Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Ekainaren 04a
Emazteen hitza - Hirukasko - LIBRe laborari kolektiboa eta Mama Avelina
Emazteen hitza
Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) taldeak gomita luzatzen du Garazi-Baigorri lurraldeko emazteeri, atelier batean parte hartzeko. Elgarretaratze hori Bidarraiko Arrume gelan iraganen da ekainaren 12an, ostiralez (19:00). Helburua: elgarrekin mintzatu, eskualde huntako emazteen beharrak, esperientziak eta egiten ahal litezkeen ekintzak zoin diren barnatzeko. Ez duda, etorri goxoan!
Hirukasko
Ekainaren 13an iraganen da Hirukasko mendi ibilaldia, Bidarraitik Itsasura. Karia hortara, autobusak ibiliko dira Itsasu eta Bidarrairen artean (6:00-7:30), autoak Itsasun utzi dituztenentzat. Parte hartzaileak elizako plazatik abiatuko dira binaka edo hirunaka (6:30-8:00) Iparlara buruz. Lehen edari-janari tokia Sumusenbordan. Hortik Hirubelakaskora. Bigarren janari-edari gunea Aritzakunen, Berekotxean. Eta jo aitzina Artzamendira buruz. Hirugarren edari gunea Mehatzeko lepoan. Heltzea Itsasuko Atharrin. Orotara 34km (+2.600m desnibel). Bistan da, hiru kaskoen partez, egin ditaizke bi kasko bakarrik. Izenak aitzinetik eman behar dira: https://pb-organisation.com/evenements/hirukasko/.
LIBRe laborari kolektiboa eta Mama Avelina
Laborantzan hautu libreak defendatzen dituzten laborarien kolektiboa (LIBRe) eta Ekuadorreko Mama Avelina Rogel agroekologista Bidarrain bildu beharrak dira, Artetxea gelan, uztailaren 5ean, igandez (10:00-13:00), ondotik janari partekatzea. Elgarretaratze horren gaia: “Gerla: sufritzen dutenen isiltasuna”. Ateak orori idekiak.




