Han eta Hemen | 2026ko Ekainaren 04a
Herria astekaria kenka txarrean
Lerro hauek idaztean, 82 urte ospatuko dituen Herria astekari hunek garai zailak bizi ditu. Azken bi urtetan kontuak gorrian izan ondotik, egoerak hala segitzen badu, etorkizuna ez da bermatua izanen.
Ibilbide luzeko astekaria
Kaseta hunen historikoa labur-labur aipatzeko, Herria 1944ko urrian sortu zen, debekaturiko Eskualduna astekariaren ondorengo gisa, Vichyko erregimenaren alde egiteagatik hetsia izan ondoren. Bigarren gerla mundial garaian, Piarres Lafittek eta beste euskaltzale batzuek kazeta berria abiatu zuten, euskaltasunari eta editorial ildo berri bati lekua emateko. Hainbat idazlek parte hartu zuten bertan, eta arazo judizialak ere ukan zituen, sustut Aljeriako gerlaren kontrako artikuluengatik. Hala ere, Herriak beti aitzina segitu du, diru iturri gutirekin, baina beti nahikari eta kemen handiarekin. Nahiz anitzetan haizearen kontra arizan den, beti euskarari eman dio lehentasuna.
Gaur egun, Herria astekariak 30-40 lagunen laguntzarekin segitzen du, nahiz eta bi langile bakarrik izan: idazleburu bat eta idazkari bat. Boluntario anitzek astero laguntza ekartzen dute kronikak eta herrietako berriak idatziz, eta horri esker Ipar Euskal Herriko 20-30 herriren informazioa zabaltzen da. Berriez gain, helburu nagusia herritarrak euskaraz irakurtzera sustatzea da, euskara Euskal Herriaren oinarritzat hartuz.
Garai zailak
Azken urteotan, gastu batzuk, bereziki posta eta inprimatze gastuak, biziki emendatu dira. Ondorioz, Herria egoera zailean da gaur egun. 2024an 11.000 euroko galera izan zuen, eta 2025ean 28.000 eurokoa. Egoera hunek segitzen badu, astekariaren etorkizuna ez da gehiago segurtatua izanen, eta bi lanpostu zuzenean mehatxatuak dira.
Egoera honi buru egiteko, diru bilketa parte-hartzaile baten abiatzea erabaki da, 20.000 euroko helburuarekin.
Jendearen sustengua ezinbestekoa da: bakoitzak ahal duen neurrian lagun dezake. Herria sustengatuz, euskararen zaintzan, prentsa libre eta independente baten atxikitzean, eta ondare kultural bizi baten ondoko belaunaldiei transmititzean parte hartzen da.
Herria laguntzeko
Diru emaitza egiteko, xuxenean Helloasso plataformaren bitartez biramendu bat egin daiteke, www.helloasso.com/associations/editions-basques-herria helbidera joanez.
Bestenaz, txeke bat bidali daiteke “875 route de Landagoyen 64480 Uztaritze” helbidera.
Jestu bat eginen dutenei, aitzinetik eskerrak.






