Orotarik | 2026ko Azaroaren 26a

Kukumarro

Xarles Videgain

Bularrak eta ugatzak (1)


Bularra eta bularrak aipatu behar ditut egun, eta gero bularra eta ugatza ere, nahiz ugatz hitza ez den hainbeste ezagutzen ez eta erabiltzen. Titiek ere hitz bat hartze dute.

Bular Euskal Herri osoan ezagutzen den hitza da, diferentzia gutirekin leku batetik bestera, ezen bular gabe, bulhar, buler, budar eta burar ere badaude. Bularrak zentzu bat baino gehiago baditu nahiz zentzu horiek oro elkarri lotuak diren.

Lehenik, gorputzaren gaineko eta aitzineko partea, jendeetan nola abereetan (ugaztunak deitzen diren animaleetan preseski) bularra deitzen da eta frankotan bularrak aipatzen dira, pluralean. Haatik, abereak aipatuz gero, esnea ematen duen organoa kabaletan ez da bular deitzen, errapea da. Itsusi eta arrunt da errapea erraitea jendeetan. Aski bortizki Lizardi idazleak diferentzia egiten du: Amaren bularretik haziak gaude behintzat... Zuek, berriz, iñork ba al daki nongo errapetik edoski zenuen?

Gorputzean bular-hezurra bada hala nola sternum-a jendeetan, eta xorietan, urzoetan, erdaraz “bréchet” edo bulhar-exurra. Horra Jean Etxeparek zakurraz dioena: zakurra aphala zen, xuri eta beltz, bulharrak zabal, oinak labur bezain lodi. Edo/eta: zezenak zaldiaren bularrak zilatu ditu adarrukaldiz. Edo ezpata sartu dio bularretan. Edo besoak bularraren gainean gurutzatzen ditu edo “eman da belauniko, bi besoak gurutze bularren gainean”. Edo: bularretik harrapatu du, nahiz “papotik, petxutik, galtzarretik” erraiten den. Kasu horietan guzietan, zernahi gisaz bularra da aitzinean den oro eta ez bakarrik titia duen partea.

Gorputzaz kanpo ere entzuten da: Martxoa buztanaz, apirila bularraz erran nahi baita martxoaren ondar partean eta apirileko hastapenean gertatzen ohi dela aro gaitza. Hilabetearen bularra da lehenik aitzinean jiten den denbora. Etxegintzan ere bada etxe-bular, eliza-bular, eihera-bular. Nik uste oinbular, eta imular entzun dut eta uste dut zangoaren orkeia dela, hots gaineko eta aitzineko partea. Aitzineko dela adierazten du mintzatzeko manera zaharrak: Gibel ekaitzari, bular aldi onari.

Urrun joan gabe, beste zentzu bat ohi dauka bular hitzak, emaztearena bularra bereziki aipatzen duelarik, nahiz gizonak ere bularrak badituen naski. Oihenart idazleak bere maitearen ederra laudatzen du erranez: Hortzak, lepo, bularra / elurra bezain xuri. Erdaraz gehienetan “sein” deitzen da eta latinez sinus hitza da, hots, plegu bat egiten duena anatomian Sendimenduen egongia omen da bihotza bezainbat. Gordinki erraiten da norbail ibili dela bularrak agerian, Ez nuen ezagutzen ondoko irudia: zure bi bularrak dira orkatzaren bi ume biritxiak bezala.

Apeza edo kantaria ez izanik ere ez nagoke Santa Ageda laburzki aipatu gabe bularrez mintzo garenez gero. Erlisioneak oroitarazten duen bezala Santa Ageda torturatu zuten eta kantuak dio: Bularrak ere errotik trukesez zaizkio kenduak. Eta kantua aitzina doa gau hartan gertatu omen zen mirakulu famatuaz erranez:

Ondoren, bular bat ebakita

Uzten dute urratua

Bainan Jainkoak gau hartan

Bihurtu zion bular mindua

Beraz, bularra berriz itzultzen dio Jainkoak eta ez da harritzeko unideak, haurra hazten duten amak, bularretako mina dutenak bere gerizapean hartzen dituela Santa Agedak: sinestea aski hedatua izan da.

Bularra ere aipatzen da janari emaile gozo bezala. Konparazione, entzun daiteke: zuek zaretela / bular onak edanak. Beraz bularrak esnea dakar. Baina beste zerbait ere bai. Euskara ttipidanik ikasi duenaz erraiten da: Euskara aldiz amaren bularrean zelarik erran ditake esnearekin batean xurgatua zuela. Baina esnea dela eta, bular bera edoski duen haurra bular-anaia, bular-ahizpa edo bular-arreba deitzen da (gutitan halere).

Zentzuaren aldetik titiak eta ugatzak beste behin.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/11/26

Haziak Mintzo

Arretxeko 6. ak (elebidunek prestatua, denen izenean)

Haziak%20Mintzo

Arretxea kolegioko 6.eko ikasleok egin dugu urteko ateraldi ttipia

Senperetik Gipuzkoarat joan gira 3 egunez oporrak aitzin, urriaren 12, 13 eta 14an. Integrazio bidaia da guretako, elkar hobeki ezagutzeko, anitz nahasi gira joko edo bisitendako. Hondarribiko alde zaharrean lo egin dugu aterpetxe eder batean. Gure bidaiako gaia “Euskaldunak eta itsasoa” zen. Bisita asko egin ditugu 3 egunez: Pasaiako Albaola museoa, Erlaitza museoa, kostaldeko jendek edo arrantzariek itsasoarekin duten harremana ulertzeko. Donostiako akuarioan ere izan gira, handia da, ederra eta arrain mota desberdin anitz deskubritu ditugu. Eguraldi biziki ona ukan dugu, xantza bat! Pista joko bat egin dugu, irringarria eta enigmak atxeman behar ziren. Ibilaldi luzea ere kosta eta patarretan gaindi: batzuk biziki akituak ziren baina denek lortu dugu eta bikain zen.Ganbaretan eta memento libroetan ere irri asko egin dugu eta jokoak ere egin ditugu, zozokeria batzuk ere baina ez ditugu kondatuko…...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/11/26

Itsas Bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Ikasleak zineman (PLK)
Ikasleak%20zineman%20(PLK)

Bidasoako Nazioarteko Zineman ziren gure ikasleak

Azaroaren 17an, asteartez, kolegioko 4. eta 3.eko hamabost ikasleko multzo batek Bidasoako Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdiaren 26. edizioan parte hartzeko aukera izan zuen, iaz Nahiera Egunetan eramandako proiektua borobilduz. Izan ere,ikasleek beren ingurunetik hurbil dagoen arkeologia edo historia-ondarea sustatzeko eta ikus-entzunezko baten bidez zabaltzeko aukera ematen duen ARK-MO ekimen honetan,Senpereko Kattalin Elizalde Ikastetxeko ikasle batzuekin batera, ikasleek sortutako film laburra proiektatua izan zen Irungo Amaia Kultur Zentroan, gaia sorginkeria izanik. Bertan, Irungo hainbat ikastetxe ezberdinetako ikasleak bildu ziren eta gure ikasleek haien lana aurkezteaz gain, arkeologiaz asko ikasteko parada izan zuten, amaieran arkeologiari buruzko solasaldia izan baitzen.


...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/11/26

Finalerako bidean…

Menane Oxandabaratz

Aitor Mendiluze ganbarako gaiaren entzuten
Aitor%20Mendiluze%20ganbarako%20gaiaren%20entzuten

Finalerdien fasean sartuak gira, 18 bertsulari lehian badira, finalerako 7 leku baizik ez dira izanen, Maddalen Lujanbio oraingo txapelduna zuzenean sartuko baita. Aner Peritz, Maddi Ane Txoperena, Ane Labaka, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi bertsulariek lehen aldizkoz finalerdietan parte hartzen dute.

Donostian Aitor Mendiluzek irabazi du saioa 760 punturekin, 3.000 bertsuzaleen aitzinean. Zozketak erabaki ordenan sartu dira bertsulariak Ander Aranburu Arriola gai-emaileak gidaturik. Ganbarako ariketan “Sortu den isiltasuna apurtzea erabaki duzu” gaiaren inguruan bertsu xoragarriak eta hunkigarriak entzun dira.

Horra puntuazioa:

Aitor Mendiluze 760

Joanes Illarregi 729,5

Aner Peritz 719

Julio Soto 696,5

Agin Laburu 695,5

Saioa Alkaiza 670.

Asteburu honetan Gasteizen ariko dira: Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Jakin da abenduaren 20an...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/11/26

Aita Martzel Etxehandi beneditarrak utzi gaitu

Peio Jorajuria

Aita Martzel Etxehandi Eiheralarren 2007an (Peio Jorajuria)
Aita%20Martzel%20Etxehandi%20Eiheralarren%202007an%20(Peio%20Jorajuria)

Euskaltzale handi bat galdu du Euskal Herriak. Aita Martzel Etxehandi beneditarra zendu da Belokeko monasterioan, joan den astean, 94 urtetan. Eiheralarre Kondixenean sortua 1932an, sei haurridetako familia batean, Josep Etxehandi Gezanburu, geroago Martzel izena hartuko duena fraide gisa, oso gazterik sartu zen Belokeko eskolan, Jean bere anaiaren segidan, hau Aita Ignace izenarekin ezagutua eta duela bi urte zendua. 1951n egin zituen fraide botoak eta 1957an apeztu zen. Monasterioko ikastetxean irakasle lanetan ari izan zen hamar urtez. Diozesako Arte Sakratuaren batzordeko kide bilakaturik, lan anitz eraman zuen eliza askoren zaharberritzea gidatzen. Halaber hilerrietako harri biribilen babesten Lauburu elkartearekin. Bestaberriren ohiturak ere errotik ikertuak zituen.

Biblia euskaraz: obra erraldoia

Vatikano II. Kontziliotik landa, liturgiako testuen euskaratzen lan handia eraman zuen. Eta, bere biziko lan erraldoiena, 1969tik aitzina Bibliaren...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/11/26

Claude Labat, euskal ondarearen lekukoa

Irati Esparza Guimon eta Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendari ohia

Claude Labat
Claude%20Labat

Claude Labat historialari eta idazlea azaroaren 20tik 21erako gauean zendu da, 79 urtetan. Ortesen sortua, bi urte zituela etorri zen familiarekin Baionara. Haurdanik bi hizkuntza ukan zituen etxean, euskara aitarengandik eta gaskoina amatxirengandik.

Irakurri segida


3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016