Gure Hitza | 2026ko Azaroaren 26a

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean Baionan.

Euskalgintzak beti ukan ditu zerbitzari handiak. Joan den larunbat goizean, hain zuzen, horietarik bat omendua izan da Uztaritzen, Uzta Hitzan festibalaren karietara. Daniel Landart ohorezko euskaltzaina eta kulturgile suharra goretsi nahi izan dute Euskaltzaindiak eta Euskal Kultur Erakundeak. Handizki merezi zuen, bizi osoan euskararen eta euskal kulturaren alorretan egin duen lan emankorrarentzat, literaturan, antzerkian, kantuan eta beste. Gutartean genuen Daniel, aurpegia airos, nahiz osasun arazoek ez duten bakean uzten. Hitzaldi suhar, irakurraldi antzeztu, kantu, film zati, Danielen iturritik gogotik edan dugu, gela nasaiaren bete bildua zen publikoak beroki txalotzen zuela.

Euskararen zerbitzari handi bat omendu badugu, zenbait egun lehenago haatik beste bat betirako joan zaigu: Aita Martzel Etxehandi fraide beneditarra (94 urte). Gizon maitagarria zen, jakitate handikoa eta aldi berean umila. Askotan gurutzatua izan dugu, mendiko airea ere harekin harturik, mendizale amoratua baitzen, ahal zueno. Maisu bat galdu dugu. Euskara itsutuki maite zuen, Biblia guzia euskaratzeraino, horretarako hebrearra, aramearra eta grekoa ikasirik. Obra erraldoia. Handizki maitatua zen eta adiskideak bazituen nonahi. Gazteek ez badakite Martzel Etxehandi bat izan dela ere, guk segurik luzaz atxikiko dugu gogoan eta bihotzean. Eta gogoan ere, azken puntan jakinik, pausatu berri den Claude Labat kulturgile sutsua, Lauburu elkartean Aita Martzelen kide izandakoa.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016