Mundu zabalean | 2026ko Azaroaren 26a
Amazoniako populuak trabatuak
Menane Oxandabaratz
Amazonian herritar anitzek kanpotik etorritako inbasioaren ondorioz, oihan mozteen, ustiatzeen eta droga trafikoen mehatxu pean bizi behar dira. Piripkura eta Kawahiva do Rio Pardo bi populu indigena dira, Brasileko Amazoniako oihanetan bizi direnak.
Piripkura
Piripkura lurraldeak 230.000 hektarea hartzen ditu eta Brasilgo Mato Grosso estatuan kokatua da. Piripkurak jatorriz herri nomadak dira, 1950eko hamarkadaz geroztik, beren lurraldea inbasio eta ustiapen agro-ekonomikoaren helburu bihurtu zen, sarraski anitz jasaiten dituzte.
1984an, Rita Piripkurako emaztearen familiaren zati handi bat suntsitu zuten, sarraskietatik bizirik atera zen, Indigenen Herrien Fundazio Nazionalak (FUNAI) salbatu zuen. Rita da kanpoko munduarekin harreman erregularra atxikitzen duen piripkura herritar bakarra, besteak oihan tropikaleko eremu trinkoenetan bizi dira.
2020an, Piripkura lurraldeak oihan suntsitze handiena jasan zuen, Brasilgo beste herri isolatuetan bizi diren lurraldeetako jendeak baino. Hegazkinez hartuak izan diren irudiek erakusten dute bazterren xehatzea abiadura kezkagarrian doala. Legez kanpo atzerritik etorri jendeek eremua okupatzen dute eta oihanen suntsitzen ari dira. Indigenen lurraldean agro-industria masiboki plantatu da, bai eta beste aktibitate batzuk. Egurra garraiatzeko bideengatik funtsak andeatuak dira.
Amazoniako guneak mehatxatuta jarraitzen du, batez ere lur ilegalen jabetzearengatik. Hor bizi direnen eremua zaintzeko prozesu judizialak badira, baina erabakiek atzerapena hartzen dute. Piripkura lurraldea identifikatzeko eta mugatzeko, 1985eko irailean lan-talde bat sortu zen ikerketak egiteko ardurarekin. Berrogei urte berantago lurralde horren aitortza ofiziala lortzeko administrazioak ez du oraindik erabakirik hartu.
Kawahiva do Rio Pardo
Hortik hurbil, beti Mato Grosso eskualdean, Kawahiva do Rio Pardon beste talde indigena isolatua bizi da, beren eremua administrazioak finkatzeko erabakiaren beha dira. Kawahiva do Rio Pardoko lekuko herritarrak oihanaren menpe dira. Bizitzeko arrantzatzen eta ihiztatzen dute, batez ere basurdeak, tximinoak eta hegaztiak. Oihanetan bertakoek babeslekuak eraikitzen dituzte, “tapiris” deituak, fruituak eta intxaurrak biltzen dituzte eta zuhaitzetan eztia biltzeko manera badute. Hamarkadetan zehar, kanpotik jin egurgileek eta kabala hazleek Kawahivako herritar anitz hil dituzte, eta beste batzuk inbaditzaileen kutsadurengatik eritasunenez hil dira.
Indigenen lurrak hartuak
Bi erreserba hauetan delitu anitz erregistratuak dira, bereziki oihanetan eta lur jabetzetan, ingurumen arazoak ere sortzen ditu.
FUNAI, Brasileko politika indigenaz arduratzen denak, Kawahiva eta Piripkura herrien existentzia baieztatu badu ere, lur eskubideen aitortza ofiziala ez da lortua, erabakia beti gibelatua delako, burokrazia eta juridiko errekurtso legalek trabaturik. 2016an, indigenen erakunde desberdinen eta Survival International herri indigenen eskubideen aldeko mugimenduaren presio pean, berrikitan Justizia Ministerioak lurraldearen okupatzeko mugak ezartzeko agindua eman du, urrats garrantzitsua. Halere, oraindik prozesua geldirik da, Amazoniako lur eremua babesteko promesak eginak badira ere.
Joan den urtean, Lehen Instantziako Auzitegi Federalak Kawahiva herri isolatuak jasaiten duen “genozidio arriskua” aitortu du eta indigenen lurraldea fisikoki mugatzeko agindua eman du. Epaitegiek jada erabaki zuten lurralde horren zaintzea, oraindik erabaki horiek bete gabe gelditzen dira.
Noiz arte?
Bi kasu hauek argi erakusten dute Mato Grosso estatuko indigenen herri isolatuen mugatzeko prozesua motela dela, ez dela egiazko neurririk hartua. Piripkurrek 40 urte eta kawahibarrek 26 urte hauetan igurikatzen dute justiziak erabaki bat har dezan. Isolatuak diren populazio hauek biziraupenerako oihanen menpe dira. Eremuen mugatzeko gibelatzea ez da bakarrik ilegala, populazio horien bizitzak arriskuan jarriak baitira.
Indigenen herrien eskubideen kontrako eraso handi baten testuinguru politiko honetan, lurren mugatzeko prozesu ofiziala bururatzea funtsezkoa da, segurtasun juridikoa eta babes iraunkorra bermatzeko.
Narkotrafikoa
Oihan suntsitzetan droga trafikoaren susmoak ere badira. Lurraldean pista ilegalak seinalatuak dira. Uztailean, hegazkinez ikusi ondoan, Colniza ondoan, poliziak baserri batean droga fabrika aurkitu du. Amazonian droga trafikoa fenomeno nagusia bihurtu da. Kokainaren ekoizteko talde kriminalek eta talde armatuek oihanetan bideak eraiki dituzte, ingurumenean desmasiak eginez eta indigenak mehatxatuz.
Krimen kontrol hori orain Amazoniako lurralde osoan hedatzen ari da, Brasil, Kolonbia, Peru eta Bolivia barne. Koka lantzeko, aireportu sekretuak eraikitzeko, droga ekoizteko edota hazkuntza estentsiboentzat oihanak aurtikiak dira, bertako jabeen lurrak lapurtuz.





