Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Ekainaren 04a
Arrantza eguna larunbatean - Sarrakari danborrada - Baratze fundiketa
Arrantza eguna larunbatean
Ohartzekoa da gaur egun ur erreka bazterretan arrantzale guti dabiltzala. Arrainen kopurua apal delakoz edo arrantzan artzeko gogo eskasagatik, biak naski. Halere gutizia sorrarazteko, Urdazubiko arrantzaleen elkarteak eta Angeluko Decathlon-ek proposatzen digute “Fishing Day” arrantza animazioa haurrendako urririk. Senpereko aintzira inguruan iraganen da ekitaldia, harrera ezin hobean onartuko dituzte gazte motibatuak. Programan: arrantza mota desberdinen deskubritzea (euli arrantza, harrapakarien arrantza eta abar…) baita beste sorpresa batzuk ere. Ekainaren 6an, larunbat arratsaldean (14:00-17:30), izen emaitea: aappma.nivelle@gmail.com helbidean edo telefonoz: 06-83-26-74-21/06-95-87-08-20 baita Angeluko Decathlon-eko arrantza-natura sailean.
Sarrakari danborrada
Kanita-Urrats egunean egin zuten beren lehen agerraldia publiko aitzinean. Gaitzeko giro alaia sortu duen senpertar elkarte berri hunen ekimena txalotzekoa dago, gainera ikusi dugunez emazteen kopuruak ongi estaltzen du gizonen presentzia. Hunen jatorrizko izenburuak ere merezi du argitzea. Iduriz 1715. urteko hizkuntza herrikoian “Xarakaria” ahozkatua zen Senpere zeharkatzen duen Urdazuri ibaia izendatzeko, dioenaz Joxet Lahetjuzan senpertar ikerlariak bere “Sarrakari” liburuan.
Baratze fundiketa
Jakobia Senpere elkarteak landatuak zituen 9 fruitu arbola beilarien edo ibilkariendako, Zaldubi urbazterrean. Hor dira sagar, adana eta udare zuhaitzak. Otsailean jadanik udare ondo bat ebatsia izanik, azken egun hauetan beste bati zangarra moztu dakote. Zer helbururekin ari ote dira holako bandalismo edo gaiztakeria hutsean? Elkarteko kideek salaketa jendarmerian pausatu badute ere, ez dakite nola babestu xoko hori, kamera baten ezartzea ereaipatua izan da. Ohartzekoa da, garai beroetan, jende andana biltzen dela urean freskatzeko gisan, askotan errekiak eginez arratsari buruz. Susmoak utzi hortan, agian ez da bertze holakorik gertatuko.





