Gogoa hazi | 2026ko Ekainaren 04a

Gazteen osagarri mentala (V)

Peio Ospital


Bosgarren eta azken aldiz segitzen dugu Cyril Tarquinio psikologo eta psikoterapeutak argitaratu liburuaren irakurketa (“Génération à vif” - Ed. Dunod). Aldi huntan, bideratu beharreko neurri praktikoak proposatzen ditu.

Ezegonkortasunak, segurtasun ezak, sare sozialei eta performantzia eskakizunei loturiko gainkarga mentalak larritasuna nagusi duen egunerokotasuna osatzen dute. Errealitate horren aitzinean, politika publikoek lanak dituzte eguneratzen, gazte anitz sostengu egokiturik gabe uzten dituztelarik. Funtsezkoa da arazo honi bi mailatan lotzea, maila politikoan eta sozialean. Arlo politikoan, osagarri mentalari buruzko baliabide lagungarriak indartu behar dira, artaketarako sarbide zuzena bermatu eta presio sozial eta akademikoa arindu. Gizarte mailan, funtsezkoa da gazteen ibilbideak moldatzen dituzten agindu toxikoak deseraikitzea eta haien egunerokotasuna egituratzen duten arauak zalantzan jartzea.

Maila sozialak ere zerikusia dauka. Instituzioak zurruntzen dira laguntzeko ordez: eskolak gakotzen du ideki ordez, lan merkatuak prekarizatzen du integratu ordez. Gizabanakoa inguru intimoago batean ere eraikitzen da, are hauskorragoa, geriza leku izan beharko lukeen familiarenean. Hau, usuegi, gizarte-presioaren lehen lekua da. Transmisioa elkarrizketa gisa birpentsatu behar da, bakoitzak bere lekua aurkituko duen truka-toki gisa. Belaunaldi gazteen hersturari buruzko txosten eta diagnostikoak metatzen dira, baina ekintzarik gabeko egiaztapenaren erritualizazioak indarkeria instituzionalaren molde berezia erakusten du, sendatu gabe izendatzean datzana, eraldatu gabe identifikatzean.

Bestalde, gaur egun onartua dago elikadurak, jarduera fisikoak eta bizimoldearen orekak oinarrizko garrantzia dutela ongizate psikikoan. Alta, neurri horiek oraindik ere maizegi alde batera uzten dira prebentzio eta artaketa dispositiboetan. Ekintza eraginkorra eta iraunkorra bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek faktore horiek osoki kontuan hartzea eta gazteen osagarriaren ikuspegi integral batean txertatzea.

Digitalari dagokionez, aro berri bat idekitzeko garaia jina da, belaunaldi honen errealitateari egokituko den osagarri publikoko politika bideratzekoa, belaunaldi honek argi daukalarik digitala errealaren hedapena dela eta motorra izan behar duela, ez mehatxua. Baliabideak ditugu gailu digitalak sortzeko, bihar ongizatean funtsez jardun ahal izateko, pertsona bakoitzaren berezitasuna kontuan hartuz. Zergatik ez dugu imajinatzen adimen artifiziala agente emozional trebe gisa, zaurgarritasun uneetan lagungarri, gidari eta, are, sustengu izan daitekeena? Mugimendu hortan, digitalak ez du ezabatzen giza presentziaren ezinbesteko tokia — azpimarratzen eta handitzen du. Oroitarazten du artaketa, oroz gainetik, bestearekiko lotura, esker ona, arreta kontua dela. Azkenean, gizakia da beti balioetsi, bideratu eta erabaki behar duena.

Aldi berean, heldu gazteen gurasotasuna birplanteatu behar da, ez baititake gehiago mugatu legezko adin nagusitasunari edo bigarren hezkuntzako ikasketak amaitzeari. Gurasotasuna nerabezarotik haratago hedatu behar da, jarrera berria hartuz, non gurasoa ez den gidari agintzailea, baizik eta laguntzailea, inposatu gabe laguntzen duena, haurrarazi gabe aholkatzen duena. Harremana garatu daiteke berdinen arteko elkarrekintza bihurtzeko, elkarrekiko errespetuan eta esperientziak partekatzean oinarrituz.

Laburbilduz, hiru ardatz nagusitzen dira: osagarri mentala sistematikoki politika publiko guzietan txertatzea; gazteen esperientziazko jakintzak aitortzea; zaurgarritasuna lotsarik gabe adierazteko espazioak sortzea.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3837. zbk

Gure Hitza | 2026/06/04

Adimen artifiziala: tresna ala mehatxu?

Ainhoa Etxenike

Gaur egun, adimen artifiziala indarrean da, gure egunerokoaren parte, bere presentziaz beti kontziente ez bagira ere. “Adimen artifiziala” hitza bera entzutean, usu beldurra, kezka, ezezagutza heldu zaizkigu burura, maiz alde txarrera. Hala ere, kasu batzuetan lagungarria izan daiteke jendartearentzat, adibidez aitzinamendu zientifikoetan, finantza eta ekonomia arloaren performantzian, denbora irabaztean,… Hala ere, kontuan hartzekoa da teknologiari dependentzia handiegia sor dezakeela, arriskuak, diskriminazioak, datuen babesa eta bizi pribatuaren errespetu eza bultzatuz.

Berriki, adimen artifizialaren bitartez kontzeptu berri bat plantan eman da, Interneten pedofiloak harrapatzeko. Hain zuzen ere, “Finnyzyy” izengoitia duen 21 urteko streameur gaztea (Interneten bideoak zuzenean hedatzen dituen pertsonari ematen zaion izena da) Quotidien hedabidearen platora gomitatua izan zen. Finnyzyy sare...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016