Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Ekainaren 04a
Kontseiluko biltzarra - Biltzar aitzinetik - Berote handieri buruz - Biltzar nagusi - Eskuz Esku elkarteak 50 urte - Kantaldi musikaldi
Kontseiluko biltzarra
Joan den ortzegunean iragan da maiatzeko kontseilu biltzarra Lapurdin, tokian 25 hautetsirekin. Aho batez onartu dira gai guziak:
- Transferitu karguen ebaluaketa tokiko batzordeko kideen izendatzea: titular Piero Rouget, ordezko Sandra Idieder.
- Enedis enpresarekin, Astoloberria aparkalekuan, ibilgailu elektrikoen kargatzeko gune bat tokian emaiteko hitzarmena.
- Heraitze auzoaren antolaketarako obrentzat laguntza misio bat sortzea (bilana eta estrategia aztertzeko) eta Euskal Elkargoaren partaidetza galdegitea.
- Finantza sailean mailegu kontratu baten berme agertzearen onartzea.
- Ahalmen urriko pertsonen enplegatze sailean enplegu iraunkor baten sortzea.
- Mediateka berriko zerbitzuentzat lanpostu batzuen sortzea.
- Asiako liztorren kontrako borrokarentzat laguntza baten plantan emaitea.
Hurrengo biltzarra uztailaren 2an.
Biltzar aitzinetik
Kontseiluko biltzarraren aitzinetik egin da mediateka berriaren bisita, obrak aitzinatzen ari direla. Itxura ederra hartzen ari da. Bildu da segidan gazte kontseiluaren biltzarra. Gazte kontseiluko kideak (20 lagun kolegioko adinekoak) 2024an hautatuak izan ziren, orduan Eric Malharancin axuanta zutela gidari. Orain Jean François Ruiz axuanta eta Christelle Larrieu hautetsia dira hortaz arduratzen. Aurten ere talde horrek proiektuak baditu, dirudienez uztariztar belaunaldi guzien onetan. Ez dira oraino osoki finkatuak bainan jakinen dira laster. Denbora mugatuan hautatua baita gazte kontseilua, aurtengo udazkenari buruz berritua izanen da.
Berote handieri buruz
2004ko ekainaren 6an finkatu legearen arabera, Uztaritzeko herriak xutik eman du esna eta alerta erabilgailua berote handiek ekar dezazketen arriskuen menperatzeko. Horrentzat CCAS herriko ekintza sozialen zentroa ari da etxetan bakarrik bizi diren adineko jende edo elbarrituen izenak biltzen. Molde hortan errexago izanen da sokorria ekartzea behartzen zaionari. Laguntza horien beharra aitzinetik sendi dezaketenek lehenbailehen izena eman behar diote zentroari, Aurore eta Aña Herriko Etxean direla errezebitzeko eta aholkuen emaiteko. Telefonoz ere eman ditaike izena: 05-59-93-38-91.
Biltzar nagusi
Joan den larunbat goizean Ikas zentroak egin du bere urteko biltzar nagusia Lapurdi gelan, 60 bat entzulerekin, hor zirela EEPko ordezkaria, Katixa Dolhare EKEren izenean eta Akitaniako hezkuntza saileko ordezkaria. Ikas zentroa elkarte pedagogiko eta argitaletxea da denbora berean, ikastetxetako liburu eta materialaren mailan. Christelle Rouma hautetsiak ongietorria egin du Herriko Etxearen izenean. Paxkal Bourgoin Euskal Haziak-eko lehendakariak eman du txosten moralaren berri. Ondotik Aines Dufau zuzendaria arizan da luze eta zabal urteko lanen berri emaiten. Aipatu dira mediateka birtuala, dokumentazio osoa sail guzietan, partaidetzak, formakuntzak, animazioak, hedapena eta 2026ko egitasmoak. Oro gai interesante eta beharrezkoak. Gaur egun Ikasek 7 langile ditu denbora osoz eta bertze lau denbora mugatuan eta sail berezietan. Artetik begi kliska bat egina izan zaio Battitt Crepineri bideo baten bidez, matematika sailean egin lanaren ezagungarri. Susana Hiriartek eman du diru kontuen berri, 2025eko urtearentzat 2.603 euroren etekinarekin bukatu direnak eta Izazkun Apinanizek baieztatu dituenak. Egoera sendoan dela Ikas baieztatua izan da. Lanen aurkezpen, egitasmoen eta diru konduen txostenak aho batez onartuak izan dira. Galde berezirik ez izanez, adixkidantzazko hurrupaldi batekin bukatu da biltzarra.
Eskuz Esku elkarteak 50 urte
Ekainaren 6an larunbatarekin, Eskuz Esku hirugarren eta laugarren adinekoen elkarteak ospatuko ditu bere 50 urteak. Eguna hasiko da meza batekin Jondoni Bixintxo elizan (11:00). Ondotik zintzur bustitze eta bazkaria iraganen dira Jatsuko trinketean. Huntaz berri gehiago datorren astean.
Kantaldi musikaldi
“Labourdins” musika elkarteak antolatzen du ekainaren 13an gaualdia Bilgune gelan, kantu eta musikaren inguruan. Gaualdia hasiko da (19:30) kantaldi batzuekin, lehenik Josteta gizon korua, ondotik Julie Rouault eta MUL’N JUL. Arratsean (23:00) Kilimak taldea. Sartzea 10 eurotan finkatua da. Gaualdi osoan jateko eta edateko segurtatuak izanen dira tokian berean.





