Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Azaroaren 26a

Urruña aldizkariaren 8. zenbakia salgai, Prefetari euskararen aldeko gutuna, Urruñako ikastola kexu, “Muguruza FM 40 Tour” dokumentala eta Adindunendako galdetegia

Joseba Aurkenerena

Urruna%20aldizkariaren%208.%20zenbakia%20salgai_%20Prefetari%20euskararen%20aldeko%20gutuna_%20Urrunako%20ikastola%20kexu_%20Muguruza%20FM%2040%20Tour%20dokumentala%20eta%20Adindunendako%20galdetegia

Urruña aldizkariaren 8. zenbakia salgai

Jadanik salgai da Urrunaga elkarteak urtero plazaratzen duen Urruña aldizkariaren 8. zenbakia. 175 orrialde ditu, kolorez, eta gehien-gehiena euskaraz dago. Aldizkaria aurten 100 urte bete dituen Urruñarrak Pilota elkarteari eskainia da. Betiko ataletan banatua da: ama-lurra, historia, euskal kultura, gizartea eta literatura. Aldizkariaren xedea, sortu zenez geroztik, beti izan da euskara eta euskal nortasuna bultzatzea, baina Urruñan oinarrituz; hori dela eta, gai nagusia Urruña eta urruñarrak dira, eta idazleak urruñar auzoak edota Urruñari buruz idatzi dutenak dira. Herrian ezagunak diren pertsonek izenpetzen dituzte artikuluak: Daniela Albizu zena, Ixabel Etxeberria, Oihana Teyseyre Koskarat, Edurne Alegria, Ttotte Etxebeste, Beñat Sarasola, Nikolas Goñi, Imanol Ameztoi, Sustrai Colina, Xerar Urrutia, Xanpun zena, Odei Barroso, Irati Alcantarilla, Joseba Aurkenerena, Battitt de Ezkurra, Beñat Albizu… Beraz, Urruñan bada euskal harrobia. Aldizkaria herriko ostatu eta saltegietan erosten ahal da, eta azaroaren 29an, igandez, salgai izanen da Loraldiberri Liburu eta Disko Azokan, Urrunaga elkarteak ezarriko duen salmahaian. Prezioa: 12 euro.

Prefetari euskararen aldeko gutuna

Ehundik goiti auzapez, parlamentari eta kontseilarik hitzordu bat galdegin diote prefetari Frantziako estatuak euskararen alde egin dezan eskatuz. Urruñako Sebastien Etxebarne auzapezak gutuna izenpetu du.

Urruñako ikastola kexu

Urruñan arranguratuak gira, Urruñako ikastola arriskuan ikusten dugulako eta, ondorioz, herrian euskara hilzorian geldituko delako. Argi eta garbi mintza gaiten: Urruñako Herriko Etxeak ikastolari ematen dizkion diru-laguntzetan murrizketa nabarmenak aurreikusten ditu. Aurreikusitako neurrien artean, besteak beste, gaur egun ematen den izaera sozialeko diru- laguntza hiru urteko epean pittaka-pittaka desagerraraztea aurreikusten da. Horri haur bakoitzeko “forfait komunala” nabarmen murriztea gehitu behar zaio. Bistan da murrizketa horiek ondorio zuzenak izanen dituztela ikastolaren funtzionamenduan, hezkuntzaren kalitatean, haurren ongizatean eta euskararen transmisioan. Abenduaren 7an, herriko kontseiluan bozkatuko dituzte iragarri murrizketak, eta ikastolak egun horretarako elkarretaratze handi batera deitzen du Herriko Etxe aitzinean.

“Muguruza FM 40 Tour” dokumentala

Azaroaren 25ean, igandez, Fermin Muguruzari buruzko dokumentala emanen dute Itsas Mendi zinetokian (20:00). Muguruzak berak aurkeztuko du. Lehen aldiz eszenatoki batera igo eta lau hamarkada geroago, Fermin Muguruzak eskala handiko bere azken birari ekin dio: 40 urteko musika, konpromiso eta erresistentzia kulturala ospatzeko bidaia kolektiboa. Dokumental musikal honek ibilbide horren lekukotasuna jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi, gaur egungo bakarlari ibilbideraino. Horixe da dokumentalaren nondik norakoa. Prezioa: 7 euro, haurrendako 4,50 euro. Informazioa: 05-59-24-37-45.

Adindunendako galdetegia

Urruñako Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak (GEUZ) adinekoen beharrei buruzko galdetegi bat egin du. Urruñako GEUZek, Goxo Toki animazio zerbitzuaren bidez, hilabetero jarduera programa bat eskaintzen die adinekoei, topaketak, trukeak eta lotura soziala bultzatuz. Galdetegi honek parada ematen dio Adineko Guneari bere ekintzak eta zerbitzuak egokitzeko, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Anonimoa da eta zure datuak galdetegian bakarrik jasotzen dira. Galdetegia paperezko formatuan Herriko Etxeko harrera-bulegoan atzeman daiteke.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3859. zbk

Gure Hitza | 2026/11/26

Euskara eta zerbitzari handi agurgarriak

Peio Jorajuria

Euskalgintzak Baionako karrikak gainezka bete ditu joan den larunbat arratsaldean. Euskal Konfederazioak joa zuen deiadarrari ihardetsi dute 7.500 euskaltzalek, parasola pean. Euskara gero-eta itoagoa delarik hemen gaindiko erdal munduaren baitan, eta frantses estatuak eraso gero-eta mingarriagoak egiten dizkiolarik euskarari, prefetaren eta suprefetaren bidez bereziki, ezinbestekoa genuen gure mina oihukatzea. Hautetsiak ere hor zeuden saldoan, Herriko Etxeek eginiko euskararen aitortzaren auzipetze sistematikoa salatzeko eta hala ere deliberatuki aitzina joko dutela errateko, koofizialtasunaren bidetik doan euskararen aro berri bat eraikitzeko xedez. “Frantziak bere DNAn dakar jakobinismoa” du berrikitan errana Alain Lamassoure politikari ohiak. Hala ere, “denen artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzea”, hara zer esperantzazko mezua duen zabaldu Sébastien Castet Euskal Konfederazioaren koordinatzaileak larunbatean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016