Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Ekainaren 04a
Pala finalak - Elealai jaialdia - “Txiotxioka” ikusgarria - Organo kontzertua - Urruñarrak Pilotaren erakusketa - Arkularien txapelketa - Pilota
Pausuko pala finalak
Pausu auzoko pala txapelketaren finalak maiatzaren 3an jokatu behar zituzten baina euriagatik, lehen mailako finalisten partida ezin izan dute jokatu maiatzaren 28a arte. Hauek izan dira finalistak hiru mailetan:
3. mailako finalistak: Laurent eta Yasur Senpe 30 – Xabi eta Hodei Gastesi 25.
2. mailako finalistak: Karrikaburu eta Zamora 30 – Alzuri eta Larzabal 15.
1. mailako finalistak: Xan Senpe eta Marco Berho 30 – Eñaut Larretxe eta Tomas Urtxuegia 26.
Elealai jaialdia
Azken urteetan bezala, aurten ere eta Urruñako Herriko Etxearen laguntzaz, Elealai izeneko euskal antzerki ekitaldiaren 3. edizioa izanen da ekainaren 6tik 8ra. Ekainaren 7an, igandez, eta Zokoa auzoko Aisialdi egoitzan, Etxobor eta Tor Magoen “Aztikeriak” izeneko saioa izanen da (16:00), urririk. Ekainaren 8an, astelehenez, Nanoua konpainiaren “Tumbalatum” izeneko antzezkizuna Zokoa auzoko aisialdi egoitzan (11:00), urririk. Haur antzerkia izanen da 8 hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrentzat, eta lagunduko dituzten helduentzat. Iraupena: 25 minutu.
“Txiotxioka” ikusgarria Zokoan
Ekainaren 7an, igandez (12:00), Elirale konpainiaren “Txiotxioka” ikusgarria emanen dute Zokoa auzoko kiroldegian. Ikuskizun honetan dantza eta antzerkia aldizkatzen dira. Urririk. Taula eramailea: Pantxika Telleria, interpreteak: Maddi Zubeldia, Jon Vernier eta Joana Ouret (txandatuz) eta musikaria: Paxkal Irigoien.
Organo kontzertua elizan
Ekainaren 14an, igandez (18:00), eta Euskal Herriko Organoak Kantuz kultur ekitaldiaren kari, Gabriele Agrimonti organo-jole italiarrak “Biba Italia!” izeneko kontzertua emanen du herriko elizan, Bossi, Puccini eta Verdiren doinuak eskainiz. Sarrerak 45 minutu kontzertua aitzin elizako atarian salgai izanen dira edo https://festiorgues.org delakoan sartuz. Prezioa: 18 euro, prezio murriztua: 14 euro.
Urruñarrak Pilotaren erakusketa
Urruñarrak Pilota Elkartearen ehungarren urteurrena dela eta, argazki erakusketa izanen da Posta gelan, ekainaren 1etik 14ra (9:00-12:30), eta arratsaldean (14:00-17:30).
Arkularien txapelketa
Ekainaren 7an, igandez, goizean (9:30etatik goiti), eta arratsaldean (14:30etatik goiti), Larrungo Arkulariak elkarteak antolaturik, departamentuko arkularien txapelketa izanen da, herriko errugbi estadioan.
Pilota partida ederra
Ekainaren 13an, larunbatez (17:00), eta Urruñarrak Pilota elkarteak bere ehungarren urteurrena ospatzeko antolaturik, pilota partida ederra izanen da Dongaitz trinketean. Biskubi eta Sanchez, Espinal eta Lazkanoren kontra. Sartzea urririk.





