Herriz Herri - Maule-Lextarre (Z) | 2026ko Apirilaren 16a
Xiru 2026: Kubatik Xiberoala
Xiru 36. aldiz piztü da Xiberoan. Euskal Herri ttipi bat bildürik zen aste bürü hortan Gotainen eta Maulen. Zazpi herrialdeetarik jinik bazen jente.Ala hobeki erran zortzi. Aurtenko kümitüa Kubako ühartea, eta Kubatik jinik artistak gure argitzera. Uhartea izan zen hertsiki lotürik Xiberoarekin ere püntü batetan, ez gira hortan ere salbüespena izan... Kubatik. Ikusgarri berri eta honkigarri bat sortu da Mauleko Plaza Gizon gelan, gela aski handia, bena egün hartan hanitxez ttipiegi. Esklabotarzüna, menpekotarzüna, bena askatasuna ere, antzerki hortan hala ürrentzen beita, historian izan den bezala behar ere! Pascal pentsalariak mezü bat igorri zeitan berriki: “Indarrik gabeko justizia ezin daite, bena indarra justiziarik gabe, tiranikoa da”. Maleruski historia errepikatzen da… Bena memoria eta sormena josten direlarik, ordüan bai artearen eginbidea agerian dago: Nicole Lougaroten ikerketa eta taula zuzendaritza, Maika Etxekoparren pertsonaje eta kantoreen kolorea, bai eta Fiston Bidiefono Gotaineko Kongotarraren dantza indartsüa, eta Kuban eta E.H.an sortü melodiak Battitt Elizalderen pianoan.
Egün bakotxa bena bete betea. Antzerkiko izen eta izanak Ikerzaleak alkartekide den Robert Elizondoren ahotik, mintzaldi aberats batez kontatürik, hitzez eta argazkiz… Gero, plaza herri erditan berriz ohatzeko, dantza jauziak etapilotaren klaska ederra, Urdiñarbeko lau jokülari gazte eta zainarten eskütik, eskerrak zor deitzegü, egün hartako ekia bezain beroak!
Plazatik elizala bi ürrats, bi kantaldi-musikaldi eder, hor ere jentezbeterik. Lehena 2012ko Xiruren segida nolabait: ordüan egin günüan “XIRU SARRI”, Joseba Sarrionandiaren olerkietarik ikusgarria, bena ez günüan iholaz imajinatzen gure euskal olerkari-idazlea, Kubako bere gorde lekütik ützüliko zela noizbait, Gotainera jiteko! Hameka olerki-istoria, bere ahotik aurkeztürik eta Dana Moya Bizkaiko kubatar eüskaldün berriak müsika-ahaideak sortürik eta kantatürik. Elegante.
Aihari goxoa herriko gelako terrazan hartürik, Abotia kultura elkartearen inplikazione ederrak lagüntürik, bai eta eüskarazko batzarria segürtatürik, Euskaraldiko “Ahobizi” “Beharriprest” pintzak soinean! Azken kontzertü “magistrala” izan zen Contratemps taldearen Orishas emanaldia entzün eta ikusiz: Bartzelonan bizi kubatar laukote horrek bidaje harrigarria eginarazi deiküe, Afrikako Yoruba perkusionetarik, Kubako barroko eta herrikoi musiketara. Lixsania Fernandezen botzak, bardin biola de gambak ere, emozionez eta boztarioz bete dü eliza. Eta hau aski ez balitz, berriz hasi da, hasi dira, sonü eta kantore, Ronnie Lynn Pattersonen piano-bar giroan arratsaren eta XIRUren ürrentzeko. Bizi bedi 2027koa!











