Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Apirilaren 16a

Heriotze - Kontseiluko biltzarra - Musikaldi - Erakusketa

Mixel Duhart zena
Mixel%20Duhart%20zena

Heriotze

Joan den asteazkenean, bere azken egoitzara eremana izan da Mixel Duhart 103 urtetan. Uztaritzeko dekanoa zen eta hain segur hala gertatu beharra bere urtebetetze egunean, apirilaren 1ean zendu da. Normandian Urville hirian sortua, Mixelek lan egin du Parisen den banku famatuenean. Asko toki kurritu ditu ere, bereziki Afrikan eta Amerikan, zointarik ekarri baititu Landagoien gainean bere etxe inguruko oihanean diren zuhaitz berezi asko, haitzak gehienak, oso fier eta harro egon baita bizi guzian. Plazer zuen bere oihanaren bisitaraztea, hainbat landare eta zuhaitz arraro badira emanak. Familiatua, hiru haur ukan ditu: Cecile, Nathalie eta Thomas. Begoña bere esposarenganik alargundua zen duela zonbait urte. Kultura zabaleko gizona, 4 liburu bazituen plazaratuak frantsesez idatziak: “Moi Joseph Garat homme de Lumières” (1998), “Le vieil Ustaritz” (2000), “Ustaritz autrefois” (2005), “Dominique Joseph Garat” biografia (2009). Osagarri azkarreko gizona egon da beti eta adinarengatik oraino izpirituz xuxen zen, bainan deneri zerbait etortzen zaigu egun batez. Seme-alaberi eta familia osoari eskaintzen dizkiegu gure doluminak.

Kontseiluko biltzarra

Apirilaren 7an bildu da Lapurdin kontseiluko biltzarra eta ez ziren mintzagaiak falta. Bat ezik, besteak oro Piero Rougetek bere lana zuela aurkeztu ditu denak. Huna zoin diren aho batez onartu gaiak:

- Herriko kontseiluak auzapezari ahalmenen emaitea (32 artikulu desberdin).

- CCAS ekintza sozialen zentrorako hautetsi kopuruaren finkatzea eta ordezkarien izendatzea: Christelle Larrieu, Katia Drieux, Nikolas Blain, Jean François Ruiz, Isabelle Ouret Lalanne eta oposiziotik Nathalie Haristoy.

- Herriko lan batzordeen osaketa; zortzi batzordeetarik zazpi 12 lagunez osatuak dira (9 gehiengotik, 3 oposiziotik); hirigintza, bide eta obren batzordea aldiz 18 lagunek osatuko dute (15 gehiengotik, 3 oposiziotik).

- Eskaintza deialdien eta esleipenen batzordeko kideak izendatzea: auzapeza eta 5 hautetsi + 5 ordezko.

- Defentsako ordezkariaren izendatzea: Jean François Ruiz.

- Herriko irisgarritasun batzordeko ordezkariak izendatzea (16 kide).

- Bizikleta elektriko erosleeri diru laguntza emaitea (1 oraikoan).

Ondoko gaiek denek 6 abstentzio ukan dituzte oposizioarenganik:

- Itsas Aturri herri arteko sindikatuaren batzordeko ordezkarien izendatzea.

- Kanpoko erakundeetan parte hartuko duten ordezkarien izendatzea Txakurra zentroa eta Departamenduko energia sindikatuarentzat.

- Uztaritzeko finantza araudiaren eta aurrekontu osagarrien onartzea.

- Auzapezaren, axuanten eta beste arduradunen ordainsariak finkatzea.

Aurtengo aurrekontuen norabideak eztabaidatu badira ere, ez zuten horiek oraikoan bozkatzerik. Diru kontuak bozkatuko dira hurrengo biltzarrean. Biltzarra bukatzeko, oposizioak proposaturik mozioa izenpetzea onartua da Idekia eskola publikoan eta Arruntzako eskola elebidunean kendu beharrak diren irakasle postuen kontra. Hurrengo kontseilu biltzarra apirilaren 30ean.

Musikaldi

Zonbait urte hauetan egiten duen bezala, “Labourdins” elkarteko musika taldeak antolatzen du apirilaren 19an igande arratsaldez (17:00) musikaldi kantaldia, seroren komentuko kaperan, Retina begien medikuntza zerbitzuaren faboretan. Aurtengo ekitaldia bi zatitan izanen da, lehenik elkarteko musikariak eta ondotik Erlauntza Sarako emazteen abesbatza Claude Lafitte saratarrak zuzendurik. Sartzea libre izanen da, bakotxak gero nahi duena eskain dezake. Ongi etorri deneri.

Erakusketa

Haltya jauregiko kultur elkarteak proposatzen du Olivier Iglesiasen “Pottokaren lau urtaroak” erakusketa bisitatzea jauregian berean apirilaren 10etik 26ra. Bisita tenoreak dira egunero (10:00-19:00). Apirilaren 22an asteazkenez izanen da haurren animazioa (14:00-18:00).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3830. zbk

Gure Hitza | 2026/04/16

SOS arrazakeria!

Menane Oxandabaratz

Herriko bozen biharamunean entzun diren gertakari batzuek historiaren garai ilunak gogorarazten dituzte. Bally Bagayoko, jatorriz maliar familiakoa, lehen itzulitik Saint-Denis hirian (156.149 jende) auzapez hautatua izan delarik, hitz iraingarriak entzun eta irakurri dira. Bere agintaldiaren hasieratik, arrazakeriaren biktima da.

Azken denbora hauetan ikusten da eraso arrazista anitz badela, bereziki emigrazio familietatik jalgitzen direnek dute egoera hori jasan behar. Pertsona baten nazionalitatea, larruaren kolorea, jatorria eta erlijioa dira kontutan hartuak, ez eta pertsonaren izaera, baloreak eta ahalak. Ezaugarri fisiko batzuengatik, maluruski gero eta ohikoagoa da publikoki pertsona bat zikintzea, ez bada zanpatzea.

Maila politikoan mezu arrazistak entzuten dira, bereziki eskuin muturrak zabalduak. Jatorriz atzerritik sortu familiak lanjerosak eta anitz kostatzen direnak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016