Herriz Herri - Kanbo (L) | 2026ko Ekainaren 04a
Hazlurrak behin betiko babestu!
Lema horren inguruan ekainaren 14an, igandearekin, Marieneko funtsetara gomita zabaldua da (11:00). Marienia, Euskal Herri osoan, lurraren defentsaren borroka enblematikoa bilakatu da. Deitzen duten mugimenduek diote: “Ordu da arrazoi ekologikoak eta lurraren hazkurri funtzioak interes pribatu eta etekin goseari gaina har diezaioten. Eraikuntza proiektua bertan behera gelditu behar da behin betiko eta Marieneko lurrak laborantzarako bilakatu behar dira. Ordu da, artifizializazioa baztertuz, Iparraldeko herritar gehiengoaren etxebizitza beharrei beste modu batez erantzuteko. Bakoitzak bere erantzukizunak hartu behar ditu”.
Herri hauteskundeetan Marieneko lurren artifizializatzea defenditzen zuen zerrendak galdu du. Peio Etxeleku auzapez berria behin baino gehiagotan proiektuaren kontra agertu da. Berdin egin du Alain Iriart Euskal Elkargoko presidente berriak.
2025eko primaderan barazkiak eta urrian garia landatu ondotik (azken hau esku anonimo batzuek pozoitua), aldi huntan urrats berria emanen da ardi errebelde batzuen laguntzarekin, abere okupazioa abiatuz!
Egun osoan iraganen den mobilizazioan, arditegi bat eraikia izanen da, Euskal Herriko lurraren aldeko borroken topaketak, ardi errebeldeen heltzea eta instalazioa, bazkari partekatua (bakoitzak baso berriak ekarri), kantu-musika eta animazioak iraganen dira.
Kasu, errana da egun horretan xakurren presentzia ez dela egokia.





