Euskal diaspora | 2026ko Apirilaren 16a
Harriague Astea, FEVA lehendakari berria, bekak, Reala... eta gehiago
Joseba Etxarri
SALTO, URUGUAI. Astelehenean hasi eta heldu den larunbateraino ari dira ospatzen “Harriague Astea” Salton, Herriko Etxea eta “Saltoko Euskaldunen Taldea” elkartea antolatzaile, heiekin lankide Mahastizainen Elkartea, INAVI Institutua, Turismo Ministerioa eta Errepublikako eta EHU Unibertsitateak. Urtero antolatzen duten kultur aste honek bertan kokatu zen Pascal Harriague (1819-1894)hazpandarra ohoratzen du, eta honek herrian sortu ardogintza industria. Egun Uruguaiko mahats nazionala kontsideratua den Tannat-a herrialdean sartu izana eskertzen diote Harriagueri. Antolatu ekitaldien artean, lore eskaintza haren hilobian, argazki erakusketa, mahats arteko zirkuitua, hitzaldiak, dantza emankizunak, euskal sukaldaritza, ardo dastaketak, grappa eta bermut tailerrak, kontzertuak...
BUENOS AIRES. Joan den ebiakoitzean, Ipar Euskal Herrian Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakari hautatzen ari ziren ber denboran, Buenos Airesen FEVA Euskal Etxe argentinarren federazioak ere bilkura eta hauteskundeak egin zituen, eta Carlos Miguelena pergaminotarra hautatu zuten lehendakari Mar del Platako Asier Iriberriren lekukoa hartzeko. Lehenengo lehendakariorde Arantxa Anituak segitzen du, bigarren lehendakariorde Guillermo Canut rosariotarra sartzen da, eta diruzain, Marcos Castillon tandildarra.
SAN FRANTZISKO... Abiatu berria du asteazken huntan San Frantziskoko BEO (Basque Educational Organization) elkarte euskaltzaleak bere gazteendako beka dirulaguntzak galdegiteko epea, bi lerrotan: sortzaile artistikoendako beka eta emazteen ahalduntze beka (argibideak Basqueeducational.org webgunean). Ebiakoitzean, San Frantziskon baita ere, sagardotegi txotx afaria Gure Euskal Etxean, 200 jarleku saldu dira, Zazpiak Bat dantza taldea antolatzaile. Egun berean, Portlanden muntatzen ari diren Euskal Etxe berriak elgarretaratzea eginen du. Xehetasunak, portlandbasque.com-en. Eta Pariseko Euskal Etxean, Besta Erromatarra, PEER errugbi talde mutikoenaren eta emazteenaren eskutik.
DIASPORAtik REALA. Eta errugbia aipatu dugularik, futbola ere aipatuko dugu, heldu den ebiakoitzean munduko hainbat Euskal Etxe eta biltokitan begiak Espainiako Sevilla aldera bideratuko baitira, hor jokatuko baita Kopako Finala Donostiako Realaren eta Athletico Madrid-en artean. Milaka zale batzuk Sevillara joanik ikusiko dute eta beste hamaikak telebistaz edo online. Diasporatik ere, Realaren peñek, Euskal Etxeek edo zaleek berek ikusteko elkarturik, hala nola Mexikoko Euskal Etxean, New Yorken, Barranquillan, Valentzian, Bartzelonan, Madrilen, Kalifornian, Argentinan, Europako hainbat lekutan... Aupa xuri-urdinak!











