Azalekoa | 2026ko Azaroaren 26a
KCANTÀ, hizkuntza gutituak kantu berean
Irati Esparza Guimon
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bilbon kantatuko dute. Biharamunean, Sarako elizan dute hitzordua Anne Etchegoyenek, Patxi Garatek eta KCANTÀ proiektuko beste hainbat artistek. Zortzi hizkuntza bildu dituzte disko batean, kantu berriak sortzeko eta euskaraz, korsikeraz edo bretoieraz kantatzen dutenek irratietan ere beren tokia ukan dezaten.
Nola idatz kantu bat, kantariek nork bere hizkuntzan eman dezaten? Anne Etchegoyenek eta Patxi Garatek elkarrekin idatzi dituzte KCANTÀ diskoko kantu anitz. Ondotik, artista bakoitzak bere hizkuntzara egokitu ditu hitzak. Beste batzuek berek idatzi kantuak ekarri dituzte. Errepertorioa berritzea garrantzitsua zen Etchegoyenentzat, Herria-ri erran dioenez. Urriaren 16an Decca / Universal Music France diskoetxearekin plazaratu dituzten hamalau kantuetarik hamar berriak dira. Moldaketak Garatek eta Benjamin Dantesek landu dituzte.
Euskara, korsikera, bretoiera, okzitaniera, katalana, alsaziera, galegoa eta kreolera entzuten dira diskoan, zenbait aldiz kantu berean. Etchegoyenek kontatu digu elkarrekin kantatzen hasi zirelarik ohartu zirela zein natural heldu zen hizkuntza batetik besterako pasaia. Euskal Herritik, Leire Martínez eta Itziar Ituño gomitatu dituzte, besteak beste. Helduen ondoan, Iruñerriko Paz de Ziganda ikastolako haurrek ere eman dute boza. Francis Cabrel, Dan Ar Braz eta Sylvain Duthu bezalako kantariengana jotzean, xede bat bazuten: bakoitzaren entzuleengana ere helaraztea hizkuntza horietan sortzen den musika.
Irratia piztean, zein hizkuntza entzuten dugu?
Lehen solasaldietarik, elkarren berri jakitean, artista bakoitzak bere herrian ezagutzen zituen kezkak atzeman ditu besteen ahotan. Etchegoyenek baxoaren adibidea eman digu. Ikasle batek azterketa euskaraz pasatzeko aurkitzen dituen trabak ezagunak zaizkie beren hizkuntzan ikasten duten korsikarrei eta bretoiei ere. Musikara itzuliz, antzeko zerbait gertatzen zaie kantariei. Nola ezagutaraz dezake martinikar batek kreoleraz idatzi duen kantua, bere uhartetik kanpoko irratietan nekez entzuten bada?
Galdera horri lotua da KCANTÀko kideek daramaten eskakizuna. Etchegoyenek esplikatu digunez, Frantziako irratiek bete behar duten frantsesezko kantuen kuotan kondatzen dira eskualdeetako hizkuntzetan emanak ere. Irrati batek, ordea, kuota osoa bete dezake egun guzian euskarazko edo korsikerazko kantu bakar bat eman gabe. Horregatik, kuota horren parte bat hizkuntza horietako kantuei atxikitzea nahi lukete. Paul Molac diputatuarekin mintzatu dira horretaz. Honek ere hizkuntza gutituetako artisten tokiaz galdegin dio Frantziako Gobernuari, Asanblean pausatu galdera idatzi baten bidez.
Bilbotik Sarara
Abenduaren 3an Bilboko Campos Elíseos antzokian aritu ondotik, Ipar Euskal Herrirat etorriko dira artistak. Etchegoyenek bazuen gogoa proiektua Saran aurkezteko. Herriko Etxeak euskara hizkuntza ofizial izendatu izana aipatu digu hautu horren arrazoien artean. Eta diskoan elkarrekin aritu diren boz horietarik zenbait aurrez aurre entzuteko parada izanen dute saratarrek. Etchegoyen eta Garaten ondoan, Abesti taldea, Korsikako Francine Massiani, Alsaziako Matskat, Martinikako Valérie Louri eta Okzitaniako Yvan Cujious ariko dira. Sylvain Duthu ere iragarria da.
Kontzertua abenduaren 4an, ostiralarekin, hasiko da Sarako elizan (20:30). Sartzeak 13,20 eta 25,20 eurotan dira.





