Ba ote dakixu? | 2026ko Apirilaren 16a

Lionel Jospin (2/4)

Gilen Bacho

Klase erdiko haurra, Lionel Jospin, Pariseko burgesia handiaren Janson de Sailly lizeoan zen “ezkertiarra egiazki senditu”. Desberdintasun sozialak argiki ageri ziren, miseria sozialaren kalte handiak ikusi baitzituen bere aitak zailtasunetan, eta gabezian, ziren gazte zenbaitez okupatzen baitzen, kudeatzen zuen ikastetxe batean.

“Sozialista gisa ari izan naiz”

Erran bezala, Jospin gaztearen lehen engaiamendua Aljeriako gerlaren kontra izan zen. Bere aitaren ikastetxean zuen Michel Lautrec ezagutu, Aljeriako independentistak sostengatzen zituen Pierre Broussel militanteak, “Lambert” deitua eta OCI (Organizazio Komunista Internazionalista) mugimenduko buruzagia, troskismoari konbertitu zuena. Ber maneraz, Lautrec-ek zuen Jospin konbertitu. PSUko kide geldituz, Jospin OCI erakundean sartu zen 1965ean. Lehen hautuko kide berri bat zen mugimendu lambertistarentzat, Jospin ENAko ikasle ohia baitzen (1963tik 1965era, Jean-Pierre Chevènement-ekin), kanpo arazoetako ministerioan izendatua, kooperazio ekonomikoko zuzendaritzan (berantago Medef-eko nagusia bihurtuko zen Ernest-Antoine Seillière-rekin). Kasik bi hamarkadaz organizazio troskista horren barnean egon zen, sekretu handienean. Luzaz, Jospinek kidetasun hori ukatu zuen, zenbaitek Olivier bere anaiarekin nahasketa egiten zutela erranez. Prentsak sekretu hori bakarrik 2001ean, lehen ministro zelarik, zuen salatu, polemika handia sortuz. Jospin Alderdi Sozialistan sartu zela 1971n OCI-k manaturik idatzia izan zen baina Jospinek ez zuela sekula joko bikoitzik jokatu beti erran zuen: “1973tik goiti, Alderdi Sozialistan ardura nazionalak onarturik, sozialista gisa ari izan naiz.”


Ezkerreko batasunaren alde

1971n, Epinayko kongresutik hilabete zenbaiten buruan, zeinean Mitterrand alderdiko lehen idazkari bihurtu zen, Lionel Jospin Alderdi Sozialistan sartu zen. Jospinek Mitterranden aldera mesfidantza bazuen, Aljeriako gerlari pentsatuz, Mitterrand 1956an Guy Mollet-en barne ministroa izan baitzen. Baina, orain, Mitterand ezkerraren esperantza bilakatua zen. Gainera, “kapitalismoarekin haustura” defendatzen zuen. Horregatik, Jospinek ez zuen kontradikziorik sentitu, 1983a arte bederen, bere bi engaiamenduen artean, Alderdi Sozialistan eta OCI organizazio troskistan. Pierre Joxek zuen (ENAko ikasle ohia eta protestante familia batetik zetorrena ere) Jospin Mitterandi presentatu. Berehala, Jospin Mitterrand inguratzen zuen aditu taldean sartu zen eta, 1973an, Grenobleko kongresuan, idazkaritza nazionalean. Memento horretatik goiti, Mitterrandi leial egon zen. Leialtasun hori argiki erakutsi zuen Metzeko kongresuan, 1979an, Mitterrand hautatu zuelarik Rocarden kontra. Rocard segitu zuen PSUko kide zen denboran, Aljeriako gerlaren kontra baitzen, baina Mitterrand zela behar zen liderra ezkerraren garaipena lortzeko sentitu zuen. Gainera, Rocard eta “bigarren ezkerraren” alderantziz, ez zituen harremanak moztu nahi Alderdi Komunistarekin, ezkerraren batasunaren alde baitzen (jada “Denen arteko programa”-ren denboran). Horregatik 1981eko Mitterranden garaipenaren ondotik, ministro komunisten sartzea gobernuan sostengatu zuen, komunisten sostengua ez bazen beharrezkoa ere, sozialistek bakarrik gehiengoa baitzuten Biltzar nazionalean. Jospinek zuen gobernu akordioa negoziatu komunistekin, Alderdi Sozialistako lehen idazkari bihurtu baitzen 1981eko urtarrilean.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3830. zbk

Gure Hitza | 2026/04/16

SOS arrazakeria!

Menane Oxandabaratz

Herriko bozen biharamunean entzun diren gertakari batzuek historiaren garai ilunak gogorarazten dituzte. Bally Bagayoko, jatorriz maliar familiakoa, lehen itzulitik Saint-Denis hirian (156.149 jende) auzapez hautatua izan delarik, hitz iraingarriak entzun eta irakurri dira. Bere agintaldiaren hasieratik, arrazakeriaren biktima da.

Azken denbora hauetan ikusten da eraso arrazista anitz badela, bereziki emigrazio familietatik jalgitzen direnek dute egoera hori jasan behar. Pertsona baten nazionalitatea, larruaren kolorea, jatorria eta erlijioa dira kontutan hartuak, ez eta pertsonaren izaera, baloreak eta ahalak. Ezaugarri fisiko batzuengatik, maluruski gero eta ohikoagoa da publikoki pertsona bat zikintzea, ez bada zanpatzea.

Maila politikoan mezu arrazistak entzuten dira, bereziki eskuin muturrak zabalduak. Jatorriz atzerritik sortu familiak lanjerosak eta anitz kostatzen direnak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016