Orotarik | 2026ko Uztailaren 09a
Kukumarro
Xarles Videgain
Mentsa
“Mentsa hiza?” entzun behar dugu artetarik baina euskararen eremu osoan ez da aise erraiten. Baxe Nafarroan erraiten da gehienik eta “tetele”, “ergel”, “teila bat falta ukaitea” adierazten du. Ez da konplimendua. Norbait mentsa izan daiteke beti, hots berez halakoa da edota beharrik noiztenka baizik ez da menskerian ari! Hego haizeak jendea mensten duela erraiten da. Hegoa baretu eta jabaldu ondoan joaten omen da delako menskeria.
Ments hitz hori nondik jiten den aise ikusten da zuberotarrek erabiltzen dutelarik beste erranahi batez. Konparazione, orena eman nahian manex batek bostak laurden guti direla dioelarik, zuberotar batek erranen du “kart ments”. “Kart” laurden erran gabe, eta “ments” guti erran gabe. Haatik hitzen segida begiratzen da zubereraz, “kart ments” eta ez “ments kart”, beraz frantsesezko ordenari jarraitu gabe.
Bestalde aipatzen da: “deusik ez dute ments”, edota artaldean “ardi bat mentsa”, ardi bat falta da. Zaldia falta zuen, autoa falta zen. Gehiago dena falta diogularik beste zerbait erran nahi dugu, orduan falta hobena da. “Hori gertatu da zure faltaz, beraz zu zara hobenduna”. Eta pilotan ere falta egiten da. Ez da on. Pilotan ez da mentsik aipatzen.
Nolaz ez aipatu kantu zaharra: “Han ez zen deus mentsik maitia zu baizik”.
Ments hori erran ordez, kasu batzuetan, eskas gelditzen zaigu. Langile xuri batez erraiten da: “lanean hasten delarik beti zerbaiten eskasean da, tresnak auzoan eta ganibeta ez zorrotz edo beste”. Beti zerbait ments beraz.
Egia erran, nik ez dut erraiten bainan gizon bat guziz eskasa dioenak adierazten du gizon gaizto, kilika, oldarkor, zerbait ments du bainan ez indarra, izaitekoz jendeekilakoa du eskas.
Goazen ikustera berriz ments hitzak duen beste zentzua eta eskas hitzak bere gain hartzen ahal duena: “langile guziak hor ziren, nagusia eskas, nagusia ments zen”. Garazi Azkareteko P. Narbaitzek idatzi zuen: “Bazuen egun bat eskas, hamahiru hilabete abiatuak zirela”. Pollita atzematen dut ere “eskasak eskastei” erraitea eta Lafitteren lerro bat kanbiatuz erran genezake, abertzalegoak, eskasak eskastei, euskaldunei anitz ekarri diela.
Eskas, falta edo ments hiruak mailegatu ditu euskarak. Euskarazko hitza xerkatuz geroz, zentzuz hurbil dena “urri” da baina ez da arras gauza bera. “Iturria urri da”, ur guti baizik ez du ematen (ez da ments). Edo mendian ibiltzearekin, lagun batez erranen duzu urrats urria duela, emeki balin badabil, ene gustuko ez aski zalu. Baina lan urria ez da guti, emeki baizik egiten ahal ez den lan eneagarria, pazientzia gaitzurutraka nahi duena. Narbaitzek berriz dio: lan urria baina lan urrea. Ez da hor mentsik ez eskasik.
Aldiz, ororen buru, Zuberoako ments hartan eta manexen ments hitzean ideia bertsua da, zerbait falta da, eskas da eta ero edo ergel den jendeari iduri luke zerbait ez duela osoa, eta zerbait falta zaiola.
Gaskoinez “ments” edo “men edo mench” erraiten da eta “gutiago” erran nahi du zubereraz bezala. Ez du sobera ergel adierazten. Frantsesez ere ezagutzen da “moins” hitza eta guren aitamen denborako euskaldun zaharrek frankotan, frantsesez “moinssss” erraiten zuten, -s- eta guzi. Ohart ere frantsesez “moins” hitzak “gutiago” erran nahi duela eta aldiz ergelaz “il est minus”. Latinetik heldu dira denak. Latinez “minus habens” zioten erraiteko norbaitek besteek baino adimen gutiago daukala.
Euskaraz beraz bi maneretan sartu da minus eta ments hori. Ez izatea adierazten du, hala nola“aurtengo festetan falta zen” edo “pilota falta da”. Edo bertzela zerbait ez aski ukaitea da hala nola adimena: “gizon hori mentsa da”. Mentsari esker edo mentsarengatik zuberotarrek eta baxenabartarrek diferentzia amiñi bat egin dute elkarren baitarik bainan sobera urrundu gabe.







