Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Azaroaren 26a

Euskararen Urtaroa, “Habiter le silence”, “Kantu leuna” eta “Hegal egiten”

Janine Urruty

Zigorren zizelkadura bat
Zigorren%20zizelkadura%20bat

Euskararen Urtaroa

Euskararen Urtaroa azaroa osoan iragan da eta abenduaren 3an bukatuko da. Zernahi ikusgarri proposatu da herri askotan: antzerki, musika, kirola, bisita, konferentzia… Euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko paradak eskaini dira.

Hazparnen “Fla, Fla, Fla” deitu ikusgarri koreografikoa emanen du Eneka Bordato Rianok Dantzalai konpainiarekin azaroaren 28an (10:30). Dantzari bat eta puska zonbait… Hots, gauza gutirekin asko erakutsiko da. Ikusgarria 6 urte inguruko haurrentzat da, berrogei minuta irauten du.

Abenduaren 2an, Amaia Mujicak Sohom yoga kurtsoak emanen ditu:

-3 eta 5 urte artekoentzat (10:00)

-6 eta 8 urtekoentzat (11:00)

Bi gertakari horiek Pierre Espil mediatekan iraganen dira. Tokiaren erreserbatzea aholkatua da.

“Habiter le silence”

Zigor zizelkari, argazkilari eta idazle ezagunak Hazparneko kapera beretuko du “Habiter le silence” izendatu duen erakusketaren antolatzeko. Izen bereko liburu bat argitaratu du joan den udan, urtez urte Euskal Herriko eta Girondako fraide etxeetan egon eta. Zuri eta beltzak dira argazkiak, sakon eta memoria seinale izan nahiz. Berrogei badira koadrotan emanak, bederatzi oihal handietan eta hogei bat obra zizelkatu. Olerki batzuek hatsa emaiten diote erakusketari. Bildutasuna eta otoitzaren giroa sendi da. Olerkiak hiri barnean ere ikusiko dira han-hemenka. Eskoletako haurrekin trukaketak izanen dira. Erakusketa urtarrila arte hor izanen da. Zigorrekin mintza daiteke larunbat guziz urtarrilaren 16a arte, eginen dituen bisita gidatuetan parte hartuz (11:00).

“Kantu leuna”

Izenburu hori dauka Nahia Zubeldiak egin itzulpenak. Alabainan Leila Slimanik idatzi “Chanson douce” liburua euskaratua du eta hortaz mintzatzera dator Et'abar liburutegi ostatura abenduaren lehenean (19:00). Liburu horrek fama handia ukan zuen thriller psikologiko bat baita, hastetik buru gogotik irakurtzen dena. Aurkezpen denboran liburuaren zati batzuk irakurriko dira gogoa emaiteko.

“Hegal egiten”

Beste liburu baten aurkezpena ere izanen da Ttattola gaztetxean, abenduaren 4an: Eneko Bidegainek idatzi duen “Hegal Egiten” aipatuko da (19:00). Liburu horrek Euskal Herriko bizia markatu duen historia hurbila kondatzen du: bi presok Paueko kartzelatik ihes egin zuten 1986ko abenduaren 13an. Maddi Hegi haietarik bat zen. Presondegiko biziaz haratago joanez, herriko konfliktoan emazteek ukan duten lekua, Frantziarekiko tira birak, orduko giro soziala... aipatuak dira liburuan. Gehiago jakiteko eta eztabaidatzeko parada emana da hitzordu horretan.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016