Herriz Herri - Heleta (NB) | 2026ko Uztailaren 09a
Dolu - Mus
Dolu
Beha ez ginauden heriotzeak jo du gure herria: bat batean eriturik, barkatzen ez duen gaitzak ereman dauku bi aste barne Marie-Hélène Noblia, sortzez lekondarra, Esposatua Felix Nobliarekin. Iparrea etxea antolaturik ereman dute beren bizia familia hor hazten zutela. Iduriz pausaldi luzearen menturan ziren baina horra nun Marie-Hélènek eritasuna agertu orduko utzi behar ukan duen mundu hau 77 urtetan, utzi ere hain atxikia zen familia, senar, haur eta haur ttipi. Bere denboran, isil isila badu anitz zerbitzu eginik, elizako, eskolako, adinekoen artean. Ehortz egunean, hurbildu diren jendaldearen biltzean, jinak otoitz eta kantuetan parte hartuz ezagutza ekarriz Marie-Hélèneri, familiari atxikimenduzko jestua ekarriz, erretorak bere hitza bururatzean erran duena “Goizegi joan zira Marie-Hélène”. Igande oroz mezako tokiak arriskatzen du argal egoitea.
Gure partetik, bihotzeko doluminak familia guziari bai eta heriotze hortaz hunkia den orori.
Mus
Sujeta ez da bera baina biziari doakio eta biziak behar baitu segitu, Idioineko ostatuak urte oroz antolatzen duen mus txapelketa egiten du uztailaren 14an. Izen emaiteak tokian berean (14:00), 12 euro jendeka. 500 euro irabazleentzat, 250 euro segidakoeri, bestalde irabazgailu frango. Hastea (15:00), 19:00etarik goiti jan ere ditake galdatuz geroz. Xantza on deneri.




