Herriz Herri - Sara (L) | 2026ko Azaroaren 26a
Sarako Izarra Pilota eta Kirolak
Ganex
Sarako Izarra Pilota
Hazilaren 20an, arratsarekin, Pleka trinketean iragan da biltzar nagusia. Denetara, 70 bat lagun presente ziren. Denis Endara lehendakariak deneri ongi etorria egin eta urteko bilana eman du. Hamar final jokatu dituzte eta zazpi irabazi. Euskal Herriko Batzordean hiru final jokatu dituzte eta bat irabazi, Frantziako txapelketan hiru jokatu eta bat irabazi, eta Pilotariak eta Mentegia lehiaketetan lau jokatu eta laurak irabazi. Pilotari bat Euskal Selekzioan ere aritu da.
Denetara, 89 pilotari badira. Partidak Sarako eta Amotzeko trinketetan jokatzen dituzte, ezker paretakoak Azkainen, eta errebotean herriko plazan eta Omordia polikiroldegian. Esku-huska Daniel eta Mattin Mariluz dira hezitzaileak, eta xisterakoan Guy Mounho. Txapelduneri eta finalisteri txeke bana eman diete.
Gero, udako manifestaldiez mintzatu dira. Bertze elkarteekin ongi aritu dira lanean. François Chaulet diruzainak eman ditu kontuak. Lan anitz egin behar dela erran du, baina udako manifestaldi horiek diru laguntza handia ekartzen dutela azpimarratu du. Herriko Etxetik, lantegietatik eta borondate oneko jende anitzengandik ere laguntza ukan dute. Horretako, kontuak positiboan dituzte.
Lehendakariak eskertu ditu pilotariak, bere bulegoko kideak, entrenatzaileak eta buraso guziak. Bilkura bururatzeko, oraingo bulegokoek opari bat eskaini diete lehengo bulegokoeri. Ondotik, pintxoak eta edatekoa izan dira denentzat, haur eta heldu, dena umore onean.
Bulego berria:
Lehendakaria: Denis Endara
Idazkariak: Maite Goyeneche eta Aurelie Berasategui
Diruzaina: Fançois Chaulet
Kideak: Arribillaga Eneko, Jauregui Iñaki, Lekuona Aritz, Mounho,Guy, Iribarren Unai, Sancinena Jakes, Indaburu Gaelle eta Urrutia Borda Edurne.
Kirolak
Pilota – Esku-huska trinketean: Lehen mailan, Iribarren Unai eta Lecuona Aritz irabazle, 40-37, Zaharrer Segiren kontra. Bigarren mailan, Etxeberri Pacheco Manex eta Zozaia Eñaut galtzaile, 40-19, Zaharrer Segiren kontra. Hirugarren mailan, Alfaro Ellande eta Irazoqui Iñaki galtzaile, 40-32, urruñarren kontra. Laugarren mailan, Elizalde Lauran eta Etxabide Olazabal Beñat irabazle, 40-33, Lau Herriren kontra. Artekoetan, Berasategui Unai eta Semerena Eneko galtzaile, 40-27, Mauleren kontra. Gaztetxoetan, Goyeneche Mikel eta Berasategi Andde irabazle, 40-21, Zaharrer Segiren kontra. Andueza Aguirre Peio eta Baeyre Battit galtzaile, 40-8, kanboarren kontra. Kimuetan, Lafitte Mattin eta Lefranc Koskarat Gilen galtzaile, 40-6, Zaharrer Segiren kontra.
Errugbia – Sarak 25-19 irabazi du Zibururen kontra. Heldu den igandean pausatuko dira.





