Orotarik | 2026ko Ekainaren 04a
Kukumarro
Xarles Videgain
Xuhaindorra
Arbolak, zuhaitzak, liliak oro har, ez ditugu anitz ezagutzen edota frankotan nahasten ditugu eta zituzten izenak ere arrozten zaizkigu. Lekuko egun aipatu nahi dudana: xuhaindorra.
Xuhandor, debruzura, judazura, buhame-egurra, zurmadarikatua, apozura, beste izenik badauka. Nonbait, judu-zigorra deitzen da edota orkatz-belarra! Kasu, ez da ania-amia, gurbitxa ez oilokarana, erdaraz ere “bourdaine, nerprun, troène, fusain” ez baitute jendeek beti bereizten. Haietarik batekin polbora egiten zutela 14ko gerlan erran zidan Baigorriko Marcel Errotabeherek. Zoin ote zen ez dut atxiki. Ania-amiaz ote, frantsesez “arbousier” deitzen dena?
Xuhaindor izena luze da eta itxura guzien arabera “zuraindor” da, lehenik “zur” bat da, “zuhaitza” bezala, “zuhamu” bezala. Bainan haindor hori? Haidur “urgulutsu” izaiten ahal da baina arbola bat urguluntzi izaitea? “Aindur” urgulutsua eta gaixtoa da Lakoizketaren arabera. Bainan René Lafonek dioen bezala, arbola hori madarikatua balin bada ere, ez da gaiztoa. Badago “andura” deitu landare bat, sabukitzea bezalakoa baina xuhaindorra ez da barne hutsa sabukitzea bezala. Andurak “mehe, fluxa, ahul” erran nahi du bestalde, baina xuhaindorra aski gogorra da aldiz. Beraz hitzaren zentzua ez dugu osoki hartzen.
Itxuraz, Euskal Herrian ez da bakan ikusten xuhaindorra: bizpahiru metro gora, udarekin liliak fruta ttipi bilakatzen, gorri lehenik eta gero beltz. Xuhaindor mota batzuetan hostoak gorritzenago dira. René Lafon jakintsuak jakin nahi zuen zer zen eta Garazi aldean ibili zen 39-45eko gerlatik ondoko urteetan: euskaldun gehienek arbola hori zer zen bazekiten eta zuraindorra deitzen zuten, hala nola Donazaharren eta Izpuran. Ahatsan ere nahiz batzuek nahasten zuten gerezi-basa edo basa-gerezi ondoekin. Egia erran, frantsesezko hiztegiek cornouiller deitzen den gure arbolari beste izena emaiten diote, “cerisier sauvage”. Elizalde apez euskaltzaleak Lafoni erran zion Gerezietan ez zela nahasi behar oilokabarrarekin ez eta zumalakarrarekin, erran nahi baita nahasten zuten jendeak bazitezkeela. Getarian, lapurteraz, Lafonek “apozura” bildu zuen eta apozura erraiten da gaur ere leku batzuetan. Egia da honen larruak egite baduela pixka bat apolarruarekin. Urruñan sehi batek erran zion “aingeru ostoa” deitzen zela, biziki ona zelakoz (aingerua bezain) enplastre gisa barizen kontra.
Gorago erran bezala arbola ttipi honek izen bat baino gehiago badu. Xuhaindor bezalako hitzak lehenik hala nola zuhaindur, zuando, sumandor (Gipuzkoan), xuhandor. Araban zurrandor hitza bildu da baina beste erdarazko hitzekin hala nola “árbol de las cuatro caras”, edo “arbatijo”edo “barbatilla” edo “barbandola”, andola hori behar bada bat heldu da gure andurarekin. Lhanderen hiztegian iduri luke zuhainidor ere deitzen dela. Bego, ez naiz segur.
Zertarako da xuhaindorra? Bazen Uharte Garazin Esteot jauna Lafoni erran ziona biziki ona zela arbola hori xederak egiteko. Nik uste nuen xedera beste zerbaitez egiten dela baina ni baino abilagoak izan daitezke gure irakurleetan. Hemengo frantsesez “les cédades” deitzen zen, “sedala” hots biloa behar baita gero xori ttipiak urkarazteko!
Ez naiz sekulan izan baina Akelarrerat joaiteko beste sorginen ikustera on omen zen xuhaindorraren hautsa, eta tabakoa bezala hartzen balin bazen droga baten efektua egiten omen zuen. Ez da ustegabetarik de Lancre famatuak xuhaindorra aipatzen balin badu. Pozoin hauta omen zen xuhaindorra, apo larruarekin batera. Preseski erran dut lehenago apozura deitzen dela gure xuhaindorra Lapurdiko Getarian. Azkenean zuhaindorrez egin makila ere on zen Akelarreko bidaiaren errexteko.
Xuhaindorra madarikatua izatea konprenitzen dugu. Gehiago dena, bere pasio denboran Jesu Kristo jotzeko zahaloak ere xuhaindorrez eginak omen zireneta juda-egurra deitzen da Hegoaldeko herri zonbaitetan. Senperen juda-zigorra.
Alta xuhaindorrak ez du beti kalte ekartzen. Xuhaindorraren hostoak on dira larruko minen kontra. Euskal Herritik kanpo ere medikamendu gisa erabiltzen zen. Bainan horra azken ukaldia: Aube herrialdean Jainkoak baimena eman zion debruari arbola bat hauta zezan beretako, xuhaindorra hautatu zuen, lehena baita lilitzen primaderan.Orduan Jainkoak erran zuen gaztigatuko zuela eta xuhaindorraren frutak (jateko on omen direnak) azkenak izanen zirela zohitzen udazkenean.
Ikusten duzun bezala, xuhaindorraren alde gauza guti baina ez dezagun gal!






