Euskal diaspora | 2026ko Uztailaren 09a
San Fermin Diasporan, Pariseko Euskal Etxea afixa lehiaketa eta Zazpi
Joseba Etxarri
SAN FERMIN MUNDUAN. San Fermin ospakizunen erdian gira, joan den astelehenean Txupinazoarekin bestak hasi ondoren Iruñean, eta Lesakan, baina baita ere munduko hainbat euskal eta nafar etxetan. Hala egin zuten, konparazio, Bartzelonako Nafarren Etxeko lagunek heien astebeteko programarekin, edo Valentziako Euskal Etxekoek. Espainian barrena ere, ohi dutenez, hainbat izan dira heien urteko besta handiena ospatzen ari diren Nafar Etxeak. Mexiko Hirian, ondoko ebiakoitzean, 11n, bilduko dituzte Sanferminzaleak (gezurrezko) entzierro eta bazkari batera. Montevideon, 26raino gibeleratu dute hitzordu eta bazkaria, eta Limako Euskal Etxean ostegun huntan eginen. Sydneyko Euskal Etxean heldu den larunbaterako utzi dute. Eta Boisen, “Running of the Bars” delakoak tabernarik taberna ibilaraziko ditu hainbat jende, beste giroko musika lagun. Argentinan, hamaika izan dira eta izango dira deialdiak. Hasteko, Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozako Nafar Etxeetan, baina baita beste hamaikatan ere, Azul, Bahía Blanca, Tres Arroyos, Arrecifes, La Platan...
PARISEK 70 URTE. Hala beteko ditu urrian Pariseko Eskual Etxeak, eta bazkari eta elgarretaratze batez ospatuko 4an. Urtebetetze biribil horren iragartzeko, afixa lehiaketa bat antolatu du Euskal Etxeak, artista, diseinatzaile eta sortzaileak deiturik (argi utzirik ez dituztela adimen artifizialez egin lanak onartuko), estilo, manera eta kolore guziak onarturik, baina beti ere euskal kultur atxikimendua, erroekiko maitasuna, auzolan izpiritua, jarrera positibo eta iragan aberatsari geroa ere emankorra emateko gogoa islatuz. Lan irabazleak sari apala eramanen du, baina erranahiz betea: gomitatua izanen da, lagun batekin, urriaren 4ko 70. urteurreneko bazkari eta bestara, opari saski bat ematearekin batera. Lanak pee70ans@gmail.com helbidera behar dira igorri uztailaren 31 aitzin.
SFOko ZAZPI. Duela bi aste xoko huntan berean aipatu genuen San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-eko ostatu edo jatetxeak izen berria hartu duela, Zazpi, Zazpiak Bat-etik ekarria, hala izena baitute baita ere klikak eta dantza taldeak.izen berria harturik, bi sari ere jaso ditu, jendeak bozkaz emanak: Badialde edo Bay Areako ekitaldiak egiteko gune onena bezala, eta Ezteiak egiteko Badialdeko gune onena bezala. Horiekin batera, jendeen bozkaz sariztatu dute baita ere South San Frantziskon den Pierro Etcharren-en Pierre’s Auto Body negozioa, bere alaba Valerie eta Evelynekin kudeatzen duena. Zorionak Zazpi euskal ostatuari eta Etcharren familiari ere, saritze hauendako!





