Gogoa hazi | 2026ko Uztailaren 09a
Herritar Auzigune bat Betharramentzat
Peio Ospital
346 orrialdeko txosten batean, Louis Joinet Institutuak kudeatu Ikerketa Batzorde Independenteak bere ondorioak eta gomendioak eman ditu Betharrameko ikastegian gertatu indarkeria fisiko eta sexualeri dagokienez. Gomendio batek atentzioa deitu daut bere berezitasunagatik. Zati luze batzuk euskaratu ditut. Huna hemen jarraian.
Gaur egun, “Betharrameko aferan” zerrendatu indarkeria kasik guziak ez ditaizke judizialki tratatu, egileak hilak direlako edota egitateak preskribatuak. Biktima askok nahi dute, hala ere, beren historia entzuna, ulertua eta aitortua izan dadin, baina baita ere arduradunek publikoki erantzun dezaten gelditzen diren galderei, eta altxatu akatsak aitor ditzaten, eta hori, gizarte osoaren aitzinean. Batzuek nahi dute, halaber, oraino bizi diren autoreak elkartrukerako gune horieri lotuak izan diten, egia agertzen laguntzeko eta erantzunik gabe gelditu diren galderei erantzunak emateko.
Batzordeak, beraz, dispositiboa ezartzea gomendatzen du, hala nahi duten biktimei ikustaldi publikoak egiteko parada emateko gisan, zerikusia duten erakundeak juntatuz ahal denean, biktimek hala nahi badute, eta indarkeriaren egileek edo haien ordezkariek hala nahi badute. Betharramentzat gomendatu dispositiboa Herritar Auzigune bat da.
Herritar auziguneak, batzuetan “iritzi-auziguneak” ere deituak, egia bilatzeko eta publikoki aitortzeko mekanismo ez-jurisdikzionalak dira. Botere judizialik eta indar hertsagarririk gabe, biktimen, lekukoen, adituen eta, ahal denean eta nahi denean, pertsona edo erakunde erantzuleen entzunaldian oinarritzen dira, egitateak jendearen aitzinean argitzeko, erantzukizunak aztertzeko eta ondorioak edo gomendioak bideratzeko.
Herritar auziguneak ez luke ez gaztigurik, ez zigor penalik edo zigor juridikoki betearazlerik ezarriko, baina hobenduntasun sinbolikoko epaiak eman ditzake. Bere eginkizuna litaike publikoki aztertzea prozesu penalak gehiago trata ez ditzakeen akusazioak, partikulazki preskripzioagatik edo kaltegileen heriotzagatik. Gisa hortan, justiziagarritasun sinbolikoa emango lieke zuzenbide penalak zigortu ezin dituen baina gizarteak besterik gabe ahantz ez ditzakeen gertaerei.
Bere indarra ez litaike bere hertsapen-ahalmenetik etorriko, baina bai bere autoritate moral eta politikotik. Logika mota hori aplika liteke Betharrameko aferari: ez epailearen ordez zigortzea, baizik eta sinbolikoki epaitzea epaileak gehiago tratatu ez dezakeena.
Horrela, preskripzioak estaltzen duen pertsona bat entzuten ahalko da, edo erantzutera gomitatzen ahalko da, kontraerranezko ingurune batean. Tribunalak, orduan, akusazioak azter litzake, lekukotasunak buruz-buru jarri, artxiboak miatu eta, elementuak behar bezain larriak eta bat datozenak badira, ogentasun sinbolikoa atxiki. Sententzia horrek ez luke niholako helmen penalik izango, baina bai helmen moral, historiko eta konpontzailea.
Bereizketa hori funtsezkoa da. Herritar Auziguneak ez du zuzenbide penala saihesten; hunen ahalgabetasun partzialaz akta hartzen du. Preskripzioak zigorra eragozten du, baina ez luke egia trabatu behar. Zigor kondenaren bidea hesten du, baina ez du debekatu behar erantzukizun sinbolikoa ezartzea, bereziki indarkeriak masiboak, errepikatuak eta instituzionalki estaliak izan direnean. Izan ere, hilak diren kaltegileak edo preskripzioak gerizaturiko pertsonak ez dira historiatik desagertu behar. Ezin zaiote gehiago zigor penalik ezarri, baina haien egintzak aztertu, kokatu, kalifikatu eta memoria publiko batean inskribatu daitezke.




