Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Azaroaren 26a

Familien meza, Kermeza, Uzta Hitzan festibala, Tailer berri, Kantaldi eta Pilota

Beñat Soulé

Béranger parropiako arduradunekin
Beranger%20parropiako%20arduradunekin

Familien meza

Heldu den igandean, abendu denboraren hasierarako, familien meza emana izanen da Uztaritzeko elizan (10:30). Katixima segitzen duten haurrak gomit dira beren guraso eta hurbilekoekin parte hartzera. Meza denbora horretan ere lau katekumeno helduek eginen dute beren lehen urratsa bataioari buruz.

Kermeza

Azaroaren 8an iragan da kermeza, joan den udatik gibelatua izan zena. Egun horretan gurekin genuen Béranger Mabounda apeza, gurekin hiru urte pasa eta Biarnoko Monein herrira izendatua izan zena joan den primaderan. Kermezako meza, “Labourdins” elkarteko musikariak lagun, berak eman du. Erran daiteke Biarnora joanez geroz, bere mintzaldietan ez duela talenturik galdu beti paper eta mikrofonorik gabe. Uztaritzeri azken adioa zuen eta egun horretan bere urtebetetzea zen. Meza ondotik parropiako arduradun batzuek eskerrak eman dizkiote, mintzaldi eta opari eskaintza bidez. Bazkari denboran, loterian emanik bazen xingar azpi bat. Honen irabazleak esker onez eskaini dio Beranger apezari. Arratsaldean zehar mus lehiaketa ere ongi joan da. Suertea hor ere iragan urteko txapeldun berak direla nagusitu, Maialen eta Maiena (11 urte) Fourrageat ama-alabak. Denak pozik gelditu dira heldu den urteko kermezaren esperantzan.

Uzta Hitzan festibala

Hitz hauek irakurtzean festibala aitzinatua izanen da. Gelditzen diren ekitaldiak:

- Ortzeguna 26: “Xamar Biziaroak Herri kultura” mintzaldia Ikas elkartearen eskutik (15:00) eta ”Nokaren higatzea Ortzaizeko adibidea” Ana Jaunarenaren mintzaldia, Hitzopen gaztetxeak antolatua (19:00).

- Ortzirala 27: “Lurdes Iriondo ez gera alferrik pasako” film dokumentala, Herri Soinu elkartea antolatzaile (19:00).

- Larunbata 28: “Jolasteko garaia da” Jokorin elkartearekin, 6 urtez goitiko guzieri idekia, Denak Lapurdi gelan (10:00).

- Abenduak 3, ortzeguna: egun osoan kontzertuak izanen dira Kiroletan: “Gurashow”, Amaia Riouspeyrous, Kattalin Indaburu, Magui Mirande, Maider Cigarroa eta Philippe Alborrekin. Eskoletako haur guziak gomit direla euskararen eguna ospatzera. Festibal bukaera on guzieri.

Tailer berri

CCAS herriko ekintza sozialen zentroak, ASEPT erakundearekin partaidetzan, tailer berri bat proposatzen du 55 urtez goitiko jendeeri idekia, “Nire teilatupean” izendatua. Tailerraren helburu orokorra bizitegien, ongi izanaren eta osasunaren arteko loturen ongi ezagutzea da, airearen kalitate on batean egunero sanokiago bizitzeko. Tailer horretan emanak izanen dira aholkuak energian ez behar baino diru gehiago gastatzeko, bakoitzaren budgeta errespetatuz. Bost ekitaldi izanen dira azaroaren 17tik abenduaren 15era, astearte goizetan Apalaga gelan (9:30-11:30). Tailerra idekia da egundaino egin ez duenari, parte hartzaile bakoitza engaiatuko dela ekitaldi orotan parte hartzera. Argitasunentzat eta izenak emaiteko helbideak dira: ccas@ustaritz.fr eta telefonoz: 05-59-93-38-91.

Kantaldi

Heldu den igandean kantaldi kontzertua antolatua da Jondoni Bixintxo elizan (17:00). Lehen partean Lapurtarrak herriko abesbatza izanen da eta ondotik Baionako Enara emazte abesbatza. Sartzea 10 eurotan finkatua da. Ongi etorri deneri.

Pilota

Ezker-paretetan Euskal Herriko txapelgoak joko garbin segitzen du beti. Kapito Harriren azken emaitzak: gaztetxoen mailan bi galtze: KH 12 Hardoitarrak 40 eta KH 37 Hiriburu 40; gazteen mailan hiru garaipen: KH 40 Donapaleu 12, KH 40 Zubieta 3 eta KH 40 Kanbo 8; Helduetan A taldea: KH 40 Baigorri 31; B taldea: KH 29 Baigorri 40 eta KH 40 Senpere 17; C taldea: KH 40 Donapaleu 10; D taldea: KH 17 Senpere 40 eta KH 40 Ortese 30. Suerte on ondoko partidentzat.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016