Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Apirilaren 16a
“Lautan hiru” antzerki gaualdia - “Loratzen” ikusgarria - Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakari
“Lautan hiru” antzerki gaualdia
Joan den asteko alean aipatu bezala, oroit apirilaren 17an (19:00) “Zaku berekoak” (Xabin Fernandez - Gehibat konpainia) eta “Hautagaia” (Pantzo Hirigarai, Mizel Sarratia, Beñat Bidegain, Peio Larre, Armand Jaunarena eta Anje Duhalde) antzerkiak emanen direla Biltxokon.
“Loratzen” ikusgarria
Apirilaren 19an (16:30), Alabena eta Bat Egin-ek “Loratzen” dantza, antzerki, musika eta kantu ikusgarria emanen dute Biltxokon. Huna sinopsia: “Lore baratzezaina da eta bere lanean eta ohiko mekanismoetan buru belarri murgildua da. Dena kontrolpean du, hori da, behintzat, berak uste duena... Poliki poliki, Lorek zerbait hautemaiten du urrunera, eta beregandik hurbilago gero. Horrek bere lanean eta bizitzan traba sortzen dio”. 6 urtetik goitikoei zuzendua.
Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakari
Herriko bozen ondotik, Euskal Elkargora joanen diren Herriko Etxe guzietako 232 ordezkariak izendatuak izan dira.
Euskal Elkargoko lehendakari berria hautatzeko biltzarra iragan da apirilaren 11n. Aurten, lau lehendakarigai izan dira: Alain Iriart, Peio Etxeleku, Jean-René Etchegaray eta Pascal Lesellier. Bigarren itzulian Alain Iriart Hiriburuko auzapeza hautatua izan da. Bozak tinkiak izan dira, Hiriburuko auzapezak 119 boz lortu baititu, Baionako auzapezak 102 lortu dituelarik.
Lehen itzuliaren ondotik, Peio Etxelekuk bere hautagaitza kendu zuen, eta jakinarazi Alain Iriart-en alde bozkatuko zuela.
Emaitzaz biziki hunkiturik, 25 urteren ondotik, Alain Iriart-ek ondoko asteetan Hiriburuko auzapezgoa utzi beharko luke.











