Orotarik | 2026ko Apirilaren 16a

Kukumarro

Xarles Videgain

Donoztiri

Leku baten izena nundik heldu den ez dut anitzetan aipatzen baina hori da egungo gaia. Arberoan ibiltzen garelarik badira bi herri Don- batez hasten direnak, Donamartiri eta Donoztiri.

Donoztiri eta Donamartiri diot euskaraz baina erdaraz Saint-Esteben eta Saint-Martin d’Arberoue deitzen dira. Donamartiri horretan Marti eta Martin badela hautemaiten ahal da.

Baina zer ote da Donoztiri edo Dohoztiri euskarazko izenean kukutzen dena? Bidenabar aipa dezadan duela 65 urte, 1961ko ekainaren 24an, Herria astekari hau zuzentzen zuen Piarres Lafitte apezak hartu gutun bat, Donoztiriko Maurice Sorhouet jaunak igorria: Sorhouetek euskara ederrez erraiten zion kalonjeari ez zitzaiola bat ere gustatu aitzineko zenbaki batean norbaitek haren kontra egin izenik gabeko artikulua. Euskarazko artikuluari datxikola paper batean horrela idatzi zuen: “Sorhouet, de Donoztiri (et non Donestiri)”. Ondoko hitzetarik hasten zen bere papera: “Alegiako Ganixi” errefera emanez. “Bistan da bere izena gordez mintzo den gizonak, egia eta gezur, zernahi erran di(r)ola eta ez duela balio horren erranez den gutieneko kasurik egitea”.

Bainan itzul gaitezen Sorhoueten herriaren izenaren ingurura. Erran bezala, berehala agertzen zaigu “Don” elementu hori ezen erdaraz Saint-Esteben deitzen baita: saindu baten izena badagoke hor nonbait.

Gertatzen da “Esteben” gaskoinezko hitza dela beste kasu frankotan bezala, hala nola Lekuineri doakion Bonloc izenean. Egia erran, XVI. mendean oraino, okzitaniera gaskoina hemengo mintzaira ofiziala zen. Frantses administrazioak gaskoinezko hitza beregain hartu zuen izen ofiziala emateko.Ez euskarazkoa nonbaitik ere.

Goazen beraz ibilaldi linguistiko egitera izen hori dela medio. Lehenik sainduaren izena latinez bazen: “Stephanum”, grekoz “Stefanos”. Martirio baten izena zen, “korona” erran nahi zuena. Frantsesez Etienne emanzuen eta badaude ere Stephan, Stéphanie deitzen direnak. Ozkitanian ezagutzen ditugu Estevan, Esteven, Estève. Espainolez Esteban bilakatu da eta euskaraz ere Estebe. Bego beraz gaskoinez Esteben saindua.

Gure Baxenafarroako herri honek elizabesta ospatzen du agorrilaren 3an Estebenen ohoretan: leienda zahar baten arabera 417. urtean aurkitu zen Esteberen gorputza, harri ukaldika hil zutena. Arrosa gorrien artean ba omen zegoen haren gorputza eta urrin gozoa igortzen omen zuen. Horra saindua.

Entzun dut bestalde lehen haur bat herabe edo gibeloi balin bazen edanarazten zitzaiola ur berezi bat Dohoztirin, Yandohozteikoxiloa deitu iturritik. Yandohozteikoxilo hartanDohoztei bada, Ja(u)n Dohoztei preseski.

Zer egin du euskarak Saint-Esteben hartarik? Izena beregain hartu du eta kanbiatu bi muturretarik, hastapenean eta azken partean.

Jakina da sainduen alderako errespetua markatzeko euskarak ez duela baitezpada “saindu” hitza erabiltzen. Latinezko “dominus”-etik “dom”, “don” eman du. Hala nola Don-ostia, Don-aixti, Don-ibane, Don-apaleu. Beraz Saint-Estebenetik Doneztebera joan da euskara. Eta batzuetan Doneztebe honetan gelditu: Nafarroan bada herri bat Doneztebe deitzen dena.

Eta Doneztebe hitzaren gibelean bestepuska bat erantsi du euskarak, hots “hiri” hitza. Hiria ez da bakarrik gure egungo hiria, hemen etxalde ere erran nahi du, latinez “villa” deitzen zena. Ororen buru Doneztebehiri agertu zen. Baina Doneztebehiri hori izen luzea da eta frangotan bezala, denboraren poderioz, higatu eta azkenik Dohoztiri edo Donoztiri gisa bilakatu da, laburturik. Non ikusten baita Esteben saindua ongi kukutu dela Donoztiri itxura harturik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/04/16

Haziak mintzo

Dona Martineko eskola

Haziak%20mintzo

Korrika

Martxoaren 24an, asteartearekin, Korrika gure herritik pasatu da.

Eskolan, Korrika aipatu eta landu dugu, kantua eta dantza gelan ikusi ditugu.

Plazer handiarekin, lagun eta erakasleekin parte hartu dugu ekitaldi hortan.

Arratsaldeko 16:00etan Larresoroko zentroan elgarretaratu gira eta gure kilometroa egin dugu lasterka.

Giro biziki ona zen, jende anitz hurbildu da mementu goxo horren bizitzeko.

Gure lagun batek lekukoa hartu du eta guk gibeletik segitu dugu.

Biziki kontent ginen lasterka egitea euskara gure hizkuntza sustengatzeko.

Espero dugu 2 urteren buruan Korrika berriz gure herrira jinen dela!


...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/04/16

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

2026ko Euskarabentura espedizioaren aurkezpena hirugarrenei

Urtarrilaren 27an, asteartez, 3.eko ikasle guziak elkartu dira kolegioko IDZan Euskarabenturaren aurkezpena entzuteko Loba Lazkarairen hitzetan.

Quizz ttipi baten moduan egindako galderei, 3 aukeren artean erantzun egokiak atzeman behar zituzten kolegioko zaharrenek.

Euskarabentura, Euskal Herriko zazpi lurralde eta Diasporako 15-17 urte bitarteko 127 gazteendako espedizioa da, uztailaren 1etik 31 artean antolatua dena. Bakarrik 190€ gazteka eskatzen da, jakinez 4 kamiseta emanak zaizkiela, furgoneta badela zakuen eramateko eta dena oinez egiten dela. Haiek laguntzeko, 30-35 "xerpak" deitutako helduek parte hartzen dute abenturan.

Herriz herri ibiliz, noiztenka topaketak, lekukotasunak, eztabaidak, mintzaldiak, gaubeilak eta aktibitateetan parte hartzeko parada dute, euskaraz gozatzeko lehentasuna ukanez.

Xehetasun gehiago:

Irakurri segida

3830. zbk

Gure Hitza | 2026/04/16

SOS arrazakeria!

Menane Oxandabaratz

Herriko bozen biharamunean entzun diren gertakari batzuek historiaren garai ilunak gogorarazten dituzte. Bally Bagayoko, jatorriz maliar familiakoa, lehen itzulitik Saint-Denis hirian (156.149 jende) auzapez hautatua izan delarik, hitz iraingarriak entzun eta irakurri dira. Bere agintaldiaren hasieratik, arrazakeriaren biktima da.

Azken denbora hauetan ikusten da eraso arrazista anitz badela, bereziki emigrazio familietatik jalgitzen direnek dute egoera hori jasan behar. Pertsona baten nazionalitatea, larruaren kolorea, jatorria eta erlijioa dira kontutan hartuak, ez eta pertsonaren izaera, baloreak eta ahalak. Ezaugarri fisiko batzuengatik, maluruski gero eta ohikoagoa da publikoki pertsona bat zikintzea, ez bada zanpatzea.

Maila politikoan mezu arrazistak entzuten dira, bereziki eskuin muturrak zabalduak. Jatorriz atzerritik sortu familiak lanjerosak eta anitz kostatzen direnak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016