Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Uztailaren 09a

Kontseiluko biltzarra - Estreinaldi - Igerilekua - Pilota

Xingola moztea
Xingola%20moztea

Kontseiluko biltzarra

Joan den ortzegun arratsaldean iragan da Lapurdin, 25 hautetsi bertan zirela. Hasieratik oposizioa kexatu da komunikazio eskasarengatik eta ondorioz kontra bozkatu du lehen gaian, gai hori zela: herriko kontseiluaren barne araudien onartzea. Gero beste gai guziak aho batez onartuak izan dira:

- Oihanarentzat udal kanpoko batzorde baten sortzea, hautetsi, ONF erakundeko eta ihiztarien ordezkariekin.

- Baserri garapenarentzat eta oihanean bidexka berrien sortzeko, Akitania lurraldeari diru laguntza eskaera.

- 2026. urterako herriaren ekarpena bizitegi elkartasunari (3.404 euro).

- DESURB erakundeak Heraitzeri buruz egin azterketen diruztatzea.

- Finantza sailean 2026ko udal tasen eguneratzea.

- Ehorzketa zerbitzueri dagokien aurrekontu osagarriaren erabaki aldatzea.

- Aurrekontu nagusiari dagokion 2. erabakia aldatzea.

- Louis Dassance ikastolari ezohiko diru laguntza emaitea.

- Elkarteen zerbitzurako eta zerbitzu teknikoetarako lanpostua sortzea.

- Laneko hauteskudeen testuinguruan, ekintza legalak abiatzeko auzapezari baimena emaitea.

- Mediateka berrian, muble hornidurak eskatzen dituen finantza planaren onartzea eta DRAC erakundeari diru laguntza eskatzea.

- Bizikleta elektrikoen erosleentzat araudi aldaketa eta laguntza ekonomikoa.

- “Fonds Chêne 6” egitarauan Euskal Elkargoarekin hitzarmena izenpetzea.

Hurrengo biltzarra beharrez eginen da agorrilean edo bestela oporren ondotik.

Estreinaldi

Joan den ortzirale arratsaldean bildu da Arruntzan jende asko, bereziki auzo hortakoak, eginik izan diren lanen estreinaldirat. Aro goxoa lagun ederki iragan da ospakizuna, hor zirela aipatu bezala Mathieu Duhamel suprefeta, Peio Dufau deputatua, Sempé andere senatorea, Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaria, Errobi poloko beste bi auzapez eta erran gabe doa herriko hautetsiak. Auzapezaren ongi etorri labur baten ondotik publikoak ikusi ditu Plaza Berrian emanak ziren argazkiak, obrak aitzinatu arau arkitekto bulegoak hartu zituenak. Obrak nola iragan diren bulegoak komentatu ditu segidan. Berriz pilota plazara etortzean publikoak preziatu du Kapito Harriko lau pilotari gaztetxok esku-huska erakutsi duten talentua partidatxoa eginez. Ondotik egin da protokolozko xingola moztea eta bata bestearen ondotik pertsona goren horiek hartu dute hitza. Piero Rougetek aipatu du urteetan zehar Matzikoenearekin izan ziren arazoengatik izan den aldaketa Arruntzan, Erdiko Etxearen eraikuntza elkarteentzat, halaber Plaza Berri etxegunearena bere komertzio eta saltegiekin, eta azkenik pilota plaza inguruaren berrantolaketa, frontoiari emanez bere hastapeneko helburua bakarrik pilotari emaitea. Alain Iriart, Peio Dufau eta suprefetak ere goraipatu dute obren edertasuna eta balioa. Beren hitzetan ados ziren lan horiek denak zor zirela azken dozena bat urte hauetan Bruno Carrère aitzineko auzapezari eta bere hautetsieri. Bruno Carrère bera hor zen, handizki eskertua eta txalotua izan baita publikoarenganik, egiazki hunkitua zela. Aitortu behar da ez dituela ohore horiek ebatsiak jakin izan baitu behar denboran serios eta ere fermu egoiten bere ideietan. Arruntzako auzo batzordea, obrak gidatu dituen bulegoa eta lana egin duten enpresak eskertuak izan dira. Bukaeran lehenik aurreskua eskainia izan da eta ASCA elkarteko emazte gazte multzo batek eman ditu dantza modernoko bi erakustaldi. Ez zitaiken holako ospakizuna bukatu Herriko Etxeak eskaini zintzur bustitze krakadatxoa gabe eta publikoa hor egon da horrentzat ere. Goresmenak hemendik ere arratsalde horren partaide guzieri.

Igerilekua

Herriko Etxeak jakinarazten du Landagoieneko igerilekua hetsia izanen dela uztail hastapen huntarik irailaren 6a arte. Obra batzu eginak izanen dira tarte hortan. Berriz idekiko da irailaren 7an.

Pilota

Kapito Harrirentzat Euskal ligako finalek joko garbin ez dute emaitza onik eman. Bi talde nagusiek galdu dute, Baigorriko bi talderen kontra, A taldeak 30/40 eta B taldeak 23/40. Errebantxak agorrilean Frantziako xapelgoan?

Email Facebook Twitter LinkedIn

3842. zbk

Gure Hitza | 2026/07/09

Eta bihar?

Menane Oxandabaratz

Udan sartzen ari ginela eta, bero handiek jo gaituzte. Hotz handiak direnean ongi beztiturik kanpora ateratzen ahal da, 40 gradu direlarik zailago! Eginahala barnean egon behar, zorigaitzez ez da denentzat posible.

Berote handiak, gero eta usuago, luzeago eta bortitzagoak dira. Errana denez Europan tenperaturak 2,4 graduz emendatu dira. Osasunarentzat kaltegarria bada, ingurumenean, laborantzan, enpresetan eta zerbitzu publikoetan (eskola, ospitale…) ere ondorioak baditu.

Urtez urte tenperaturak goratuz doazela, entzuten diren hautetsi politikoen hitzetan iduri du bat-bateko gertakari arraroa litzatekeela. Ez da trantsizio ekologikoa plantan jarriko aldaketa politikorik gabe. Ezin da deus ez balitz bezala egin, ezin dira begiak hetsi, ez da gehiago eztabaidatzeko garaia, neurri zorrotzak hartu behar dira. Estatuen buxetaren parte handia horretara bideratu beharko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016