Ba ote dakixu? | 2026ko Uztailaren 09a

Munduko koparen historia (2/3)

Gilen Bacho

Ez dago 1950eko "finalak" baino hobeki erakusten duenik futbolak Brasilen duen funtsezko lekua. Egia erraiteko, ez zen ofizialki final bat, 1950eko edizio bakarra izan baitzen finalik gabe. Lau taldetako multzo batekin fini zen baina azken partida irabazten zuenak, Brasil eta Uruguairen artean, munduko kopa irabazten zuen. Gainera, berdinketak kopa Brasili ematen zuen eta nehork, Maracanan ziren 200.000 jendek baina ere Brasil osoan, ez zuen asmatzen auriverdeek (Brasil taldearen izengoitia) galtzen ahalko zutela, sustut Ademir-ek lehen gola sartu zuelarik. Baina Uruguaik, denak harriaraziz, bi gol sartu zituen azken oren erdian eta kopa irabazi. Nahasmendu osoa izan zen eta kopa ez zen ere zelaian emana izan! Barbosa Brasilgo atezainak galtze hori (“Macaranazo” deitua) bere bizi osoan pagatu zuen, gurutze bat bezala. Egiazko trauma izan zen populu osoarentzat.

Errege baten sortzea

1954an, munduko talde hoberenak Suitzan elkartu ziren eta, haien artean, Ferenc Puskas-en Hungaria, faborito handia, partida bat ere galdu ez zuena lau urtez. Baina, finalean, denak harriturik utziz, Hungariak 3-2 galdu zuen mendebaldeko Alemaniaren kontra (lehen itzulian Hungariak Alemania 8-3 garaitu zuen!). Futbolaren historiako sorpresa handienetarik da (horregatik, “Das Wunder von Bern”, “Berneko mirakulua”, deitua izan zen). Lehen aldikoz, telebistak zortzi partidak eman zituen. 1958an, munduko kopa Suedian antolatua izan zen. Bi jokalarik lehiaketa markatu zuten. Just Fontaine frantsesak, 13 gol sartu zituenak (egun oraino errekorra dena), eta Edson Arantes do Nascimento brasildarrak, Pele deitua. Pele, 17 urterekin, munduko txapeldun izan den jokalaririk gazteena bilakatu zen. Hiru gol sartu zituen finalerdian, Frantziaren kontra, eta bi gol finalean, zeinean Brasilek 5-2 irabazi zuen Suediaren kontra. 1962an, Txilen, Brasilek munduko kopa berriz irabazi zuen, finala 3-1 irabaziz Txekoslovakiaren kontra. Pele lehiaketaren izarra izan behar zen baina kolpatu zen bigarren partidan eta ez zuen beste partidarik jokatu. Baina, Garrincha eta Vavak segida hartu zuten eta auriverdeak titulura eraman zituzten.

Goal or not goal?

1966an, futbolaren sorlekuak, Ingalaterrak, zuen munduko kopa antolatu. Lehiaketa aitzin, Jules Rimet kopa ebatsia izan zen, Westminsterren erakutsia zelarik. Scotland Yard aferaz kargatua izan zen baina Pickles xakurrak zuen kopa atzeman! Ingalaterrak zuen kopa irabazi, mendebaldeko Alemania 4-2 garaituz. Luzapenetan, ingelesek abantaila hartu zuten leiendan sartu zen gol batekin. Geoffrey Hurst-en (hiru gol sartu zituenak) tiro azkarrak langa hunkitu zuen ate-lerrora erori aitzin. Epailea dudan egon zen baina, azkenean, gola eman zuen, munduko koparen historiako polemika handiena sustatuz (egun oraino, ez dakigu gol hori sartu zen ala ez!). Brasilek 1966ko munduko kopa huts egin zuen, lehen itzulian kanporatua izanez, baina ez 1970ekoa, zeinean auriverdeen atorra horiak (lehen aldikoz kolorez agertzen zena telebistan) mundua argitu zuen.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3842. zbk

Gure Hitza | 2026/07/09

Eta bihar?

Menane Oxandabaratz

Udan sartzen ari ginela eta, bero handiek jo gaituzte. Hotz handiak direnean ongi beztiturik kanpora ateratzen ahal da, 40 gradu direlarik zailago! Eginahala barnean egon behar, zorigaitzez ez da denentzat posible.

Berote handiak, gero eta usuago, luzeago eta bortitzagoak dira. Errana denez Europan tenperaturak 2,4 graduz emendatu dira. Osasunarentzat kaltegarria bada, ingurumenean, laborantzan, enpresetan eta zerbitzu publikoetan (eskola, ospitale…) ere ondorioak baditu.

Urtez urte tenperaturak goratuz doazela, entzuten diren hautetsi politikoen hitzetan iduri du bat-bateko gertakari arraroa litzatekeela. Ez da trantsizio ekologikoa plantan jarriko aldaketa politikorik gabe. Ezin da deus ez balitz bezala egin, ezin dira begiak hetsi, ez da gehiago eztabaidatzeko garaia, neurri zorrotzak hartu behar dira. Estatuen buxetaren parte handia horretara bideratu beharko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016