Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Azaroaren 26a

“Ni Sorgina Banaiz” dokumentala, XIII-ko errugbi partida igandean, Antzerkia asteartean, Senperen eta Lapurdin iraganean zehar, Asteko kalakak, Amaia Riouspeyrous-en kontzertua eta “Perkainen Haritik”

Jean Louis Bessonart

Amaia Riouspeyrous Larrekon
Amaia%20Riouspeyrous%20Larrekon

“Ni Sorgina Banaiz” dokumentala

Azaroaren 28an, Larreko kulturgunean aurkeztua izanen da Asisko Urmenetaren dokumentala, sorgin-ihiziari bideratua (19:00). Prozesu historiko hori aztertua izan baita antropologiatik, feminismotik, historiatik, literaturatik, arte bisualetatik eta bertze, baina gure jakin-mina ez da sekula aseta izango. Arrazoi guziengatik abiatu dira egia gordearen bila…Bai eta atxeman ere. Denak gomit gira dohainik den ekitaldira, dokumentala bururatzean galderak sortuko baitira, honek harreman interesantea sortu behar luke publikoarekin.

XIII-ko errugbi partida igandean

Hauxe da berezitasuna, azaroaren 29an, nazional 2ko taldea den Basque 13 taldea ariko da Bègles/La Réole ekiparen kontra, gure kirol zelaian (15:00). Partida aitzin, bazkaria antolatua da. Erreserbatu 06-30-01-28-49 telefono zenbakira deituz. Parada polita da XIII-ko errugbia deskubritzeko eta momentu goxo baten pasatzeko.

Antzerkia asteartean

Nikolai Gogolen obra “Le journal d’un fou” (ero baten egunkaria) arrakastatsuaren antzerki egokitzapena ikusgai izanen da Senperen, funtzionario arrunt baten sekula ez bezalako gogoen inguruan. Intrigaren mamia aipatu gabe, badakigu antzerki irringarri eta hunkigarria eskainiko dutela Ronan Rivière, Amélie Vigaux eta Olivier Mazal artistek. Abenduaren 2an iraganen da, Larreko kulturgunean (19:30). Senpereko Kultur eta Ondare (CPS) elkarteak antolatua, oren bat eta laurdenen iraupena izanen du. Prezio osoa 30 euro. Erreserba: boutique.otpaysbasque.com/fr edo cultureetpatrimoinesenpere.fr.

Senperen eta Lapurdin iraganean zehar

Titulu horrekin, Xabier Elosegik aurkeztuko digu bere liburua, urteetan ikerketa sakon bat egin ondoren, bereziki notario artxiboetan. XVII. mendetik XX. menderaino gizarteari lotuak diren argibide ugari atxeman ditzakegu, gaiak direlarik: jendeak (zenbait biografia, istorio, notableak, jende kondaketa…), lekuak (Urdazuri, kadastra, lurraldea), Senpereko bizitza (herriaren kudeantza, erregetza, eliza, gaztelua, hautetsiak…), euskara Senperen, Lapurdiko autonomia, eskolak, Senpereko etxeak, etxeen izenak, etxeak auzoka, salketak… Abenduaren 3an Larreko kulturgunean iraganen da aurkezpena, Xarles Videgainen laguntzarekin (19:00). Lapurdi 1609 elkartea antolatzaileak gomita deneri zabaltzen du, badago zer ikasi. Sartzea urririk.

Asteko kalakak

Oraingoan, gazteei zuzenduriko album irakurketak eukaraz izanen dira mediatekan, abenduaren 3an (17:30). Libreplume elkarteko Julen Fort-ek animatuko du euskaraz baizik iraganen ez den saioa: “Liburuetan murgildu, liburuekin jostatu eta goxoki pasatu familian”. Krakada lekuan bertan eskainia dago.

Amaia Riouspeyrous-en kontzertua

Bere azken diskoaren aurkezpenean, Larreko sala leporaino bete batean, lorietan utzi ditu ikus-entzuleak. Hiru musikari ospetsurekin, goi-mailako ikusgarria egin digu, bere boza distiratsua eta gorputzaren mugimenduekin, emozioz beteriko kantuek ongi hunkitu dute publikoa.

“Perkainen Haritik”

Mikel Erramouspek, euskaraz den film berri honekin, aurkeztu digu Banka, Aldude, Urepele eta Kintoko pilotaren historia XIX. mendean. Zonbait lekukotasunek argipean utzi dute garai hartako bota-luze eta laxoa, non, norekin eta zer baldintzetan iragaiten ziren, mendi lepoetako pilota-soroetan baita herrietako plazetan. Publikoa jakin-min handiarekin jina baitzen, film eder horren ondoko solasaldia interes handikoa izan da. Jakin dugunez, bertze dokumental bat iragarria liteke XX. mendeko pilotaren historia duela aipagai.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016