Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Uztailaren 09a
Heriotze: Etxebesteko Louis Beloscar - Ezkontza - Herriko kontseiluan - Kantuka abesbatzaren kantaldia - Uda huntako hitzorduak
Heriotze: Etxebesteko Louis Beloscar
Etxebesteko nagusi xaharra joan zauku. 80 urte baizik ez zituen. Amorotzen sortua, eta Oragarren handiturik, Aiherrako Etxebestean plantatu zen, laborantxan, horko Maitexa Duguinerekin ezkondurik. Biek elkarrekin behi esnedunen hazkuntza muntatu zuten eta bultzatu. Louis laboraria baldin bazen, gehiago xofur gisa ezagutua zen, gazte gaztetik gidatzen baitzituen kamiunak Boncolac eta Charriton lantegientzat, eta ezkondu ondoan autobusak. Badu zonbait joan jin eginik egunero ikasleekin, bai eta asteburuetan jende helduekin, hala nola Baionako errugbizaleekin Anoetara edo beste, eta urte anitzez aihertarrekin Antzuolara. Etxebestea etxaldeari dagokionez, harro zen etxeko semeak eta semetxiak laborantzaren segida harturik.
Konpainia handikoa zen Louis. Erretreta harturik gustatzen zitzaion egunero ogiaren eta egunkariaren erostera joaitea, kafeño baten hartzea (edo berdin bi) eta istorio batzuen kondatzea herriko ostatuan ala urrunago Hazparnen, atzemaiten zuen edonorekin. Duela bi hilabete herriko ostatuan gurutzatua ginuen. Zorigaitzez bat-batean jin zitzaion eritasunak, bi hilabetez gaina hartu dio eta ereman du. Gizon goxoa, alaia eta mintzatzeko atsegingarriaren oroitzapena uzten dauku. Ehorzte elizkizuna Aiherrako elizan iragan da jendalde handiarekin.
Gure doluminak Maitexa bere espos lagunari, Patrick eta Jerome semeeri, hauen bizilaguneri eta haurreri eta Etxebesteko ahaidegoari.
Ezkontza
Joan den ekainaren 20an Herriko Etxean ezkondu ziren Bastidako bide bazterrean bizi diren Charlotte Montaletant eta Michaël Jérèmy andere jaunak. Zorionak bikoteari!
Herriko kontseiluan
Herriko kontseilua bildu zen joan den ekainaren 28an. 15 hautetsietarik 10ek parte hartu zuten. Huna bilkuran tratatu gaien berri eta hartu erabaki garrantzitsuenak zein diren:
1. Aldi baterako lan handitzearen ondorioz (tindatze lan asko, belar mozte eta beste), laguntzaile tekniko lanpostu ez-iraunkor baten sortzea erabaki dute. Oihan Pavon herritar gaztea enplegatuko dute uztailaren 6tik uztailaren 24ra.
2. Bordalandako zubia arra-eraiki behar dutenari dagokionez, uste baino lan gehiago izanen baita (3.465€ko gainkostua), deia 2025eko apirilaren 23an izenpetu hitzarmenari gehigarri bat osatuko diote.
3. Gai berezien sailean, panpa-belharren kontrako borroka aipatu dute. Ikusirik landare hori azkar hedatua dela gure herrian, Herriko Etxeak, Aiherra Bizirik ingurumen elkartearekin batera, ihardukitzea erabaki du. Herritar guziei mezu bat bidaliko zaie uztailaren 26an (igandearekin) herri-lurretan panikulen bilketan parte har dezaten eskatzeko. Bestalde, azken aste hauetan jasan beroketak herriko eraikinetan ez aise soportaturik, hautetsiek eskola publikoan edo kantinan eta Beltzagitean dagoen haurtzain etxean (MAMean) aire girotuko sistema instalatzeko azterketak abiatzea erabaki dute.
Kantuka abesbatzaren kantaldia
Ondoko egunetan kantaldi eder baten entzuteko parada ukanen dugu Aiherran, Behauzekoa den Kantuka koru mistoak, uztailaren 16an, ortzegunez (21:00) kontzertua eman beharra baitu gure herriko elizan.
Duela 20 urte sortu zen abesbatza (2027an 20 urteak ospatuko), behauztar kantari multxo batekin, Didier Irigoinen gidaritzapean. Geroztik Burgaintzi taldeko koruarekin elkartu dira Kantuka izena abesbatzari emanez, eta asteazken guziz biltzen dira Yves Pannizoli kantu gidari berriarekin. Plazaz plaza ibiltzea laket baitzaiote, 35 emazte eta gizon kantarik osatu taldeak Aiherran kontzertua elizan emaitea proposatzen du. Euskaraz kantatzen baldin badute nagusiki, artetik beste erresumetako kantu bat edo beste emaiten dute.
Kantua maite dutenentzat, horra hor memento goxo baten pasatzeko parada. Ez zauzue dolutuko. Oroit beraz orain beretik eta ongi etorri deneri! (Sartzea 10€).
Uda huntako hitzorduak
- Uztailaren 10ean (ortziralea, 19:00): pilota txapelketako finalak (Iparraldeko pilota batzordea), Iholdiko plazan iraganen dira. Artekoetan Teo Etcheverry eta Mikel Harguindeguy Abarratia pilota elkartekoak finalean dira.
- Uztailaren 16an (ortziralea, 21:00): kantaldia elizan Behauze aldeko Kantuka abesbatzarekin.
- Uztailaren 24an (ortziralea, 18:00): Izturitzeko merkatua eta (20:00) pilota partidak plazan Abarratia pilota elkarteak herriko plazan animatu gaualdia (Arberoako ostiralak).
- Agorrilaren 21ean, (ortziralea, 20:00): Aiherrako pesta komiteak animatu gaualdia, Abarratia mendi tontor kaskoan (Arberoako ostiralak) ibilaldi eta kantaldia.
- Agorrilaren 30ean (18:00): Bastidan kontzertu-omenaldia Lukugaineko Mappy-Barhennen heriotzearen lehen urteburu kari.
- Buruilaren 24an, Goiti Aire elkartearen ateraldia: Bankako meategiak, Goikoetxea arraintegia.





