Gogoa hazi | 2026ko Azaroaren 26a
Magnifica humanitas 4/6
Mikel Erramouspe
Aitzinamendu teknikoa ez da giza aitzinamenduaren neurri bakarra
Adimen artifiziala hainbat alorretan sartua da: osasungintzan, hezkuntzan, industrian, komunikazioan eta ikerketan. Informazioa aztertzen, lan batzuk erresten eta aterabide berriak aurkitzen lagun dezake. Baina galdera nagusi bat gelditzen da: nola egin teknologia horrek pertsonaren zerbitzuko lan egin dezan?
Hori da Magnifica Humanitas entziklikaren hirugarren kapituluaren kezka nagusietako bat. Leon XIV.ak ez du teknika berez gaitzesten. Asmakizunek eta aurkikuntzek denen ongia susta dezakete. Arazoa sortzen da eraginkortasuna (efikazitatea) erabaki guzien neurri nagusi bihurtzen denean, teknikak daitekeena beti ongi zer den baleki bezala.
Makina batek milaka datu (données) konpara ditzake zenbait segundotan. Baina ezin du jende baten aberastasun osoa ordezkatu: pertsona baten historia, kontzientzia, harremanak ere jokoan dira. Osagarrian, hezkuntzan, justizian edo langileen hautaketan, garrantzitsua da jakitea nola hartu den erabakia, zertan bermatzen den, zer eragin duten eta nork bere gain hartzen dituen ondorioak.
Batzuen esketan
Entziklikak botere digitalaren kontzentrazioaz ere ohartarazten du. Teknologia batzuk baliabide handiak dituzten erakundeek garatu eta kontrolatzen dituzte. Datuak, informazioak ontasun ekonomiko bihurtzen dira, baina erabiltzaileek ez dakite beti beren informazioa nola bildu eta erabiltzen den. Pertsona ahulenek erabaki automatizatuen ondorioak paira ditzakete, horiek ulertzeko edo auzitan ezartzeko hauturik gabe.
Beste galdera bat gizakiari buruz dugun ikuspunduri lotua da. Zertan neurtzen da pertsona baten balioa? Haren bizkortasunaren, oroimenaren edo lanaren arabera neurtzen badugu, zer leku emanen diegu ahuleziari, adinari, eritasunari? Kristau ikuskeraren arabera, pertsonaren duintasuna ez da neurtzen ahal makina bat balitz bezala. Ahulezia ez da ezabatu behar den hutsa: gure izaitearen parte da, eta besteengandik hartzeko eta besteei emaiteko aukera eskaintzen digu.
Horrek ez du berrikuntzari uko egin behar zaiola erran nahi. Teknologia zuhurtziaz gobernatu behar da: garbi jokatuz, datuak babestuz, ondorio sozialak aztertuz eta zuzenkontrako erabakien aitzinean errekurtsoak eskainiz.
Galdera zehatzak egin behar ditugu: nori egiten dio mesede berrikuntza honek? Nork paira ditzake haren ondorio txarrak? Zer leku uzten die giza eskubideeri, harremaneri eta askatasunari?
Aitzinamendua ez da makinen ahalmenean bakarrik neurtzen. Bizia gerizatzeko, ahulenak zaintzeko eta pertsona bakoitzaren berezitasuna errespetatzeko dugun gaitasunean ere neurtzen da.
Gogoeta frango sustatzen
Entziklika horrek interes handia sortzen du eta ez bakarrik giristinoen artean. Euskal Herrian hala nola Baigorri eta Garazi aldean bilkura batzuk antolatu dira testu horren hobeki barnatzeko eta gogoetatzeko (ikus beherago). Hala nola joan den astean bilkura batean partekatu diren esperientzia batzu. Filosofia erakasle batek erraiten digu adimen artifiziala baliatzen duela ikasleen lanen hobeki segitzeko. Apez batek ere erraiten zigun euskarazko liturgian laguntzen duela itzulpenen egiten eta dokumentu batzuen sortzen. Baina denek erraiten zuten ez dela eskua galdu behar eta zuhurtziaz erabili behar dela.
Bilkuren egutegia:
Abenduaren 18an, Donibane Garaziko parropiako gelan
Urtarrilaren 15ean, Baigorri Biletxean
Otsailaren 19an, Donibane Garaziko parropiako gelan
Martxoaren 19an, Baigorri Biletxean
Bilkura 8:00etan hasten da eta 9:30etan xuxen bururatzen.




