Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Ekainaren 04a
Heriotze - Herriko bestak ekainaren 12tik 15era, herri barnean - Ibilaldi gormanta ekainaren 28an - Ortziralean, Beltzuntzeren biltzar nagusia
Heriotze
Berrikitan zendu da David Lesieur organbidekoa, 58 urtetan. Joan den astean Donoztiriko berriketariak eman zuen heriotze hunen berri, oroitaraziz 1997an jin zela Euskal Herrira, Donoztirira, jin orduko aski fite muntatu zuela gaur egun 11 langile dituen Tech service enpresa, eta herri huntan 12 urtez egon zela herriko kontseilari. Hunen ehorzketak Donoztiriko elizan egin dira maiatzaren 26an.
Aiherran hunen ezagutzeko parada eta xantza ukan dugu, Marie Claire Mirande aihertarrarekin ezkondua baitzen, eta bere enpresa Gozategia azpian herriak eraiki eta saldu lokalean plantatua baitzuen, hots herri erdian.
Eritasun latza duela 4-5 urte harrapaturik, luzaz hunen kontra borrokatu da kuraia handiarekin, eta etxean zenean egun guziz bulegora joanez, ez bere langileen ikustera, baina bai lankideen ikustera. Dolumin bizienak familia guziari eta bereziki bere ama, anaia eta Marie Claire bere emazteari.
Herriko bestak ekainaren 12tik 15era, herri barnean
Denen gostukoa egin nahian aurten ere gazteek beren bost egin ahalak egin dituzte programa oso eta aberats baten eskaintzeko. Hona programa osoa xehetasun guziekin:
Ekainaren 12a, ostirala (19:00): Kutxa Lasterketa, ondotik gaualdia DJ Doyk animaturik eta Morfal Burger-en janari berezia (burger).
Ekainaren 13a, larunbata: (8:00) mendi ibilaldia, Denen Etxetik abiaturik, 12km
(10:00) Aiherrako lasterketa (trail 18km). Taloak eta edariak (12:00), Aiherrako 3. adinekoen elkartekoek prestaturik eta zerbitzaturik.
Zikiroa plazan Botakantu taldeak alaiturik (20:00) eta ondotik dantzaldia Dizkobolo taldearekin.
Ekainaren 14a, igandea: puzgailuak haurrentzat egun osoan. Zintzur bustitzea (12:00) Herriko Etxeak eskainirik. Ondotik bazkaria Gozategia herriko ostatuan. Arratsaldean (16:00) pilota partidak herriko plazan; ondotik (18:30) dantza ikuskizuna Pirtxilak xiberotar taldearekin.
Ekainaren 15a, astelehena, herritarren eguna: birla txapelketa Antzuola jostalekuan (10:00). Bazkaria (12:00) Aiherrako Ihiztarien Elkarteak antolaturik. Paella jatea plazan (20:00). Ondotik azken dantzaldia Txitxirioak taldearekin. Ongi etorri deneri!
Ibilaldi gormanta ekainaren 28an
Aiherrako eskola giristinoko burasoen elkarteak jakinarazten du urte guziz antolatzen duen “ibilaldi gormanta” aurten ekainaren 28an iraganen dela, igandearekin. Usaian bezala eliza gaineko eskola elebidunetik abiatuz, oinezko bi ibilbide proposatuak dira, 8km eta 15km-koak. Izen-emateak eskolan berean eginen dira (8:00). Xehetasunak geroxago.
Ortziralean, Beltzuntzeren biltzar nagusia
Beltzuntze elkarteko arduradunek oroitarazten daukute Beltzuntze elkartearen biltzar nagusia ortzirale huntan, ekainaren 5ean (19:00) iraganen dela, Herriko Etxean. Aipatuak eta tratatuak izanen diren gaiak: iragan urtearen bilan morala, konduak eta heldu den urteari buruzko proiektuak (antzerki, kantaldi, mintzaldi, Aiherra eta Antzuolaren arteko harremanak, beste?).
Bilkura bururatzean, janari eta edarien partekatzea proposatua zauku.
Ongi etorri deneri.





