Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Azaroaren 26a
Goiti Aire elkartearen lehen diktaketa, Ortziralean “Kubatik” antzerkia, Pilotariekin eta Eguzkilore euskarazko haurtzain etxearen alde
Jean-Mixel Barbier
Goiti Aire elkartearen lehen diktaketa
Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak orain arte urtero aktibitate edo jarduera desberdinak antolatzen ditu kideentzat, urtean zehar, batzuetan berak eta bertze batzuetan auzo herrietako klubekin elkartuz (Bastida, Lekuine, Donamartiri, Donoztiri), antolaketa lana errazteko gisan, hala nola autobusez ateraldiak bisitekin, bazkariak, bidaiak, petanka txapelketak, elkarte jokoak, mus lehiaketak eta abar.
Jarduera berri bat da, duela gutxi gertatu dena, klubeko bi kideren ekimenez, diktaketa. Hau joan den azaroaren 10ean izan zen, lehen aldikoz, “Goiti Aire”-ren plaza gibeleko lokalean.
Hamahiru kidek parte haurtu zuten. Antolatzaileek hautatu testua Alphonse Daudet frantses idazle ezagunaren testu bat zen… Hastapenean tentsioa nabarmena bazen ere batzuentzat, saioa ongi iragan zen denentzat.
Ariketa bururatzean, txokolate bero on batek eta bixkotxek denak lasaitu zituzten, gehienak kontent agertu baitira hutsegite metarik ez egiteaz, eta jakinez nehori ez zaiola faltarik ez egitea gertatu. Hots, memorioa eta hitzen plazera mantentzeko momentu atsegina izan da parte hartzaileentzat. Pentsatzekoa da lehen diktaketa honek biharamun bat ukanen duela.
Ortziralean “Kubatik” antzerkia
Duela bi aste aipatutakoa oroitarazten dugu hemen. Ortziral arrats honetan, Euskararen Urtaroa kari, “Kubatik” izeneko euskarazko antzerkia emanen du “Bonbon beltx” taldeak, Denen Etxeko gelan (20:00). “Bonbon beltx” taldeko artistak hauek dira: Maika Etxekopar (antzerki eta kantua), Battitt Elizalde (pianoa), eta Fiston Bidiefono (dantza). Lehen aldikoz emanen duten antzerki honek euskaldunen eta esklabotasunaren arteko loturak jorratzen ditu musika, dantza eta antzerkiaren bidez. 50 minutuko ikusgarria da, 8 urtetik goitiko haur eta heldueri zuzendua dena. Hazparneko Ezkia ikastola da honen antolatzaile. Sartzea 5 eurotan izanen da eta lekuan berean izanen da jateko eta edateko. Ongi etorri deneri.
Pilotariekin
Abarratia elkarteko pilotariek esku-huskako multzoetako partidak bururaturik txapelketa segitzen dute. Helduetan, 3. mailan bi bikotek final-zortzirenetan jokatu dute: Xabi Harguindéguy eta Iztebe Oihenart-Etxarte 40 eta 18 nagusitu dira Itsasuko ekipari (Herve Bonetbelche eta Christophe Elissalde), eta Philippe Mongabure eta Mattin Durrutyk Maulen galdu dute hango ekiparen kontra, 40 eta 18. Laugarren mailan, final-zortzirenetan Ellande Dunatek eta Antton Castoreok Oztibartarrak garaitu dituzte, 40 eta 18. Artekoetan aldiz, final-laurdenetan, Mikel Harguindeguy eta Teo Etcheverryk 40 eta 5 irabazi dute. Biba zuek eta segi aitzina emaitza berekin finala-laurdenetan helduentzat, eta finalerdietan artekoentzat.
Eguzkilore euskarazko haurtzain etxearen alde
Eguzkilore elkarteak jakinarazten du Sasitik Aiherran eginiko garagarno (lupulu basarekin egina) salmenta antolatzen duela, arras prezio onean: garagarnoa 2,5 eurotan salgai (25cl) 6x2,5€ (+1€ kartoina) = 16€; 12x2,5€ (kartoina urririk) = 30€. Manaketak azaroaren 30era arte egiten ahal dira, mam.eguzkolore@gmail.com helbidera idatziz.





