Etxe edota Elkargoarekin trukatzen dute.
Proposatu aktibitateak
Bizikleta egunerokoan erabili ahal izateko, lehen etapa txirrinduz ibiltzen ikasi eta jakitea da. Hirian konfiantzaz ibiltzeko, bide arauak ezagutzeko eta jarrera egokia ukaiteko, kurtso eta sentsibilizazioak antolatzen dituzte haurrentzat, nerabeentzat baita heldu eta adinekoentzat. Bizikleta ateraldiak ere antolatzen dira.
Tailerreko hitzorduei dagokienez, hilabeteko azken ostegun guziz desmuntaketa aperitifa antolatua da, publikoari idekia, 18:00etatik goiti. Hilabeteko bigarren astearte guziz, permanentzia mekanikoa iragaten da emazte eta genero minoritateei idekia, jujamendu eta aurreiritzirik gabe.
Ondoko hitzordua apirilaren 26an izanen da, igandearekin. Baionako Cacareigt zelaian bizikleta burtsa eginen da. Goizean (9:30-12:00) saltzeko diren bizikletak uzten ahalko dira, arratsaldean salmenta antolatu ahal izateko (14:00-17:00). Ondotik, dirua edo saldu gabeak berreskuratzeko manera izanen da. Arratsaldean, haurrentzako ibilbidea, monoziklo iniziazioa, mekanika tailerra, jatekoa/edatekoa eta sentsibilizazio mahaia bezalako animazioak antolatuak izanen dira, urririk.
Barne funtzionamendua
Bizikleta konpontzera etortzeko edota erosteko, kide izan behar da, urtean 20 euro ordainduz (10 euro prezio murriztuan ikasle edo lanik gabe direnentzat).
Astelehenetik ostiralera arratsaldetan (14:00-18:00) idekiak dira, asteazkenetan berantago arte hetsiz (19:00), baita larunbat goizetan ere (10:00-13:00).
Publikoari idekia ez den ordutegietan, langileak eta bolondresak lanean artzen dira.
Harremanetan sar daiteke 07-81-50-72-73 zenbakiaren bidez. Elkarteak txirrindola.org webgunea badu.











