Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Apirilaren 16a
Ereinez elkartearen aurkezpena - Organo kontzertua elizan - GEUZ-eko kide berrien hautaketa - Urruñarrak Hatsaren Poesian - Andoni Oilokiegiren kontzertua - Mutxiko ikastaroa Oletan - Erregeen mus txapelketa
Ereinez elkartearen aurkezpena
Martxoaren 31n, asteartez, zenbait musikari, antzerkigile eta artistek Ereinez elkartearen aurkezpena egin zuten Pausuko Xaia ostatuan. Hor ziren Pantxix Bidart, Maddi Zubeldia, Kiki Borda, Betti Bidart, Beñat Elizondo, Xerar Urrutia, Mikel Markez, Urbil Artola… eta gure kulturaren beste pertsonaia zenbait. Aipatu zutenez, Anje Duhalde, Odei Barroso, Aire ahizpak, Paxkal Indo eta beste kantari batzuek ere, bat egin dute Ereinez elkartearen ildoarekin. Pantxix Bidart izan zen aurkezpenaren nondik norakoak gidatu zituena. Eta horrela aipatu zuen 1969an Daniel Landartek Herria aldizkari honetan artikulu bat idatzi zuela salaketa bat plazaratuz. Iduriz, Piarres Larzabalek idatzi “Matalaz” antzerkia zuzendu zuenean, Droît d’auteur batasunak 880 libera kendu zizkion. Protesta egin omen zuen, erranez ez zitzaiola zuzen iduritzen egilea, hau da, Piarres Larzabal, ez baitzen horrelako elkarteko kide. Haatik, pagatu behar ukan zuen. Kontatu zutenez, SACEM Frantziako Musikagileen eta Editoreen Elkargoa diru kopuru handiak eskatzen ari zaizkie musikariei, ostalariei, besta komiteei…, modu desegokian, eta aipatu elkargoak egiten duen diru banaketari buruz inolako azalpenik eman gabe. Hori dela eta, Ereinez elkartea sortu dute, musika eta artearen inguruan mugitzen den jendeak parada ukan dezan beste antolaketa bat hautatzeko. Hegoaldean bada Ekki elkartea modu alternatiboan ibiltzen dena, eta Urbil Artola horretaz mintzatu zen. Bukaeran, Iparraldeko musikariak, kantariak, artistak, ostalariak, besta komiteak… deitu zituzten proiektu berriarekin bat egin dezaten.
Organo kontzertua elizan
Euskal Herriko Organoak Kantuz kultur ekitaldiaren kari, apirilaren 26an, igandez (18:00), Coralle Amedjkane organo-jole frantsesaren kontzertua izanen da. Lully, Bach, Dupré, Philip Glass eta Jehan Alain musikarien doinuak emanen ditu. Sartzea 18 euro (prezio murriztua 14 euro). Hemezortzi urtetik beheitikoendako urririk. Informazioa: 05-59-26-92-71.
GEUZ-eko kide berrien hautaketa
Martxoaren 22ko herrikohauteskundeen ondotik, Urruñako Gizarte Ekintzako Udal Zentroaren (CCAS) administrazio kontseilua berrituko da.GEUZak Urruñarren artekoelkartasuna eta ongizatea sustatzen du,prebentzio, animazio eta garapen sozialeko ekintzen bidez, hainbat partaide publiko eta elkarterekin elkarlanean.
Urruñarrak Hatsaren Poesian
Apirilaren 12an, igandez, Hatsaren Poesia ospatu zuten Senpereko aintziran den Ur-Hegia etxe ederrean, eta bertara 40 olerkari inguru hurbildu ziren Euskal Herriko bazter guzietatik. Urtero olerki-liburu bat plazaratzen dute igortzen dituzten olerki guziak bilduta. Gero eta aberatsagoa eta lodiagoa denez, aurtengo libururako olerki bana eskatu dute. Aurten 127 olerkarik parte hartu dute, horien artean ditugu Xerar Urrutia eta Joseba Aurkenerena urruñarrak. Lehenak “Zure pentsamolde askeagatik” izeneko olerkia plazaratu du eta bigarrenak “Hilarrien misterioa” izenekoa.
Andoni Oilokiegiren kontzertua
Maiatzaren 2an, larunbatez, Pausuko Xaia ostatuan eta Bidasoan Euskaraz izeneko kultur ekitaldiaren kari, Andoni Oilokiegik kontzertua emanen du.
Mutxiko ikastaroa Oletan
Apirilaren 24an, ostiralez,eta Dantzatuz taldeak antolaturik, mutxiko ikastaroa izanen da Oletako frontoian; euria eginen balu eskolan (18:00-19:30). 11 urtetik goitikoendako idekia. Parte hartzea: 10 euro. Informazioa eta izen-ematea: Ixa 06-46-08-41-05.
Erregeen mus txapelketa
Apirilaren 19an, igandez, eta Urruñarrak Handball-ek antolaturik, erregeen mus txapelketa jokatuko dute Iturbidea kiroldegian (14:00-15:00). Parte hartzea: 12 euro pertsona bakoitzeko. Sari nagusia: 400 euro.











