Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Uztailaren 09a

Bi urte pasatu dira eta agertu ez - Pausuko bestak - Mutxikoak hilero - Bisita gidatuak - Udako talo bestak - Pastoralarendako sarrerak - Merkatuak - Hondakin gune berriak

Laure Zacchello emazte desagertua
Laure%20Zacchello%20emazte%20desagertua

Bi urte pasatu dira eta agertu ez

Orain dela bi urte, 2024ko ekainaren 21ean, desagertu zen 43 urteko Laure Zacchello urruñar auzoa, hiru haur utzirik. Susmagarri nagusia bikotekide ohia da, eta hori dela eta, oraindik atxilotua dago Mont-de-Marsaneko presondegian. Polizia ikertzen ari den arren, gorpua ez da aurkitu eta aurkitzeko esperantzarik ere ez.

Pausuko bestak

Aurten Pausuko bestak uztailaren 23an hasiko dira eta 26an bukatuko. Hau da auzoko besta komiteak prestatu duen egitaraua: uztailaren 23an, ostegunez, mus txapelketa Xaian eta Kantauri abesbatzaren kontzertua. Uztailaren 24an, ostiralez, pintxo potea auzoko ostatuetan barna, eta arratsean, Bushido eta Karma taldeen kontzertuak. Uztailaren 25ean, larunbatez, haurren eguna jolas eta jokoekin, pilota partiden finala eta herri afaria. Horren ondotik, Kiki, Lucky eta DJ RAF-en kontzertuak eta musika. Uztailaren 26an, igandez, auto zaharren erakusketa, euskal dantzak eta herri kirolak. Arratsean mutxikoak Patxi eta Konpainiarekin. Kultur ekitaldi guziak urririk.

Pausuko bestak Xaia ostatuan

Xaia ostatuan, eta Bakalau elkarteak antolaturik, honako ekitaldiak izanen dira Pausuko besten kari: uztailaren 23an, ostegunez, mus txapelketa (19:00). Sari nagusia: 400 euro. Uztailaren 24an, ostiralez, pintxo-pote XXL (19:00). Kiki eta The Red Kiketz-en kontzertua (23:00). Uztailaren 25ean, larunbatez, musika giroa (23:00), DJ Oskar Cia, C. Martinez eta Bleu Vert-ekin. Uztailaren 26an, igandez (12:00) aperitifa, (14:00) kantu bazkaria, Kusk taldeak alaiturik. Menua: entsalada mixta eta faux-filet, prezioa: 30 euro. Nat eta Watson-en kontzertua (19:00). Horretaz gain, egunero taloak eta sagarnotegiko menua. Erreserbak: 05-47-75-07-02.

Mutxikoak hilero

Uztailetik urrira, biak barne, hilero, hirugarren igandean, hau da, uztailaren 19an, agorrilaren 16an, irailaren 20an eta urriaren 18an, mutxikoak izanen dira herriko plazan (11:45), Patxi eta Konpainia taldearekin.

Bisita gidatuak herrian barna

Ostegunero (19:00-20:30), bisita gidatua izanen da herrian barna, eta bertan Euskal Herriko historia, nortasuna, mitologia, herri kirolak, usaiak… ezagutzera emanen ditu Joritz Larraza urruñar historialari adituak. Izen-ematea turismo bulegoan.

Udako talo bestak

Jadanik, Pausuko Xaia ostatuan hasi dira osteguneroko talo bestak udako itxuran antolatzen, arratsean, eta Oscar Ciak ezartzen duen musika giroan. Parada ederra adiskideekin, giro goxo batean, afaltzeko eta mintzatzeko.

Pastoralarendako sarrerak turismo bulegoan

Aurtengo pastorala Sohütan jokatuko dute uztailaren 19an (15:30), 17 euro, 24an (20:30), 20 euro eta 26an (9:30), 17 euro. Pastoralaren süjeta: Lurdes Iriondo izanen da. Sartzeak jadanik salgai dira ekainaren 20tik Interneten, Hello Asso delakoan, eta baita Urruñako turismo bulegoan ere.

Herriko merkatua asteazkenetan

Asteazkenero (8:00-13:00) herri merkatua zabalik izaten da Presaburun, Osasuna farmaziaren aitzinean. Tokiko ekoizleek lehentasuna dute.

Merkatua Zokoan

Uztailaren 6an, astelehenez (8:00-13:00), zabalik izanen da Zokoako merkatua.

Hondakin gune berriak

Hondakinen kudeaketa hobetzeko eta gaikako bereizketa gunea sustatzeko helburuarekin, Euskal Elkargoak bereizketarako Borondatezko Ekarpen Gune (BEG) berriak plantan ezarriko ditu. Horien jartzeko obrak ekainaren 22an, astelehenez, hasiko dira, eta bi asteko iraupena ukanen dutela aurreikusten da. Ekipamendu berriak Urruñan ondoko guneetan jarriko dira: 1.-Kexiloa auzoan, Legartzeko bidean, 1720, 2.- Mendixoko auzoan, Xume Alde etxadian eta 3.- Pausuko auzoan, Iturbidea karrika, 2.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3842. zbk

Gure Hitza | 2026/07/09

Eta bihar?

Menane Oxandabaratz

Udan sartzen ari ginela eta, bero handiek jo gaituzte. Hotz handiak direnean ongi beztiturik kanpora ateratzen ahal da, 40 gradu direlarik zailago! Eginahala barnean egon behar, zorigaitzez ez da denentzat posible.

Berote handiak, gero eta usuago, luzeago eta bortitzagoak dira. Errana denez Europan tenperaturak 2,4 graduz emendatu dira. Osasunarentzat kaltegarria bada, ingurumenean, laborantzan, enpresetan eta zerbitzu publikoetan (eskola, ospitale…) ere ondorioak baditu.

Urtez urte tenperaturak goratuz doazela, entzuten diren hautetsi politikoen hitzetan iduri du bat-bateko gertakari arraroa litzatekeela. Ez da trantsizio ekologikoa plantan jarriko aldaketa politikorik gabe. Ezin da deus ez balitz bezala egin, ezin dira begiak hetsi, ez da gehiago eztabaidatzeko garaia, neurri zorrotzak hartu behar dira. Estatuen buxetaren parte handia horretara bideratu beharko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016