Mundu zabalean | 2026ko Uztailaren 09a
Kaledonia Berrian hauteskundeen aldaketak
J.B.
Kaledonia Berrian probintzietako hauteskundeak ekainaren 28an iragan dira azkenean, hiru aldiz pusatuak izan ondoan. Noumea aldean independentziaren kontrakoen garaipena aldaketa nagusi bat bezala erakutsia izan da. Hurbilagotik so eginez ez da holakorik gertatu bainan independentziaren alde eta kontrako bloke bakotxaren barnean izan diren aldaketak dira funtsezkoak izan. Zer ondorio izanen den Kanakiako kudeaketa bideratzen duen Kongresuan eta Bougivaleko akordioaren segidarako beha dezagun.
Noumea aldean kaldoxak beti nagusi
Noumea aldeko hegoaldeko probintzian independentziaren kontrakoak beti nagusi dira eta sekulako garaipena izan dela Sonia Backes “Loyalistarentzat” errepikatua izan da komunikabideetan. Egia da Noumea eta inguruko herrietan bozen erdia baino gehixeago bildu duela Loyalisten eta LR alderdiaren arteko koalizioak, 41.300 boz eskuratuz. Bainan konparatzen badugu 2019ko hauteskundeeri, ez da independentziaren kontrako alderdien azkartzerik, urte hartan Loyalistek 28 mila boz eta “Calédoniens ensemble” taldeko zentristek 13 mila boz eskuratu zituzten. Independentziaren kontrakoen koalizioak ez du boz gehiago bildu aldi huntan bainan zentristen desagerpena ekarri du.
FLNKS-ko zerrendak bere aldetik bateratu ditu independentista gehienak duela 7 urte baino 1.800 boz gehiagorekin. Bestalde Pazifikoko etorkinak biltzen dituen “Eveil Oceanien” alderdiak du progresio azkarrena ukan, 2.300 boz gehiago eskuratu baititu.
Joan den maiatzean ihardukitze bortitzak sorrarazi zituen Kaledonia Berriko bozka zerrenden idekitzea onartu zuen frantses parlamentuak 10 mila bozkazale berri integratuz. Gainera hegoaldeko probintzia hortan izan da bozkazaleen parte hartze azkarrena, independentziaren kontrakoen aldeko bozka indartuko zuela susmoa piztuz, bainan ez da holakorik gertatu.
Azkenean, independentistek eta Pazifikoko etorkinek dute gehienik irabazi nahiz eta Frantziari azkarki lotuak egon nahi dutenak beti gehiengo nagusian diren (%64), Kaledonia Berriko populazioaren bi herenak eta aberastasunen hiru laurdenak kontzentratuak dira Noumea inguruan.
Iparraldeko probintzian aldiz, FLNKS eta UNI bi zerrenda independentisten artean izan da lehia nagusia. Alde ttipi batekin FLNKS-k du irabazi eta ondoko sei urteentzat probintziaren kudeaketa haren esku izanen da.
Bukatzeko, Loyautés ugarteetan ez da aginteen aldaketarik izanen FLNKS-k gehiengoa lortu baitu, bainan biziki gutiz, “Nation Autochtone” beste independentisten zerrendaren aitzinean. “Palika” deitu hirugarren alderdi independentistak boz zonbait galdu ditu bidean.
Kongresurako aldaketak
Probintzietako hauteskundeekin batean Kaledonia Berria osoa kudeatzen duen Kongresuko hautetsiak ere hautatuak izan dira. Aipatu ditugun tendentzia berak segituz, independentziaren aldeko eta kontrakoen arteko orekak ez dira kasik aldatu 2019ko emaitzeri konparatuz: 26 hautetsi orotarat aldekoentzat (lehen bezala), 24 kontrakoentzat (bat gutiago) eta 4 “Eveil Oceanien” Pazifikoko etorkinentzat (bat gehiago). Gutienez 28 hautetsi beharrezkoak dira Kongresuaren gehiengoa lortzeko. Bainan multxo politiko bakotxaren barneko aldaketak dira ohargarriak. Independentisten artean frantses estaduari buru egiten duten FLNKS-koek dute pundu gehienik irabazi, Bougivaleko akordioentzat negoziatzen ari izan diren “Palika” alderdiak eta UNI koaliziokoek aldiz hautetsi kargu anitz galdu dituzte.
Independentziaren kontrakoen artean ere izan dira aldaketa handiak, ororen buru Sonia Backes bezalako hautetsi bortitzenek dituzte zentristen leku guziak hartu. Ondorioz kohabitazio zailagoa igurikatzekoa da Kongresu berrian, bai eta ere Bougivaleko akordioaren segidarako.
Dena den, negoziazioetan agertu diren nahikari desberdinak beti hor dira: ezin ukatuzko autodeterminazio eskubidea batzuentzat eta Frantziarekilako ezin hunkituzko lotura besteentzat, Noumea aldeko Probintziaren berexketa bultzatzen dutelarik indarturik atera diren Sonia Backes alderdikoek.
Segur den gauza bakarra da Kongresuko hautetsien gehiengoa lortzeko ezinbestekoak izanen direla “Eveil Oceanien” alderdiko lau hautetsiak.




