Mundu zabalean | 2026ko Ekainaren 04a
Palestina askatu
J.B.
Palestinaren aldeko flotillako militanteak azkarki zapalduak, joak, torturatuak, batzu bortxatuak eta denak umiliatuak izan dira Israelgo armada eta agintarien partetik. Harrigarriena da Euskal Herrirat itzuli diren militanteeri Loiuko aireportuan gertatu zaiena, Ertzaintzarenganik zanpatuak izan baitira. Ihardukitze anitz izan dira nazioartean. Ikustekoa da ondoriorik izanen ote den.
Eskuin muturrak bultzaturik Israelgo armadaren jokamolde basatia
Legez kanpoko Gazako blokusa hausteko eta giza laguntza ekartzeko xedearekin abiatua zen 40 bat itsasuntziz osatu Gobal Sumud izeneko flotilla gelditua izan da, Gazako kostaldetik 185 kilometrotara, nazioarteko uretan beraz. Beste behin nazioarteko legeak hautsiz, flotillako 430 militanteak bahitu ditu Israelgo armadak. Ez da hortan gelditu, hiru egunez bortizki joak, torturatuak eta horietarik gutienez 15 neska sexualki bortxatuak izan baitira. Hori aski ez balitz, denak umiliatuak izan dira: eskuak estekaturik izanki burua lurraren kontra belaunikaturik atxikiz Itamar Ben Gvir eskuin muturreko israeldar ministroa etorri zaie probokatzerat.
Hiru egunez Tsahal Israelgo armadaren aztaparretan egonik, libratuak izan dira eta Turkia alderat igorriak. Han ziren kazetariek egiaztatu ahal izan dituzte israeldar soldaduen basakeriaz sesituak ziren militanteen lekukotasunak. Tortura errestoak eta hezurretako hausturak zituzten militanteak Istanbulgo ospitalean dira artatuak izan.
Nazioarteko aho bateko salaketak
Itamar Ben Gvir ministroak berak zabaldu bideoek munduaren itzulia egin dute eta berehalako ihardukitzeak sortu Europa guzian eta urrunago. Kanadako agintariek salatu dute gertatu dena. Frantziak jakinarazi du Ben Gvir ministro probokatzaileak ez duela gehiago Frantzian sartzeko baimenik. Italiak barkamen ofizialak galdegin ditu. Espainiako gobernuburuak bere aldetik, aberekeriatzat jo du israeldar armadaren jokamoldea eta Europa eta Israelen arteko akordio komertzialak hortan berean uztea eskatu du Europako beste zonbait herrirekin batean.
Ertzaintzaren kolpe harrigarriak
Europako gobernuen salaketen ondoan harrigarria izan da Loiuko aireportuan gertatu den euskal poliziaren jokamoldea. Flotillan parte hartu zuten euskal militanteek, Europako beste militante guziak bezala, heien herrirat itzuli direlarik adixkideen ongietorria errezebitzeko momentuan, Ertzaintzaren bortizkeria eta makil ukaldiak jasan dituzte. Hainbestetaraino nun “Loiuko gertakariak ez zirela gertatu behar” deklaratu duen Bingen Zupiria Euskal Gobernuko Segurtasuneko Sailburuak. EH Bildu alderdiarentzat Ertzaintzaren formakuntza eta modeloa berriz ikustekoak dira euskal poliziaren jokamolde bortitza geldi dadin.
Konduan hartu behar da bestalde Ertzaintzaren azken hauteskunde sindikaletan talde berri batzu nagusitu direla, eskuin muturreko tendentzia azkartzen ari delarik.
Israelgo politika zapaltzailea beti segitzen
Eskuin muturreko israeldar ministroaren azken balentria hein batean gaitzetsi du Netanyahuren Gobernuak “ez zuela Israelen itxura ona hedatzen” eta laster abiatuko diren hauteskunde kanpainari lotua zela erranez. Bainan kritika izpirik ez da Israelgo armadaren jokamolde bortitzari buruz. Alta nazioarteko eta giza eskubideen aldeko akordioak aspaldidanik baztertuak ditu Tsahalek, eta azken urte hauetan gizatasuneko muga guziak errautsi ditu israeldar armadak.
Nahiz eta Gazan suetena deklaratua den, bonbardaketak eta tirokatzeak ez dira gelditu hilen eta zaurituen zerrenda luzatuz egun guziz. Hitz eman zen giza laguntza handizki trabatua da oraino eta janaria, edaria eta erremedio eskas handia da beti, xehatuak diren azpiegitura guziak ez direlarik berriz altxatzeko baimenduak.
Zisjordanian kolonizazioa azkartuz doa. Libanon bonbardaketak segitzen dira, milioi bat herritar baino gehiago beren etxetik ihes egiterat bortxatuak izan direlarik. Denetan palestinarren eskubideak ezeztatuak dira.
Joan den astean europar militanteek jasan dutena hainbat gobernuren ihardukitzea piztu du bainan ez dugu ahantzi behar palestinarrek egun guziz jasaiten duten krudelkeria geldiezina.
Justizia behar da flotillako militanteentzat eta palestinarrentzat.




