Han eta Hemen | 2026ko Apirilaren 16a
Euskarazko irakaskuntzaren bilakaera
Martxo hondarrean, Seaska, Ikas Bi, Euskal Haziak eta Biga Baik prentsaurrekoa eman zuten Baionan, Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzaren bilakaerari buruz duten kezkaren berri emateko.
Ikasle kopurua beheraka
Euskararen Erakunde Publikoaren datuen arabera, 2025-2026 ikasturte hasierako datuek euskarazko irakaskuntzaren bilakaera emekitu da, sare guzietan.
Ipar Euskal Herriko biztanleria urtero emendatzen bada ere, 2025eko ikasturte hastapenean ikasleen kopurua apaldu da irakaskuntzan oro har, baita hiru sare elebidunetan eta Seaskan ere. Zenbakietan, 2024tik 2025era 112 ikasle gutiago zenbatzen dira. Lau sareetako arduradunak kezkatuak agertu dira euskararen etorkizunari begira.
Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, ikasleen %22,5ak baizik ez du ordutegi parekideko edo murgiltze ereduko irakaskuntza segitzen.
Beherakada hunek ez du botere publikoek 2050erako espero duten hiztunak %30era ailegatzea ahalbidetzen.
Joera hori sortze tasaren beherakadari lotua bada ere, euskarazko irakaskuntzari baliabide kuantitatibo eta kualitatibo berriak emateko momentuan Hezkuntza Ministerioaren “borondate faltak” ere azpimarratuak izan dira.
Ekintzak galdegiten
Azterketen hizkuntza estrategikoa denez ikasleentzat, irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta murgiltze ereduko ikasleen burasoen elkarteek lehenean egiten den baxoko matematikako froga aitzinatua euskaraz egiteko aukera esperimentatzea galdegiten dute, 2027 goaitatu gabe. Oroitarazi dute 2012tik 2019ra hala izan zela, eta ez dutela horren debekatzeko arrazoirik ikusten.
Horrez gain, ikasleek ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera ukaitea galdegiten dute, epaimahai elebidunak antolatuz.
Horren galdegiteko, apirilaren 2an, Seaska Jean-Marc Huart Bordeleko akademiako errektorearekin bildu da. Momentuan arraposturik emana izan ez bada ere, apirilaren 10ean, akademiako errektoreak gutun baten bidez jakinarazi du aurtengo baxoko matematikako azterketarik ez zela euskaraz antolatuko.
Seaskako lizeoko ikasleek duela bi aste asanbladako entzunaldian oroitarazi ahal ukan zuten bezala, erabaki honek ondorio garrantzitsuak ditu haien ibilbidean.












