Ba ote dakixu? | 2026ko Ekainaren 04a
Fronte Popularra (¼)
Gilen Bacho
Duela 90 urte, 1936ko maiatzaren 3an, ezkerreko alderdiak, Fronte Popularrean bilduak, diputatu bozak irabazi zituen. Ezkerraren bateratzea, garaipen historiko hori ekarri zuena, bi urte aitzin sortu zen, testuinguru batean zeinean faxismoa gero eta azkarragoa zen Europa osoan.
Faxismoari buru egin
1933ko bukaeran, Stavisky afera, finantza-eskandala bat zeinean gizon politiko zenbait ustelkeriaz akusatuak ziren, eztabaida publikoaren zentroan zen eta eskuin muturrak bere indarrak azkartu zituen erregimen parlamentarioaren kontrako borrokan. Eskuin muturreko Ligek (“Action française” liga partikulazki) baina ere gerlari ohien elkarteek (zeinetan “Croix de feu” elkartea zen indartsuena, De la Rocque koronelaren agintepean) manifestazio handia antolatu zuten, 1934ko otsailaren 6an Parisen, ofizialki ustelkeriaren eta Daladier gobernuaren kontra. Baina gauzak laster mindu ziren eta manifestari zenbaitek Diputatuen Biltzarraren jauregia oldar handiz atakatu zuten. Poliziak gogorki ihardetsi zuen eta hamabost jende hil izan ziren (eta ehun bat kolpatu). Egun odoltsu horrek lanjer faxista erakutsi zuen Frantzia osoari. Ezkerraren arabera, estatu kolpe faxista saiakera izan zen. Lanjera hor zen, Hitler eta Mussolini boterean baitziren Alemanian eta Italian. Otsailaren 12an, ezkerreko alderdi eta sindikatu guziek elkarrekin manifestatu zuten. Alderdi Komunista 1920an sortu zenetik, lehen aldikoz sozialistak eta komunistak elkarrekin ibili ziren. Alta 1934ko urtarrilean oraino, Maurice Thorez komunisten liderrak sozialistak “etsaiak” zirela errana zuen, baina otsailaren 6ko egunaren ondotik, “ezkerreko populuaren” presioa batasunaren alde gero eta azkarragoa zen langile klasean bai eta ere intelektual munduan, “Batzorde intelektual antifaxista” sortzearekin, Rivet sozialista, Langevin komunista eta Alain erradikalaren sostenguarekin.
“Batasun ekintzailearen ituna”
Gainera, Stalinek Alemania nazia mehatxu nagusia bilakatua zela Sobietar Batasunarentzat (berriki, Alemaniak eta Poloniak elkar ez erasotzeko ituna sinatu bazuten ere) eta, orduan, Sobietar Batasunak aliantzak eraiki behar zituela demokrazia liberalekin ulertu zuen. Horregatik, Stalinek frantses komunisteri sozialistekin bateratzea eskatu zuen, baina ere demokraziaren alde eta faxismoaren kontra ziren alderdi “burgesak”, erran nahi baita Alderdi Erradikala Frantzian. Orduan, 1934ko ekainaren 23an, Alderdi Komunistak zuen Alderdi Sozialistari (SFIO) faxismoaren kontrako “batasun ekintzailearen ituna” proposatu (“pacte d'unité d'action”). Sozialistak lehenik uzkur agertu ziren baina mitin politiko bat elkarrekin antolatzea onartu zuten, uztailaren 2an, zeinean jende anitz bildu zen. Arrakasta horrek ezkerreko militanteak ezkerreko batasunaren alde zirela erakutsi zuen eta uztailaren 27an, sozialistek eta komunistek “batasun ekintzailearen ituna” sinatu zuten. Alderdi Erradikala aliantzaren barnean sartu zen ondoko urtean. Hauteskunde aliantza zen lehen batean. Lehen itzulian, ezkerreko alderdiek beren hautagaiak presentatzen zituzten baina bigarrenean denak elkartzea ezkerreko hautagai gorenaren gibelean onartu zuten. Aliantza horrek lehen garaipen handi bat lortu zuen, 1935eko herrietako bozetan, Paul Rivet sozialistak Pariseko herriko bozak irabazi zituelarik. Arrakasta horrek esperantza handiak sortu zituen eta ezkerra osoa bildu zen manifestazio handi baten antolatzeko 1935eko uztailaren 14an.




