Gure Hitza | 2026ko Uztailaren 09a
Eta bihar?
Menane Oxandabaratz
Udan sartzen ari ginela eta, bero handiek jo gaituzte. Hotz handiak direnean ongi beztiturik kanpora ateratzen ahal da, 40 gradu direlarik zailago! Eginahala barnean egon behar, zorigaitzez ez da denentzat posible.
Berote handiak, gero eta usuago, luzeago eta bortitzagoak dira. Errana denez Europan tenperaturak 2,4 graduz emendatu dira. Osasunarentzat kaltegarria bada, ingurumenean, laborantzan, enpresetan eta zerbitzu publikoetan (eskola, ospitale…) ere ondorioak baditu.
Urtez urte tenperaturak goratuz doazela, entzuten diren hautetsi politikoen hitzetan iduri du bat-bateko gertakari arraroa litzatekeela. Ez da trantsizio ekologikoa plantan jarriko aldaketa politikorik gabe. Ezin da deus ez balitz bezala egin, ezin dira begiak hetsi, ez da gehiago eztabaidatzeko garaia, neurri zorrotzak hartu behar dira. Estatuen buxetaren parte handia horretara bideratu beharko litzateke. Ez da denborarik galdu behar!
Egoera horri aurre egiteko, denen ardura da, gobernuko arduradunetarik hasiz… herritarretaraino.
Uholdeak, idorteak, ur eskasa eta osagarri kalteak… noiz arte? Klima eszeptikoekin eztabaidatzea ez du balio. Klimaren aldaketan sinesten ez dutenek, otsailean 40 gradu egiten baditu ere, erranen dute jadanik holako urtean ere bero handiak izan zirela. Bai beharbada baina ez ziren hain gogorrak eta iraunkorrak, ez zuten ingurumena kaltetzen.
Gure jakitate falta gero eta nabarmenagoa da: eskolak hetsi behar dira, zahar-etxeak berrantolatu, etxebizitza sozialak egokitu. Gaur egungo berotea oraindik jasangarria da, doi bat kontrolatua da, baina ondoko urteetan?
Ezegonkortasun horrek estatuan paralisia sortzen du, industria sektorea lanorduak antolatzea behartua da, ospitaleak gaindituak dira, ekonomia kaltetua da. Familietako bizitzan ere eragina badu, bero handietan etxeko eguneroko gastuak emendatzen dira. Pobreak dira gehienik hunkiak, bereziki karrikan bizi direnak eta gaizki isolatuak diren etxe zaharkituetan.
Laborantza ere kaltetua da, produkzio batzuk beroteari egokitu beharko zaizkio. Betidanik landatuak izan diren landareak ur eskasagatik ez dira pusatuko, ez dute klima aldaketa gainditzen ahalko.
Estatutik dena igurikatzea arduragabekeria litzateke, tokiko agintarien, enpresaburuen eta herritarren ardura baita. Berotea desagertzen denean, hurrengo bero handiak ukan arte, jarrera okerrena litzateke bakoitza bere egunerokotasunera itzultzea. Gure ondotik etortzen direneri pentsa dezagun!




