Mundu zabalean | 2026ko Apirilaren 16a
Pestizidak ez dira ezinbestekoak
J.B.
Pestizidarik erabili gabe laborantxako etekin berdintsuaren atxikitzea posible da, baldintza eta egin molde zonbait errespetatuz. Hori da Frantzia guzian INRAE erakunde publikoak 10 urtez eraman duen esperimentazio zabal baten erakaspena. Produktu kimikoen saltzaileak ez dira horien irabaziak galtzerat uztekotan.
10 urteko entsegu eta esperimentazioa
Urtetik urtera pestiziden erabilpenak ondorio gaitzak baditu lurra, ura eta airearen kutsaduraren aldetik, jendeen osagarria eta biodibertsitatea kaltetuz, kosta prezio handiarekin gizartearentzat bai eta ere laborarientzat. Pestizidarik gabe nola egin dezakete laborantxa konbentzionaleko laborariek? Zer etekin atera dezakete? Ekonomikoki irauten ahal dukete? Funtsezko galdera horieri erantzuteko 10 urteko esperimentazio zabala eraman du INRAE edo laborantxa, alimentazioa eta inguramenaren ikerketa Institutu Nazionalak, Tolosa aldeko Purpan laborantxa eskolako eta CIRAD agronomia ikerketako nazioarteko kooperazio zentroaren laguntzarekin.
Pestizidarik gabe etekin ona ateratzea posible da
Ingeniari eta teknikarien laguntzarekin laborantxa industrialeko 5 etxalde eta kultura anitzetako hazkuntzan ari diren beste 4 etxalde sartu dira programan. Elgarrekin pentsatu dituzten proiektuak segitu dituzte, pestizidak baztertuz bainan lurra landuz eta unkailu mineralak baliatuz behar orduan.
Landare kutsakorren, onddoen eta mamutzen kontra jokatzeko, urtetik urterat ondu duten lan egiteko manera hiru zutabetan oinarritzen da: profilaxia (kutsatuak diren hondakinak kontrolatuz, hazi sanoak erabiliz, laborantxako tresnak ongi garbituz…), landare biodibertsitatea baliatuz (kultura errotazioak bereziki elgar osatzen duten landareen artean…) eta lurraren osagarria zainduz (pestizidarik gabe, lurraren iraulketa mugatuz…).
Sistemen emaitza ekonomikoak ere neurtuak izan dira eta etxalde bakotxean irabazi garbiak atera dira, SMICa bat eta hiruren artekoak.
Azkenean pestizidarik gabeko laborantxa konbentzionala produktiboa eta ekonomikoki iraunkorra dela frogatua izan da. Metodo hori laborari gehienentzat eskuragarria izaiteko politika publikoen beharra dagoela diote esperimentazioaren eramaileek. Gainera neurtuak izan diren emaitza horiek baliatzen ahalko dira trantsizio agroekologikoa bultzatzen ari diren Europako egituretan.
Gai kimikoen saltzaileak ez daude lo
Ikerketa zientifikoek osagarriarentzat pestizidek ekartzen duten kaltea erakusten dute, egun bakotx gehiago. Aldi oroz, laborategietan finkatua da zein den, molekula bakotxarentzat, hein arriskugarria. Bainan molekula nahasketen efektua ez dela behar bezala konduan hartua azpimarratzen dute ikerlari askok. Molekula bakotxak ekartzen duen kaltea, ttipia izanikan ere, biderkatua izaiten ahal baita beste pestizida baten molekularekin nahasten bada. Hori frogatua izan da berriki, Perun egin den ikerketa handi batean. Han minbizia bilakatu baita osagarri publikoko arrangura nagusia.
Sei urtez erabiliak izan diren 31 pestiziden dispertsioa neurtu dute ingurumenean eta minbizia zuten 150.000 pazienteen kokapenarekin parekatu. Pestizida gehien erabilia zen tokietan minbizia ukaiteko irriskua 2,5 aldiz handiagoa zela ohartu dira. Tolosako Unibertsitateko molekularraren ikerketa zuzendaria den Stephane Bertanirentzat “lehen aldia da, herri oso baten heinean, pestizida nahasketen presentzia eta eritasunaren arteko lotura zuzena erakutsia dela”.
Horrek ez ditu pestizida saltzaileak geldiarazten. Molekula arriskugarrien zerrenda luzatzen ari den momentu berean, beste molekula berri gehiago plazaratzen dituzte, ezin bururatuko lasterkaldi batean bezala. Gainera hemen, Europan, debekatuak diren pestizidak ekoizten segitzen dute Europako enpresa kimikoek, munduko hegoaldeko herri pobreeri saltzeko“gosetearen kontra borrokatzeko egiten dutela” sinestaraziz. Hemen debekatua den pozoina han salduz dirua egiteko. Komertzio ahalke egingarria zinez!





