Hegoaldean | 2026ko Uztailaren 09a
Sinadura bilketa UsaPeko zuzentzaileen alde
I.M.
UsaP, Euskal Herriko Unibertsitatera Sartzeko Proban euskarako azterketa gainditu ez duten ikasleen salaketa dela eta, sinadura bilketa abiatu da. Elkartasuna deitu duten irakasleei “ulertezina” zaie gertatu den guzia. “Ikasle gutxi batzuen eskubideak lehenetsi behar dira milaka ikasleren eskubideen aurretik? Epaile batek ordezkatu behar al du irakasle eta zuzentzaileen funtzioa?” bezalako galderak egiten dituzte.
USaPeko zuzentzaileak EHUko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak direla oroitarazi dute, eta mobilizatzeak eta epaitegietara jotzeak, “auzitan” jarri duela irakasle horien lana baita haien profesionaltasuna ere. Hala, babesa eta elkartasuna helarazi diete zuzentzaileei.
Bestalde, EHUk “hasieratik profesionaltasuna, gardentasuna eta zerbitzu publikoa” lehenetsi dituela azpimarratu dute, indarrean diren prozedurak zorrozki betez, berrikuste-mekanismo guziak aktibaturik eta ikasle guziak berdintasunez trataturik.
Azterketen auzia EHUren aurkako “eraso hutsetik” harago doala salatu dute: “Hezkuntza sistema publiko osoaren aurkako mesfidantza eta zilegitasunaren aurkako erasoa ere bada”. Haien ustez, zuzentzaileen lana zalantzan jarri izanak ondorio “larriak” ukanen ditu.
Azkenik, UsaPeko zuzentzaileak Jaurlaritzaren jarrerarekin ere kritiko agertu dira: “babesgabe sentitu gara eta horrek aurrera begira ondorio larriak ukan ditzake”. “Nork nahi izango du hurrengo urtean USaPeko irakasle edo zuzentzaile izan?”.
Sinadura bilketaren bidez, errespetua eskatu dute, “errespetua Euskal Herriko Unibertsitateari, baita hezkuntza sistema publiko osoari ere”.





